Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 9

1-SARRERA

Lehen-lehenik aipatu behar da Lehen Hezkuntzan Gorputz Hezkuntzako (GH)


euskarazko programazio bat ez egotea eta argitaratutako programazioak Euskal
Autonomi Erkidegoko errealitatera egokitu gabe egotea izan direla arrazoi nagusiak
programazio-lana egiteko. Jakina denez, publikazio mailan oso urriak dira euskaraz
egindako lanak eta inolaz ere ez dute osatzen arloko etapa osoko programazio osoa.
Behin eta berriro sumatu da ikastetxeetan eta Gorputz Hezkuntzako mintegietan
gabezia hori.
Gainera, konpetentzia motorra oinarritzat duen programazio baten beharra nabari da,
begirada nagusiena arloaren muinean (konpetentzia motorrean) jarriko duen
programazioa, nahiz eta GH arloak beste konpetentzien lorpenean ere ekarpen oso
onuragarriak egin.
Horretaz gain, GH arloko programazioetan teoria eta praktiken arteko kontraesanak
eta koherentzia ezak antzeman dira. Nabaria da ildo pedagogiko baten beharra
dagoela.
Horregatik, curriculum berria (Heziberri) indarrean jarri den unea programazio
bateratu bat egiteko aukera ezin hobea bezala baloratu da, batez ere, lehenengo
aldiz konpetentzia motorra oinarrizko konpetentzia bezala izendatua izan delako.
Programazio eredua irakasleen esperientzia eta ezagutzatik abiatutako
proposamen bat da, irekia eta malgua. Irakasleon lanerako baliagarria izan
daitekeen euskarria da, beharrezko egokitzapenak egin ondoren, eskola errealitate
guztietara egokitu daitekeena.

2. GORPUTZ HEZKUNTZAKO PROGRAMAZIOAREN PROZESUA


Programazio eredu honek 2007. urtean izan zuen abiapuntua, aurreko curriculuma
indarrean jarri zen urtean. Lasarte, Leioa eta Durangoko mintegietako irakasleak izan
ziren hasiera eman ziotenak eta hainbat urteetako prozesu luze baten ondoren,
2015eko ekainean 36 unitate (6 unitate maila bakoitzeko) diseinatuta izatea lortu
zen. Egindako lan luzeari hizkuntza eta ildo pedagogiko aldetik batasuna eman
nahian, azken zuzenketak irakasle talde txiki batek egin ditu, eta programazio hau
izan da lorturiko emaitza.
Sortze lan honetan Alfredo Larraz Urgels-en laguntza izan dugu, baita une jakin
batzuetan Euskal Herriko Unibertsitatearena ere.

3.GORPUTZ HEZKUNTZAKO CURRICULUMA


Programazioa 236/2015 Dekretuan (Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu
eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena) oinarritzen da, Heziberrin hain
zuzen.
KONPETENTZIA MOTORRA: Autonomiaz, izaera kritikoz, sormenez eta
adierazkortasunez lantzea norberaren, gainerako pertsonen eta ingurune fisiko eta
kulturalaren jardun-eremu motorreko egoerak, eta jokabide motorra lantzen
laguntzen duten jakintzak, prozedurak eta jarrerak barneratzea, jarduera fisikoa eta
kirola egiteko ohiturak hartu eta, bizimodu osasungarri batean oinarrituta, ongizate
osoa lortzen laguntzeko. (HEZIBERRI)
KONPETENTZIA MOTORRA: Ezagutzak, prozedurak, jarrerak eta
emozioak integratzea jokabide motorrari eta azterketa kritikoari esker; eremu
motorreko egoera desberdinei arrakastaz aurre egiten jakiteko eta jarduera fisikoen
praktika-ohitura eskolatik kanpo eta helduaroan garatzeko. (SOHAT)

GORPUTZ HEZKUNTZAKO ETAPAKO HELBURUAK.


