Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 2

GARAI BERRIAK UDAL TALDEARI ERANTZUNEZ

Duela lau urte egin genuen bezala, apirilean udalaren egoera ekonomikoaren laburpen bat zabaldu
genuen. EH BILDU udalean egon den garaietako kontuak argitzea eta herritarrak udaleko egoera
ekonomikoaren jakitun izatea zen horren helburua.

Horri erantzunez, GARAI BERRIAK udal taldeak, joan den asteazkenean beste idatzi bat banatu zuen
beraien hauteskunde programarekin batera. Idatzian agertzen ziren zenbait punturi erantzun bat
eman behar geniela eta, egun bereko udal plenoa aprobetxatzea zen gure asmoa. Baina, egun
horretan ere, GARAI BERRIAKeko hiru zinegotziak ez ziren plenoan izan. Horregatik, idatzi hau
banatzea erabaki dugu.

Jarraian zerrendatu ditugu argitzea nahiko genituzkeen puntu batzuk:

1.- Udaleko kudeaketaren ardura hartu genuenetik, 2.011ko ekainaren 13tik, argi izan dugu
etorkizunera begira egingo genuela lan eta horregatik aurreko urteetako kontuak eta
bestelakoak ez genituela lau haizeetara zabalduko.

2.- Mailegua amortizatzeko epe muga bat dago eta hori noiz eta nola ordaindu kudeaketan
daudenen erabakien araberakoa izaten da. 2.011tik 2.015era bitarteko urteak urte zailak izan
ziren, dirulaguntzen murrizketa handia egon zen eta udalean ere gastu murrizketa egin behar
izan genuen. Gauzak horrela izanda ere, urtero amortizazioaren zati bat ordaintzen joan gara.
Zenbat amortizatu den eta zenbat geratzen den apirileko txostenean azalduta geratu zen.

3.- GARAI BERRIAK udal taldekoek banatutako orrian jartzen duenez, “udalak tesoreri arazo horri
aurre egiteko 285.000 euroko mailegu bat eskatu zuen. Mailegu hau dirulaguntzak
kobratzean itzultzea zen asmoa. 2.011. urte amaiera bertan posible zen mailegu hori itzultzea
baina ez zen horrela izan”. Eta hau nola egiten da 2.011ko abenduaren 31n, BILDU ekaina
erdian sartu zen, udalaren kontuan 46.374,33€ bakarrik baldin bazeuden?

4.- Udaletxearen berritzeari dagokionez, gestio ona eta etorkizunera begirakoa egin dugula argi
dugu. Guztia orain dela hilabeteko orrian azaldu genuen baina dirudienez ez da ongi ulertu
edo bertako taula bakarrik ikusi da, ondorengo testua irakurri gabe. Berriro azalduko dugu:
Dirulaguntzen jaitsiera nabarmena izan denez, azken hiru urteetan (2016, 2017 eta 2018an)
urtero diru kopuru bat gordetzen joan gara, hiru urteetan 160.000€ gordez eta 50.000€ko
dirulaguntza lortuz. Aurten 42.000€ bideratuko dira eta hortaz, 76.000€ inguru daude
lortzeke. Eta noski, kanpo dirulaguntzak lortzeko eskaerak ere egin dira. Beraz, inbertsioari
aurre egiteko gaitasuna ongi neurtua dago eta argi erantzuten da GARAI BERRIAKekoek
egiten duten galdera interesatuari, "Nola ordainduko dira 2019 urterako aurreikusten
dituzten 398.185,80€ko inbertsioak 50.000€ko sarrerak bakarrik daudenean bermatuta?".
5.- Kontu garbiekin jarraituz, eta datu gehiago emanaz, udalaren kontuko zenbatekoa ematea
ere egokia dela iruditzen zaigu. 2.011ko abenduan, BILDU ekaina erdian sartu zen,
47.000€koa zen. 2.019ko maiatzean aldiz, 271.000€koa. Kudeaketa ona edo txarra izan den
norberak baloratu dezala.

6.- Zinegotzi guztiek aurrekontuen, kreditu aldaketen, dirulaguntzen nondik norakoen, inbertsio
berrien eta abarren informazio guztia izateaz gain, gai guztiak udal pleno eta bileretatik
pasatu dira.

7.- GARAI BERRIAK udal taldeak 2018ko uztailean etxez etxe banatu zuen idatzian hau jartzen
zuen: “3. Ez dugula onartuko, gai hau, demagogia merkea eginaz gure kontra erabiltzea (…)
hauteskundeetarako urtebete falta denean elektoralki erabilia izateko. Edozerk ez du balio”.
Hauxe bera esan nahi genieke hauteskundeen atarian gauden honetan, edozerk ez du balio.

Gu lasai gaude, gure kudeatzeko modua eta gu geu ezagunak garelako. Garbi dagoena da
kudeaketa egiteko moduak eta moduak daudela eta guk argi dugu nola lan egiten dugun,
eta noski, nola jarraitzea nahiko genukeen. Orain arte bezala kudeaketa on bat egiten
jarraitu nahiko genuke, udaleko eta kanpoko teknikariekin batera. Horrela jarraitu edo ez
igandean herritarrek erabakiko dute.

OHARRA: Udaleko kontuak publikoak dira eta herritarren eskura daude. Norbaitek dudaren bat balu,
nahi duen hori eskatu eta bere ondorioak ateratzeko aukera izango luke.

Bidania-Goiatzen, 2.019ko maiatzaren 23an

BIDANIA-GOIAZKO EH BILDU
#ZurekinHerriaGara
#ZurekinBidania-GoiatzGara

You might also like