Download as doc, pdf, or txt
Download as doc, pdf, or txt
You are on page 1of 3

BASOKO LOTI EDERRA

Behin batean, lurralde urrun batean, amets guztiak bete zitzaizkien errege-erreginari, oso neskatila ederra, ilehorikoa eta begi urdinekoa jaio baitzitzaien. Gurasoak pozez txoraturik, ospakizun handiak antolatu zituzten. Urruneko dukeak eta kondeak, jakintsuak, herritar guztiak eta erresumako zazpi amandreak gonbidatu zituzten bertara. Bataioaren ondoren, jauregian bildu ziren denak, festa eder batean. Bazkalorduan, errege-erreginak opariak banatzen ari zirela, amandre gaizto eta zahar-zahar bat agertu zen, infernuko keaz inguraturik. Amandre zaharra ez zegoen gonbidatuta, horren zaharra zenez eta aspaldi inork ikusi ez zuenez denek uste baitzuten hilda zegoela. Mahaian tokia egin zioten baina, zoritxarrez, espero ez zutenez ez zegoen berarentzat oparirik. Hori dela eta, haserre eta gorrotoz beterik zegoen. Amandre gonbidatuetako bat konturatu zen horretaz eta adi jarri zen. Amandreetako bakoitzak dohain bat oparitu zion printzesa txikiari. Gazteenak, zintzotasuna oparitu zion; hurrenak edertasuna; hirugarrenak, musika-tresnak jotzeko trebetasuna; laugarrenak, urretxindorrak bezala kantatzeko ahalmena; bostgarrenak dotorezia; seigarrenak aberastasuna. Orduan amandre zaharrak, gonbidatu ez zutelako mendekatu nahian, esan zuen: Hamasei urte betetzean, goru baten ardatzarekin zulatu eta hil egingo da printzesa.

Eta besterik esan gabe, alde egin zuen jauregitik. Izuikaraz beteta gelditu ziren denak, baina zazpigarren amandreak egin gabe zeukan oraindik oparia. Ez zegoen bere esku madarikazio hura ezabatzea, baina bai leuntzea. Errege-erreginei begiratu eta esan zien: Zaudete lasai, zuen alaba ez da hilko eta. Lo sakonean geratuko da ehun urtez, eta horiek betetakoan errege-seme bat etorriko zaio esnatzera.

Errege-erreginak lur jota zeuden. Alaba madarikaziotik babesteko, erresumako ardatz eta goru guztiak erretzeko agindu zuten eta berriz halakorik erabiltzea debekatu. Denbora pasa ahala, amandreen esanak bete egin ziren: printzesa eder, jator, zentzuduna eta dohainez beterik hazi zen eta herritar guztiek maite zuten. Hamasei urte bete zituen egunean, batetik bestera zebilela, sekula ikusi gabeko dorre bat aurkitu zuen. Eskailerak igo eta bertan goru bat aurkitu zuen. Lehenengo aldia zen printzesak hura ikusten zuela, jakin-minez hurbildu eta ardatzaz ziztatu egin zen. Une horretan lurrera erori eta lo gelditu zen. Alferrekoak izan ziren ahalegin guztiak, Printzesa ez zen esnatu. Errege-erreginek gertatutakoa jakin eta amandre gaiztoaren mendekua gogoratu zuten. Errege-erregina atsekabeturik zeuden, eta tristura nagusitu zen jauregian eta erreinuan. Printzesa gela dotoreenera eramateko agindu zuten. Urre eta zilarrez inguratu, soineko ederrena jantzie eta ohe handi batean jarri zuten. Lo sakonak ez zion aldatu masailetako kolore gorria ezta ezpainetako irribarre bizia ere. Zoragarri zegoen, ederra eta osasuntsu ikusten zitzaion. Hori ikusita, amandreek pentsatu zuten ehun urte barru printzesa esnatutakoan oso bakarrik sentituko zela, ezagun guztiak hilik egongo baitziren. Horregatik, erabaki zuten beren makiltxo miragarriekin jauregiko biztanle guztiak ukitzea eta lo uztea: errege-erreginak, dama eta zaldunak, zerbitzari eta zaindariak, baita bertako animalia guztiak ere. 2

Sukaldean, su gaineko eper eta arkumeak lo gelditu ziren, eta sua ere lotan. Haizerik ere ez zebilen, bera ere lotan. Inor ez zen esnatu printzesa itzarri arte. Ehun urte igaro ziren. Aihenbelar eta landare igokariek erabat estali zuten gaztelua. Gertatuaren berri izan zuen printze gazte eta adoretsu batek, eta printzesa sorginkeriaren eraginpetik askatzea erabaki zuen. Printzeak ez zuen beldurrik eta jauregi inguruko basorantz jo zuen. Gaztelura sartutakoan izuturik gelditu zen: isiltasun beldurgarrian, hilik ziruditen zaldi eta zakurrek. Soldadu eta zaldunak ere lurrean, hilda bezala. Azalaren koloreak eta arnas hotsak bakarrik adierazten zioten lotan besterik ez zeudela. Azkenean, printzesaren urrezko logelara iritsi zen. Harri eta zur utzi zuen begi aurrean zeukan ikuskizun miragarri hark: Urre-zilarrezko ohe batean, inoiz ikusitako printzesarik gazte eta ederrena zegoen lotan. Hain polita zen, begirik ez zion kendu. Emozioz dardarka belaunikatu eta, ia oharkabean, muxu eman zion bekokian. Orduantxe, Loti Ederrak begiak zabaldu eta irribarre gozoa eskaini zion. Printzesa ohetik jaiki eta biak jaitsi ziren eskaileretan behera. Neska iragan ahala, esnatu egiten ziren denak. Errege-erreginak, dama eta zaldunak, denak itzuli ziren bizitzara. Zakurrak zaunka, zaldiak irrintzika, sua zirti-zarta eta haizea hosto artean firi-fara. Egun hartan bertan ezkondu ziren printzea eta Loti Ederra, eta zoriontsuak izan ziren betiko.

You might also like