Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 5

Lagunartean, oraintsu edo aspaldian bizi izandako gertaera edo pasadizoak kontatuko dituzu, ideiak eta diskurtsoa

egoki lotuz eta beharrezko diskurtso estrategiak erabiliz (denbora irabazteko, lotura egiteko...).

ISTORIO BITXIAK

1. KONTU-KONTARI
Ikus dezagun sortzaile dohainak ote dituzun, ziur baietz! Gai izango zinateke beheko hitz guztiak erabiliz istorio bat osatzeko? Ausartu
zaitez!

mugimendu
lokatz bizikleta belztu

eragin
pozgarri bortitz lehiakor

2. GAUZA BITXIEN HISTORIAK


Ez ikaratu, testu ugari dago baina ez dituzu denak irakurri behar. Lau artikuluen izenburuen artean deigarriena egiten zaizuna
aukeratu. Artikulu hori irakurri eta kontatu irakasleari:

a. Zergatik dute zuloa donutek?


Doughnut hitzaren jatorria garbia da: dough hitzak orea esan nahi du eta nut-ek, berriz, intxaurra. Ez dago hain garbi
gizakia noiz hasi zen intxaurrezko opilak egiten, baina Erdi Aroan dagoeneko egiten zituztela uste da. 1803an
aipatu zituzten Ingalaterrako errezeta liburu batean, baina donut haiek ez zuten erdian zulorik. Hori bai, oso zaila zen ore
guztia berdin egostea eta maiz opilaren erdiguneko orea gordinik geratzen zen.

1916an emandako elkarrizketa batean, Hanson Gregory itsas kapitain estatubatuarrak adierazi zuen berak asmatu zuela
donutaren zuloa, 1847an. Artean, Gregoryk 16 urte besterik ez zituen, eta merkataritza ontzi batean
lanean ari zela, intxaur opilaren erdigune gordinaz nazkatuta, erdian zulo bat egitea bururatu omen
zitzaion. Eskura zeukan piperbeltz ontzia hartu, opilaren erdigunea zanpatu eta horrela sortu omen zuen forma ezaguna.
Gero amari esan omen zion “sekretua”. Eta forma hura berehala zabaldu eta nagusitu zen.
Iturria: www.argia.com
b. 5.000 urte eskrupulurik gabe hortzak garbitzen
Newgate (Ingalaterra), 1780. Hortzetako eskuila modernoa asmatu zuen William Addisek. Baina gizakia askoz lehenago
hasi zen hortzak garbitzen, Historiaurrean seguruenik; mamut haragi arrastoak hortz-hagin tarteetan izatea
ez zen batere atsegina izango.

Antzinako egiptoarrek hortzetako pasta nahiko sofistikatua erabiltzen zuten duela 5.000 urte: idi apatx erre eta xehea,
mirra, arrautza azala eta apar harria nahasten zituzten garbigarria lortzeko. Ez dakigu osagai bakoitzaren zer kantitate
erabiltzen zuten, baina bai hatzez edo makilatxo batez igurzten zituztela hortz-haginak.

Erromatarrek produktua hobetu zuten. Substantzia urragarri gisa, hau da, janari arrastoak erauzten laguntzeko gai gisa,
maskorrek ordezkatu zituzten egiptoarren idi apatxak. Gainera, nahasketari ardoa eta usain-belarrak eransten hasi ziren,
ahoa freskatzeko eta hats gaiztoaren aurka egiteko. Horrenbestez, hortzetako pastaren helburu higienikoa asebete ondoren,
erromatarrek haratago joatea erabaki zuten, eta oreari propietate estetikoak gehitzea erabaki
zuten.

Fullonica delakoetan (garbitegietan) erromatarrek gernua erabili ohi zuten, gernuaren amoniakoak arropa zuritzen
laguntzen duelako. Beraz, hortzak ahalik eta zurien atxikitzen lagunduko zuela pentsatu zuten eta hortzetako pastari ere pixa
erantsi zioten. Gaius Valerius Katulo (K.a. 87-54) poetari jaramon eginez gero, hortzak txizaz garbitzeko ohitura hura
zabalduta zegoen Iberiar penintsulan: “(...) Zeltiberiako herrialdean, bakoitzak botatzen duen pixa hortzak eta oi gorriak
garbitzeko erabiltzeko ohitura dute goizero eta horrek besterik gabe esan nahi du hortzak zenbat eta garbiagoak izan orduan
eta pixa gehiago duzula barruan”.

Baina efektu urragarri eta zurigarridun pasta garesti hura noble aberatsenen esku bakarrik zegoen, eta herritar xeheek
formula merkeagoak erabili behar zituzten: sagu burmuinak hautsetan, esate baterako.

Argi dago Antzinaroan hortzak garbi izan nahi zituenak eskrupuluak albo batera utzi behar zituela. Baina Aro
Modernoa amaitzear zela eskrupuluak izan ziren, hain zuzen, hortzetako eskuila asmatzera eraman zutenak.