Gorputz Hezkuntza arloko irakaskuntzak konpetentzia hauek lortzea du helburu
etapa honetan:
1) Hautemate-gaitasunak eta gaitasun motorrak aztertzea, nork bere buruarengan
konfiantza izatea eta norberaren ongizatea sustatuz, osasunerako onuragarria izan
dadin.
2) Trebetasun eta gaitasun fisikoak garatzea, haurren eboluzio-prozesuarekin bat,
jolasa erabiliz, oinarrizko baliabide den aldetik.
3) Problema motorrak ebazteko printzipioak eta arauak ezagutzea, hautatzea eta
aplikatzea, jarduera fisikoak, kirol-jarduerak eta arte- eta adierazpen-jarduerak
praktikatzean eraginkortasunez eta autonomiaz aritzea, ahalegina erregulatuz,
dosifikatuz eta balioetsiz, eta norberaren aukeren eta zereginaren nolakotasunaren
arabera maila jakin batera iristea nork bere buruari ezartzen dion eskakizunean.
4) Euskal Herriko eta beste kultura batzuetako jolas-tradizioak, jarduera fisikoen eta
kirol-jardueren tradizioak nahiz adierazpen-tradizioak ezagutzea, haien balioak
errespetatzeko eta balioesteko, jolas eta adierazpen tradizionalak eta herrikoiak
praktikatuz.
5) Gorputzaren eta mugimenduaren adierazpen-bitartekoen berri jakitea, modu
estetikoan eta sortzailean landuz, haiek sentitzeko, bizitzeko eta onartzeko, eta
mugimendu propio baten bidez pertsonalizatzeko.
6) Jarduera fisikoa neurriz eta maiz egitearen garrantzia balioestea, norberarekiko
nahiz besteekiko erantzukizunezko jarrera erakusteko, eta ariketa fisikoak, higieneak,
elikadurak eta jarrera-ohiturek osasunean dituzten eraginak aintzat hartzea.

7) Jarduera fisikoetan parte hartzea, besteekin batera talde-harremanak sustatzen


dituzten proiektuak garatuz, eta aisia-kultura aberasgarri baten oinarriak eraikiz.
GORPUTZ HEZKUNTZAKO EDUKIAK.
Eduki multzoen ezaugarriak.
Lehen Hezkuntzari dagozkion adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak
eduki multzo hauetan sailkatu dira:
1. multzoa. Arlo guztietan komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako
edukiak.
2. multzoa. Norberaren ezagutza eta kontrola.
3. multzoa. Gorputz-adierazpena eta komunikazioa.
4. multzoa. Jarduera fisikoa eta osasuna.
5. multzoa. Kultura motorra: aisia eta denbora librerako hezkuntza.
1. multzoan, diziplina-arlo guztietan komunak diren prozedurazko eta jarrerazko
edukiak bildu dira. Oinarrizko zehar-konpetentziak gara daitezke haiekin lotutako
prozedurak eta jarrerak diziplina -arloetako bakoitzeko irakaskuntza- eta ikaskuntzaegoeretan aplikatzen diren heinean soilik.
2. multzoan (Norberaren ezagutza eta kontrola), hautemate-gaitasuna eta ahalmen
nahiz trebetasun motorrak garatzeko edukiak adierazi dira. Aipatutako gaitasun
horiek landuz, norberaren gorputza ezagutzea lortu nahi da, funtsezkoa baita
norberaren gorputz-irudia garatzeko zein aurrera begira ikaskuntza motorrak
bereganatzeko, eta trebetasun motorra garatuz, norberaren gorputzaren kontrola
izatea lortu nahi da, aldi berean ikasleak eraginkortasunez mugitu ahal izateko
edukiak landuz. Hortaz, mugimendua menderatzearekin eta kontrol motorrarekin
lotutako gaitasunak landuko dira. Bereziki nabarmenduko dira mugimendua egoera
berrietara egokitzeko erabakiak hartzearekin lotutako edukiak.
3. multzoan (Gorputz-adierazpena eta komunikazioa), zenbait teknika baliatuz
gorputzaren bidez emozioak, sentimenduak eta ideiak adierazten eta komunikatzen
ikasteko edukiak jaso dira.
Multzo horretako edukiak jolas-moduan eta alderdi emozionala landuz bideratuko
direnez, lagungarriak izango dira norberak gozatzeko, bai eta aberasgarriak ere.
4. multzoan (Jarduera fisikoa eta osasuna), osasun fisikoari eta dohain fisikomotorrei buruzko edukiak landuko dira, kirol-jarduerarekin lotuz, eragina baitute
banakoaren garapenean eta haren bizi-kalitatearen hobekuntzan. Osasuna
hezkuntza fisikoaren barnean esparru garrantzitsua dela ulertuta, hainbat alderdi
landuko dira, lotuta daudenak hautemate- eta koordinazio- baldintzatzaileekin eta
baldintzatzaile fisikoekin, eta bide ematen dutenak gorputza ezagutzeko nahiz
oinarrizko trebetasunak eta trebetasun espezifikoak gauzatzeko, bai eta jarduera

