Gau Baltza

You might also like

Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 5

Gau Beltza

Kalitate neurketa AIGA information.svg: B-motako artikulua (6,93)

(«Halloween» orritik birbideratua)

Gau Beltza

Irudia

Mota jaiegun

bypass rite (en) Itzuli

Bezpera : Domu Santu egun

Egun Urriaren 31

Gau Beltza[1] edo Halloween (NAF: [ˌhæləˈwin, -oʊˈin, ˌhɒl-] ingelesezko All Hallows' Evening
—«Santu Guztien arratsaldea»— izenaren kontrakzioa;[2] ingelesez Hallowe'en edo All
Hallows' Eve —«Santu Guztien bezpera»— ere deitua)[3] urtero urriaren 31n munduko
hainbat lekutan ospatzen den jaia da, Arimen Eguna euskal jaiaren antz-antzekoa.[4][5][6]
Kristau egutegiaren Santu Guztien Egunaren aurreko gauean ospatzen da, hilak, martiriak eta
santuak gogoan izateko egunetan.[7]

Ikerlari askoren iritziz, Halloweenen jatorria zelten uzta festibal baten kristautzea da,[8][9]
hots, ziurrenik jatorri paganoa du, batez ere gaeliar Samhain jaian.[3][10][11] Beste ikerlari
batzuen ustez, jaia ez zen Samhainetik etorri, eta jatorri guztiz kristaua du.[12]

Euskal Herrian ere ospakizunak egiten ziren Santu Guztien Egunaren bezperan, eta XX. mende
arte berezko ohitura zen kuiak, patatak, erremolatxak edo arbiak hustu eta kandelak jartzea,
baserrietan bildu eta gaztaina erreak jatea edo umeak eskean ibiltzea.[13]

Halloweenen gaur egun Ameriketako Estatu Batuetako kulturan errotuta dago eta hortik
hedabideen bitartez munduko beste hainbat lekutara iritsi da. Egun horietan, jendeak
mozorroak erabiltzen ditu, eskuarki beldurra emateko asmoz, eta maltzurkeriak ez egitearen
truke gozokiak jasotzen dituzte haurrek. Horretarako, "Saria ala ziria" (ingelesez Trick or Treat)
diote etxez-etxe. Ohitura da, orobat, kuiak hustu eta barruan kandelak jartzea, sagarrak
karameluz estaltzea, beldurrezko ipuinak kontatzea eta beldurrezko filmak ikustea.

Eduki-taula

1 Etimologia

2 Historia

2.1 Jatorri zelta


2.2 Erromatarren tradizioan txertatzea

2.3 Jaiaren kristautzea

2.4 Ohiturak Euskal Herrian

2.5 Ipar Amerikara heltzea

2.6 Nazioarteratzea

3 Ikus gainera

4 Erreferentziak

5 Ikus gainera

6 Kanpo estekak

Etimologia

Halloween edo Hallowe'en hitza 1745an agertu zen lehen aldiz[14] eta jatorri kristaua du.[15]
"Halloween" hitza ingelerazko "Hallowed evening" edo "Holy evening" esamoldetik dator, hau
da, Domu Santu egunaren bezpera.[16] Era berean hau eskozieratik dator[17][18] Eskozieran
eve izan even esaten da, eta e'en gisa edo een gisa laburbiltzen zen askotan. Denborarekin (All)
Hallow(s) E(v)en esaldia Halloween bilakatu zen. "All Hallows'" esamoldea antzinako ingelesan
agertzen da (ealra hālgena mæssedæg) baina bezperari buruzko esamolderik ez da aurkitu
1556. urterarte.[18][19]

Historia

Jatorri zelta

Daniel Macliseren margolan honetan (1833) Irlandako ospakizun bat agertzen da.

Daitekeena da Halloweenen lehen jatorria zeltek ospatutako Samhain jaia izatea. Jai haren
izena antzinako irlanderatik dator eta «udaren bukaera» esan nahi du.[20] Antzinako britoiek
antzeko jai bat zuten, Calan Gaeaf deitua. Samhainean uzta garaiaren bukaera ospatzen zen,
eta horrek zelten urte berria zekarren, urtaro ilunarekin hasten zena.[21][22]

Antzinako zeltek uste zuten Samhainaren etorrerarekin estutzen zela mundu honen eta Beste
Munduaren arteko lotura, eta, beraz, izpiritu on zein txarrek errazago zuten bien arteko muga
zeharkatzea. Familiaren arbasoak gonbidatzen eta omentzen zituzten, izpiritu txarrak
aldentzen zituzten bitartean. Uste denez, jantzi eta mozorroen erabilera izpiritu txar horiek
uxatzeko erabiltzen ziren. Helburua izpiritu txar baten itxura hartzea zen eta horrela ez zen
minik jasotzen. Eskozian, izpirituen ordez zuriz jantzita eta aurpegi belztua zuten gazteak
agertzen ziren.[23][24]

Samhainaren garaia negua prestatzeko unea zen. Etxeetan elikagai nahiko eduki behar zen
pertsonentzat zein aziendarentzat. Suak egiten ziren garai horretan, etxeko su nagusi ez ziren
guztiak itzaltzen ziren jai egun horretan. Sakrifikatutako animalia guztien hezurrak ere sutara
bota behar ziren.[25] Praktika ohikoa zen ere igarleak egotea, horretarako behar ziren elikagai
eta edariak hartuta. Asturiasen otorduak egiten ziren arbasoak ehortzita zeuden lekuetan. [26]

Erromatarren tradizioan txertatzea

Antzinako Erromak zelten lurraldeak okupatu zituenean, beste askotan gertatzen zen bezala,
jaia euren kulturara asimilatu zuten. Berez, Erroman urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran,
"uzta jaialdi"ak antolatzen ziren, Pomonaren omenean (fruitu arbolen jainkoa). Bi tradizio
horien nahastetik Halloweenen garrantzi handia duten sagarrak gehitu bide ziren.