1870ean William Addis oihal saltzailea Londresko Spitalfieldsen atxilotu zuten kale istiluak sortzeagatik, eta Newgateko
espetxean sartu zuten. Garai hartan, trapu edo oihal zati bat gatzetan edo beste substantzia batzuetan sartu eta haiekin
igurtzi ohi zituzten hortz-haginak. Espetxeko trapu zikinak ahoan sartzeak nazka ematen zionez, Addisek ordezko
higienikoagoa bilatu zuen. Afariko hezur bat gorde zuen, zulotxoak egin zizkion eta erositako guardia baten bidez zurdak
eskuratu eta zuloetan lotu zituen. Urte berean, kartzelatik irten zen eta hortz eskuila modernoak ekoizteko eta
merkaturatzeko enpresa, oraindik ere jardunean ari den Addis enpresa, sortu zuen.
Iturria: http://www.argia.com
c. Jacuzziren semeak burbuilazko bainuak behar ditu
Pordenone (Friuli, Italia), 1900. Jacuzzi familiak jaioterritik alde egitea erabaki zuen, itsasoaz bestaldera bizibide hobea
lortu asmoz. AEBetan zazpi anaiek, beren bizimodua hobetzeaz gain, beste askorena ere hobetzea
lortuko zuten mende erdi geroago.

Kaliforniako Berkeleyn ezarri ziren eta anaia zaharrenak makinak maneiatzen hasi ziren lanean. Esperientzia hark
lagunduta eta San Francisco inguruan egin zuten hegazkin ikuskizun batek inspiratuta, 1915ean Rachel Jacuzzi
hegazkinentzako propultsio-helizeak egiten hasi zen. Urte berean Jacuzzi Brothers enpresa sortu zuen anaiekin batera, eta
Jacuzzi Toothpick (Jacuzzi txotxa) izeneko helize arrakastatsua merkaturatu zuen. Berehala kabina itxiko lehen hegazkin
planobakarra asmatu zuten, eta ale asko ekoiztu behar izan zituzten, AEBetako posta zerbitzuak San Franciscoko badiatik
Yosemitera pertsonak eramateko hegazkin hura aukeratu baitzuen.

Baina 1921ean Giocondo anaia konpainiaren planobakarrean izandako istripu batean hil zen eta, ezbeharra gogoan,
enpresak hegazkinak egiteari utzi zion. Hegazkinetako ponpa hidraulikoak egiten pilatutako esperientzia nekazaritzarako
ponpak ekoizteko erabili zuten orduan. Jacuzzi ponpa berritzaileak Kaliforniako Estatu Azokako urrezko domina lortu zuen
1931n, negozio lerro berriaren arrakastaren seinale.

1943an, 15 hilabete zituela, Kenneth Jacuzziri erreuma-artritisa eta, beraz, min kronikoa diagnostikatu zioten. Candido
Jacuzziren semea hidroterapia saioak hartzen hasi zen inguruko ospitale batean, baina saioek ez zuten oinazea luzaroan
arintzen, eta haurra sufritzen ezin ikusita, nekazaritzarako ponpa hidraulikoa etxeko bainuontzian probatzea erabaki
zuen aitak. Kennethen osasunak nabarmen egin zuen hobera, eta handik urte batzuetara gaixotasun kronikoak ez zion
eragotzi enpresaren gidaritza bere eskuetan hartzea.

Doikuntza batzuk erantsita, Jacuzzik 1955ean merkaturatu zuen ponpa, eta 1968an turrustak integratuta zituen
bainuontzia ekoizten hasi zen. Hasieran erabilera terapeutikoarekin lotu arren, Hollywoodeko izarrek luxu bihurtu zuten, eta
1970eko hamarkadan, spa industria modernoarekin batera, ekoizpenak eztanda egin zuen. Jacuzzitarrak 1976 arte izan
ziren enpresaren jabe; hidromasaje bainuontziak ez ziren sekula konpainiaren ekoizpen lerro nagusia izan, baina haien
abizena beti egongo da turrusta-bainuen plazerari lotuta.
Iturria: http://www.argia.com

d. Masturbazioaren aurkako zerealak


Michigan (AEB), 1888. Battle Creek-eko Sendategiko zuzendari John Harvey Kelloggek Auto-abusuaren eta horren
ondorioen aurkako tratamenduak, zahar eta gazteentzako datu argiak lana kaleratu zuen. Kellogg
masturbazioaren aurkako ekintzaile sutsua zen. Gizakiaren gaitzik larrienetakoa zen harentzat: “Izurriek, gerrak,
baztangak nahiz antzeko gaixotasunek ez dute onanismoak adinako emaitza tamalgarririk eragin gizakiengan. (...) Uteroko
minbizia, gernu aparatuko gaixotasunak, inpotentzia, zorotasuna eta ahultasun mental zein fisikoa eragiten ditu”.
Tratamenduak ez bazituen ospitaleko gaixoak sendatzen, medikuak garbi zeukan zergatik: eria ezkutuan masturbatzen zen.