fisikoarekin lotutako ohiturak hartzeko ere, norberaren ongizatea nahiz ongizate


soziala lortze aldera.
Azkenik, 5. multzoan (Kultura motorra: Aisia eta denbora librerako hezkuntza),
jolasarekin eta kirol-jarduerekin lotutako edukiak landuko dira, giza motrizitatearen
kultura-adierazpen gisa ulertuta.
Jolasa baliagarria den arren estrategia metodologiko gisa, aintzat hartu behar da
edukien artean ere, balio antropologiko eta kultural garrantzitsua baitu. Gorputz
Hezkuntzan jolasak eta kirolak irakastea hezigarria da, eta konpetentzia motorra
hobetzeko bitartekoa bat ere bai; eta gainera, jarduera horien bidez, aldi berean
lankidetza eta parte-hartzea bultzatzen dira, eta elkartasuna, elkarlana eta
diskriminazio eza sustatzeko jarrerak garatzen dira.
GORPUTZ HEZKUNTZAKO EBALUAZIO-IRIZPIDEAK.
1) Ezezagunak eta zalantzagarriak diren ingurune askotarikoetan egokitzea
lekualdatzeak eta jauziak.
2) Jolasetan eta jarduera motorretan pilotak edo beste higikari batzuk jaurtitzea,
pasatzea eta jasotzea, kontrola galdu gabe eta behar bezala egokituz joko-zelaiko
egoerari, distantziei eta ibilbideei.
3) Gorputza zenbait jarreratan jartzea eta orekatzea, tentsioa, erlaxazioa eta
arnasketa kontrolatuz.
4) Jarrera aktiboak izatea, egoera fisikoa oro har hobetzeko, eta jarduerak egitean
kontuan hartzea norberaren gorputzaren eta mugimendu-gaitasunaren aukerak eta
mugak.
5) Modu koordinatuan eta lankidetzan jardutea, erronkak ebazteko edo taldeko
jolasetan aurkari bati edo batzuei aurre egiteko, bai erasotzaile gisa, bai
defendatzaile gisa.
6) Norberaren ahalegina eta taldearekin ezartzen diren harremanak identifikatzea
jolasen eta kirol-jardueren oinarrizko balio diren aldetik, eta haiekin bat jokatzea.
7) Talde-konposizioak sortzea ikaskideekin lan eginez, gorputzaren adierazpenbitartekoak erabiliz, eta estimulu musikalak, plastikoak edo hitzezkoak abiapuntutzat
hartuta.
8) Jokabide aktiboak izatea, ariketa fisikoak osasunerako duen balioa aintzat hartuta,
gorputza eta jarrera- nahiz elikadura-ohiturak zaintzeko interesa izatea, eta drogen
kontsumoa eta portaera-mendetasunak sor ditzaketen jokabideak saihestea.