Jaiaren kristautzea

New York hirian (Ameriketako Estatu Batuak) urtero egiten den Greenwich Village Halloween
desfilea da munduko Halloween desfilerik handiena.[27]

Gaur egungo Halloweengo ohiturek aldaketa handiak izan dituzte, kristautasunaren eraginez.
Santu Guztien Egunaren bezperan ospatzen da Halloween, eta haren biharamunean, Hilen
Eguna, kristauen egutegi liturgikoan.[28] Eliza primitiboaren garaitik[29] jai nagusia da, Eliza
Kristauaren barruan, Gabonak, Aste Santua eta Pentekoste egunak diren bezala. Bigiliak
aurreko gauean hasten dira elizetan. Hiru egun horiek ingelesez Hallowmas izenaz ezagutzen
dira eta kristauen ustez, santuak eta hildakoak gurtzeko egunak dira, arimak Zerura iristeko
errezatzeko egunak. Santu Guztien Eguna lehen aldiz 699an ospatu zen, maiatzaren 13an.[30]
835an azaroaren 1era igaro zen, Samhainaren data berean, Gregorio IV.aren aginduz. Batzuek
uste dute hori zelten eragina izan zela; beste batzuek, germaniarren ideia bat. Autore batzuen
arabera, praktikoagoa zen data hori hartzea, udan erromes ugari heltzen baitziren Erromara,
eta udan Erromako Sukarra izeneko gaixotasun bat errazago hedatzen zelako.[31]

Ohiturak Euskal Herrian

Santu Guztien Egunaren bezperan eta egunean bertan eta Hilen Egunean Halloween jaiaren
antzeko hainbat ohitura zeuden Euskal Herrian. Hain zuzen, kuiak hustutzea, janari eskean
ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea ohitura izan dira herri askotan XX. menderaino:[5]

Fitxategi:Halloween, euskal festa.ogv

Ahotsak.com proiektuaren baitan Halloween jaiaren tradizioak Euskal Herrian ere ospatzen
zirela adierazten duten testigantzak. Bideoaren jatorria

« Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte.
Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia. »

—Toribio Etxeberria, Eibar, 1887.[32]


Berdin egiten zuten Zizurkilen[5] nahiz Oiartzunen.[33] Beste kontakizun batzuek ere kuien
hustuketaren berri ematen dute:

« Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea
sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu,
eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da
buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta,
argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba,
izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten
zan kalaberearen... »

—Herminia Lazpita, Berriz.[34]

« Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera
ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak
lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen
zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero
Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat
badakigu. »

—Mutrikun jasoa.[35]

Kuiak husteaz gain, bada ohitura eskean joateko, Santa Agedan egiten den bezala. Utergan,
esaterako, honako abestia kantatzen dute haurrek:

« dominé-dominé

castañé

y si no zikiñé »

—Mikel Goñi, Uterga.[36]

Ohikoa zen aldi berean mozorrotzea, askotan euskal inauterietan erabiltzen ziren antzeko
jantziekin. Nahikoa zen izara bat mozorroa egiteko.[37]
Mutrikun Gaba Beltza ospatzen da antzinatik: herriko etxeetan kui hutsak kandelarekin jartzen
dira eta herriko kondaira zahar bateko Talaixako Mamua jaisten da herrira.[38]

Ipar Amerikara heltzea

Sakontzeko, irakurri: «jack-o'-lantern»

Ameriketako Estatu Batuetan 1904an eginiko kartela, Halloweeneko elementu nagusia den
jack-o'-lanternekin.

1840n jai hau Ameriketako Estatu Batuetara eta Kanadara iritsi, eta hango kulturetan errotze
handia izan zuen. Irlandatik iritsitako migratzaileek Irlandako gosete handiaren ondorioz,
jaiaren hainat bertsio hedatu zituzten. Eurek eraman zuten kuiaren pertsonaia jack-o'-lantern
edo "Jack xuhurra".

Hala ere, jaia ez zen ofizialki eta masiboki ospatzen hasi 1921. urtea arte. Urte horretan
Minnesotan Halloweeneko lehen desfilea ospatu zen eta, handik gutxira, berriro egin zen beste
estatu batzuetan. Hurrengo hamarkadetan, jaiak garrantzia hartu zuen.

Nazioarteratzea

1970eko hamarkadan, Halloween jaiaren AEBetako bertsioa nazioarteratu zen zinemaren bidez
eta 1980ko hamarkadan telebistaren bitartez. 1978an John Carpenterrek Halloween gaua filma
egin zuen, B serieko terrorezko zinemako funtsezkoa izan zena. Horren ondoren, ohitura hori
mundu osoan hedatu zen.

You might also like