Baina masturbatzearen efektu txar guztiak saihesteko irtenbideak ere proposatu zituen liburuan. Mutiko txikientzat
erremediorik eraginkorrena erdaintzea zen, batez ere ebakuntza anestesiarik gabe egiten bazen; zenbat eta oinaze
handiagoa, orduan eta gogo gutxiago izango zuten bekatuari emateko. Neskatoentzat “sendabidea” are zuzenagoa zen:
klitoriaren fenol aratz bidezko ablazio kimikoa.

Zorionez, garaiko gizarte estatubatuar puritanoarentzat ere muturrekoegiak ziren Kelloggen neurriak, eta ez zuten aplikazio
praktikorik izan. Baina sendagileak ez zuen amore eman onanismoaren aurkako gurutzadan, eta zeharkako bidea topatu
zuen gizon-emakumeen irrits kaltegarria apaltzeko: dieta.

“Txerrikiz, ogiz eta pastel gozoz elikatzen den, tea edaten duen eta tabakoa erretzen duen pertsonarentzat errazagoa da
hegan egitea pentsamendu garbiak izatea baino”, zioen. Estatubatuarren dietak lizunkeria sustatzen zuela uste zuen, eta
dieta garbiago batek bekatuak ere garbi zitzakeela. Hala, herrikideen elikadura ohiturak aldatzea erabaki zuen, baita goiz
goizetik, gosaritik bertatik hasita, lortu ere. 1897an zereal integral deshidratatuak ekoizten eta merkaturatzen hasi zen. Eta
1906an zerealen inperio erraldoiaren lehen harria ipini zuen: Corn Flake Company sortu zuen. Gaur, eguneko 5,5 milioi
pakete Corn Flakes kontsumitzen dira munduan. Baina masturbazioaren ondorioei buruzko Kelloggen teoriek inolako oinarri
zientifikorik ez dituela enpirikoki frogatzen jarraitu du gizadiak.
Iturria: http://www.argia.com
3. GEZURRAK HANKA MOTZ

Gaur, lagunekin lagunarteko bazkaria izan duzue, eta bazkalostean zaudete. Denak ari dira kontu-kontari eta zure txanda heldu da.
Kontaguzu, xehetasunez, honako lekuetan gertatuko pasadizo bitxia, harrigarria edota zuretzat berezia.

Baina kontakizunek bereizgarri bat izango dute, gezurra. Bi aukera dituzu, edota kontatzen duzun pasadizo bakoitzean gezurtxoren bat
sartu, edota lau istorioetako bat erabat gezurra izatea, ea solaskideak harrapatzen zaituen.

Zaindu ideien arteko loturak eta, kontuan hartu, ahozko kontakizunak egiten ditugunean, entzulearen arreta irabazteko
esapideak ere erabili ohi ditugula ( Eta neure artean esan nuen...// ez dakit, bada, // Eta halako batean...)

Es kolan Etxean Bikotekideren batekin Oporretan Lanean

4. ASTE HAUETAN, GAI BEREZIA: BADATOR EUSKARALDIA! HITZEZ EKITEKO


GARAIA

ZER DA EUSKARALDIA?

Komentatu ondorengo galderak solaskidearekin:

• Zer da Euskaraldia?

• Nola parte har dezakegu Euskaraldian?

• Parte hartu duzu inoiz? Zer izan zara: Belarriprest ala Ahobizi? Kontatu zure esperientzia.

• Aurten parte hartuko duzu?

JANTZI BELARRIPREST/AHOBIZI TXAPA ETA ANIMATU PARTE HARTZERA!

Informazio gehiago nahi baduzu, sartu hemen: https://euskaraldia.eus/


Iturriak

- [Testua: Masturbazioaren aurkako zerealak] http://www.argia.com/argia-astekaria/2351/masturbazioaren-aurkako-zerealak


- [Testua: Zergatik dute zuloa donutek] http://www.argia.com/argia-astekaria/2355/zergatik-dute-zuloa-donutek
- [Testua: Jacuzziren semeak burbuilazko bainuak behar ditu] http://www.argia.com/argia-astekaria/2361/jacuzziren-semeak-
burbuilazko-bainuak-behar-ditu
- [Testua: 5000 urte eskrupulurik gabe hortzak garbitzen] http://www.argia.com/argia-astekaria/2363/5000-urte-eskrupulurik-gabe-
hortzak-garbitzen
- [Irudia] jerome berquez - Fotolia.com

Lege-oharra

Irakaskuntza-material honek hirugarrenek ekoitzitako edukiak baditu, material horien erabilera eskolak emateko baino
ez da egiten, eta aplikatu beharreko legeria betetzen da; beraz, debekatuta dago eremu horretatik kanpo beste edozein
erabilera egitea.
Debekatuta dago bai&by-k ekoitzitako irakaskuntza-materiala osorik edo zati batean kopiatzea eta banatzea.
Debekatuta dago bai&by-ren mintza-eskolak grabatzea, erreproduzitzea eta banatzea.

You might also like