4-METODOLOGIA:
Programazioa praxiologia motorraren ikuspegitik ekintza dominioetan oinarrituta
dago. Ekintzen dominioei esker Gorputz Hezkuntzaren eraikuntza curricularra

ikuspegi koherente batetik egin da. Era honetan, GHko arloari konpetentzia motorra
garatzeko zehaztasuna eta funtzionatzeko logika eman zaio.
Horrela programatzeak onura nabarmenak ditu; maila bakoitzari zein etapa guztiari
koherentzia eta batasun bat ematen dio, konpetentzia motorraren garapenean
ikasleari egoera motor eta testuinguru ezberdinak eskaintzen zaizkio, ekintza
dominioen bidez ikasleak menperatu behar dituen ekintza printzipioak zehazten dira
(ikasleak barneratu behar dituen oinarrizko jakintzak), Gorputz Hezkuntzari ikuspegi
zabalago bat ematen dio eduki konkretuetatik edo zehatzetatik haratago
konpetentzia motorraren garapenean zentratuz eta irakasleen hausnarketa sustatzen
du Curriculumatik haratago.

Ekintza dominioak
Alde batetik, Parlebasek zortzi kategoria proposatzen ditu egoera motorrak
antolatzeko, bestetik, Larrazek sei kategoria proposatzen ditu. Pogramazio hau
Larrazen ereduan oinarritzen da; proposamena hurbilagoa eta erabilgarriagoa
irudituta horren aldeko apustua egin da.
GHn eskolan lantzen diren gorputz esperientziak sei ekintza dominioetan bildu dira:
1-Bakarkako ekintzak: ingurune egonkorrean egiten diren jarduera fisikoak,
nagusiki egoera motor psikomotor edo bakarkakoz osaturikoak: gorputz eskema
garatzeko jarduerak, gorputzaren kontzientzia hartzeko jarduerak, egoera fisikoa
hobetzeko jarduerak, gimnasia deportiboa, igeriketako bakarkako jarduerak,
atletismoa, harri-jasotzea, etab.
2-Bat baten aurkako ekintzak: ingurune egonkorrean egiten diren jarduera fisikoak,
nagusiki besteekiko aurkakotasun elkarrekintza motorrez osaturikoak. Jarduera
hauen helburua, zehaztutako arau batzuk erabiliz aurkaria gainditzea da: borroka
jolasak, judoa, badmintona, esgrima, eskupilota 1x1, etab.
3-Elkarlaneko ekintzak: ingurune egonkorrean egiten diren jarduera fisikoak,
nagusiki elkarlaneko elkarrekintza motorrez osaturikoak. Ikasleak helburu komun bat
lortzeko elkarlanean aritu behar dira, proposaturiko arazo motorrari erantzuna
aurkitzeko elkarren artean komunikatuz eta koordinatuz: taldeko akrobaziak,
malabareak taldeka, jolas kooperatiboak, ipuin motor kooperatiboak, erronka motor
kooperatiboak, etab.
4-Elkarlaneko-aurkakotasuneko ekintzak: ingurune egonkorrean egiten diren
jarduera fisikoak, nagusiki elkarlan eta aurkakotasuneko elkarrekintza soziomotorrez
osaturikoak. Helburua elkarlanean arituz aurkako taldea gainditzean datza: beisbola,
futbola, saskibaloia, hockeya, boleibola, eskubaloia, zenbait jolas tradizional, etab.
5-Ziurgabetasun-inguruneko ekintzak: ingurune fisikora egokitzeko jarduera
fisikoak dira, ingurunea bera ezegonkorra izanik ziurgabetasuna duten jarduerak

dira: mendizaletasuna, mendiko bizikletan ibilaldiak, elurretako jarduerak, eskalada,


orientazio-jarduerak, piraguismoa, etab.
6-Adierazpen-eta arte-ekintzak: izaera artistikoa, espresiboa edo komunikatiboa
duten jarduera fisikoak dira. Ikasleek adierazpenezko erregistro ezberdinak erabiliz
irudimena eta sormena garatuko dute: gorputz adierazpena, dantzak, koreografiak,
jolas dramatikoak, mimika, gimnasia erritmikoa, akrosporta, etab.

Etapako maila bakoitzean ekintza dominio guztiak garatzen direla bermatu da


programazioan, unitate didaktiko bakoitzean nagusiki ekintza dominio bati garrantzia
emanez. Hori dela eta, Ikasleen taldekatzea nagusiki helburuen araberakoa izango
da (Bakarka, binaka, talde txikietan nahiz talde handian).

Gaur egun, hezkuntzaren ikuspegia konpetentzien araberakoa da. Hori dela


eta, egoera desberdinetan konpondu beharko dituzten hainbat arazo motor
proposatuko dizkiegu ikasleei, eta horiei irtenbideak aurkituz konpetentziak
garatzen joango dira. Konpetentziak lortzeko eta arazo motorren aurrean
arrakasta izateko, ikasleek mota guztietako baliabideak eta estrategiak
erabiltzea komeni da. Azken finean, helburua da eskuratu dituzten jarrera-,
prozedura- eta kontzeptu-edukiak transferitzen eta bateratzen ikastea. Hori
eginez gero, bestelako egoera konplexuetan ere arazoei irtenbidea ematen
ikasiko dute.

Irakasleen helburua da ikasleek beren ikaskuntza eraikitzea eta konpetentzien


garapena ziurtatzea. Horretarako, ekintzatik eta hausnarketatik berriro
ekintzara itzuli beharko du ikasleak, barneratutakoa praktikan jarriz.
Ikaskuntza esanguratsua ez baita lortzen irakasleak aldez aurretik emandako
ereduak edo erantzunak ikasleek besterik gabe errepikatuz. Beraz, irakasleak
ez dizkie ikasleei aldez aurretik erantzunak eta irtenbideak eman behar. Izan
ere, ikasleei ikaskuntza-prozesuan laguntzea da irakaslearen eginkizuna,
ekintzetan eta hausnarketetan galdera zehatzak eginez.
Beraz, konpetentziak lantzeko prozesuan irakaslearen egitekoa, ikasteko
prozesuak diseinatzea, planifikatzea, antolatzea, ikasleak estimulatzea eta
motibatzea, laguntzea, ebaluatzea eta bideratzea izango da.

Saio bakoitzak helburu zehatz bat izango du, eta beharra ikusiz gero, jarduera
gehiago proposatuko dira helburu hori lortzeko.

Eguneroko saioetan sortzen diren egoera desberdinei eta aniztasunari


erantzun egokia emateko, ikasle guztiei eman behar dizkiegu benetako
aukerak aldez aurretik ezarritako helburuak lor ditzaten. Horrez gain, saioetan
gerta daitezkeen gatazkei trataera egokia eman nahi badiegu, ikasle guztiei
eskaini behar dizkiegu estrategiak eta baliabideak, beren gatazkak era
autonomoan bideratu eta konpondu ditzaten.
Unitate didaktikoaren hasieran egiten den ebaluazioaren bidez ezagutzen dira
ikasleen gaitasunak eta gabeziak. Hala, beharren arabera, proposatuko diren
egoerak eta jarduerak egokitzeko unea izango da, eta ikasleek aurkituko
dituzten zailtasunek ezarriko dute proposamenen eta jarduera berrien lanketaeta garapen-maila. Batzuetan, jarduerak zaildu beharko dira eta beste
batzuetan erraztu. Halaber, hainbat jarduera behin baino gehiagotan
errepikatuko dira, ikasleek ikaskuntzak ongi barnera ditzaten.
Saioak garatzean, ekintza- eta hausnarketa-denborak txandakatuko dira.
Batetik, jardueraren bidez ikasitakoa ikasleentzat esanguratsua izan behar
duela aintzat hartuta, ekintza motorrei behar beste denbora eskainiko diegu
beti; bestetik, ikasleek egiten dituzten kritikak eraikitzaileak izan daitezen
ahaleginduko gara hausnarketa uneetan jardueretan aurkitutako estrategiak,
irtenbideak eta ekintza-arau eraginkorrak adierazteko eta finkatzeko uneak
baitira. Horretarako, arbela erabiltzea lagungarria izango da.
Saioen iraupena ordubetekoa izango da, eta higiene ohiturak bukaeran
landuko dituzte ikasleek. Eginkizun horietarako denbora-tartea irakasle
bakoitzak ezarriko du taldearen arabera.
Azkenik, saioen hasieran eta bukaeran, eskaner emozionala izeneko dinamika
egingo da. Dinamika horren bidez, ikasleek emozioekiko kontzientzia hartzea
eta autorregulazioa sustatu nahi dira, eta horretarako, ikasle bakoitzak une
horretan sentitzen duen emozioa kolore jakin batekin lotuko du: kolore
horiaren bidez, poztasuna adieraziz; urdinaren bidez, tristura; berdearen
bidez, lasaitasuna; eta gorriaren bidez, haserrea. Hasieran eta bukaeran
jasotako informazioa baliagarria izango da irakaslearentzat egoera bakoitza
kudeatzeko.

5. UNITATE DIDAKTIKOEN ANTOLAKETA.


Maila bakoitzean 6 unitate didaktiko garatu dira. Programazioa guztira 18 unitate
didatikoz osatzen da (LH 4., 5. eta 6. mailatarako). Unitate didaktikoak aukeratzerako
orduan hausnarketa egin da, ekintza dominioa lantzeko gai egokia hautatuz, eta
horretarako ikasleen adinak dituen ezaugarriak kontuan hartuz. Bestalde, dominioak
mailaz maila progresioan gauzatzeko jarduerak kontuan hartu dira, hainbat
dominiotan jarduera berdina aukeratuz eta beste batzuetan aldatuz.
Era honetan, ekintza dominioak eduki bloke bezala erabiltzen dira eta aplikazio
zuzena dute unitate didaktiko bakoitzarekin. Unitate didaktiko bakoitza dominio
zehatz batean murgiltzen da.
Unitate didaktiko bakoitza dominio zehatz batean murgiltzeak badu bere esanahia.
Dominio bakoitzean ikasleak hainbat arau eta printzipio eskuratzea da xedea,
eraginkortasunez ekiteko dominio horretako arazo motorrak gainditzeko.
Konpetentzia motorra lortzeko praktika hutsa ez da nahikoa, ezta teknika hutsak
ikastea ere. Jarduerak egin bitartean eta ondoren, ikasleak azterketa kritikoa egitera
bultzatu nahi dira, beraien ikaskuntza prozesuan kide aktiboak izateko eta ez soilik
hartzaile pasiboak.
Unitate bakoitza 10 saioz osatu da eta saio bakoitzak 60 minutuko iraupena du.

LEHEN HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOA: GORPUTZ HEZKUNTZAKO


PROGRAMAZIOA

LEHEN HEZKUNTZA (BIGARREN ZIKLOA)


GORPUTZ HEZKUNTZA
PROGRAMAZIOA

4. maila

5. maila

6. maila

1. unitatea

Irristaketa

Atletismoa eta
egoera fisikoa I

Atletismoa eta
egoera fisikoa II

2. unitatea

Azken dakotak
ipuin motorra

Antzara-jolasa

Aronsonen puzzlea
elkarlaneko egitura

3. unitatea

Artzikirola eta Colpbola

Tag errugbia

Boleibola

4. unitatea

Gorputz-adierazpena I

Gorputzadierazpena II

Gorputz
Hezkuntzako
bizipenak
antzerkia

5. unitatea

Euskal pilota I

Euskal pilota II

Badmintona

6. unitatea

Mendiko bizikletaz
jolasean

Orientaziolasterketak

Kirol-eskalada

Ekintza motorren DOMINIOAK

Bakarkako
ekintzak

Bat baten
aurkako
ekintzak

Elkarlaneko
ekintzak

Elkarlanekoaurkakotasuneko
ekintzak

Ziurgabetasuninguruneko
ekintzak

Adierazpeneta
arte-ekintzak

You might also like