Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 4

ESPAINIAKO HISTORIA DBHO2.

2022-23

8. TESTU-IRUZKINA
JOAQUÍN COSTAREN, OLIGARQUÍA Y CACIQUISMO LANAREN PASARTEA (1901)

1. KOKAPENA
Aurrean dugun testua Joaquín Costaren Oligarquía y caciquismo saiakeratik
ateratako pasarte batzuk dira, bertan, Errestaurazioko sistema politikoaren kritika
zorrotza egiten du. Lehen mailako testu historikoa da, forma aldetik narratiboa eta eduki
aldetik, jorratzen den gaia sozio-politikoa da. Egilea, indibiduala, Joaquín Costa
(1846-1911) da, Aragoiko legelari, historiagile eta intelektuala, Erregenerazionismo
izeneko mugimenduaren kidea. Hartzailea, berriz, Espainiako gizartea eta biztanleak,
beraz, testu publikoa da. Testuaren helburu nagusia Errestaurazioko sistemari kritika
egin eta espainiarrak horren aldaketa beharraz kontzientzia har dezatela da. Madrilen,
1901ean argitaratu zen, Errestaurazioan, Maria Kristinaren erregeordetzaren garaian
(1885-1902), 1898ko hondamendiak eragindako krisialdi eta ezegonkortasunaren
testuinguruan.
2. ANALISIA
“Oligarkia eta Jauntxokeria…” liburutik hartutako pasarteak dira,
Errestaurazioari kritika zorrotza egiten diotenak. Testuaren lehenengo zatia analisi
objektiboa da itxuraz. Lehen paragrafoan Errestaurazioko sistema politikoaren osagai
nagusiak zeintzuk diren adieraziko duela esaten du.
Bigarren paragrafoan idazleak bereizi eta azaldu egiten ditu hiru eragile mota
hauteskunde sistema manipulatzen dituztenak, hiru talde hauek dira nazioaren kaltea
sortzen duten bizkarroiak (parasitoak) Costaren ustez: oligarkak (primateak) edo
sistemaren buruzagitza duten gizonak lehenik, Madrilen bizi eta gobernua kontrolatzen
dutenak; lurralde bakoitzeko jauntxoak edo kazikeak bestetik, aurrekoen esanak
betetzeko prest daudenak; eta, azkenik, gobernadore zibilak —1844-1854koHamarkada
moderatuan egindako administrazioaren erreforman sortutako figura, gobernu zentralak
alkateak eta udalerriak kontrolatzeko— probintzia bakoitzean gobernuaren ordezkari eta
guardia zibilaren buru zirenak eta oligarken tresna moduan jarduten zutenak.
Lehen bietan jartzen du bereziki arreta. Batetik, oligarkak aristokraziaren eta
burgesiaren kideak ziren: lurjabe handiak, industrialari katalanak, burdindegi-jabe
euskaldunak, Andaluziako ardogileak, finantzariak… Horiek guztiek elkarrekin borrokatzen
ziren helburu komun batzuengatik: lurren jabetza eta laneskuaren eta industriaren
askatasuna, batez ere. Bestalde, Jauntxoak tokian-tokiko handikiak ziren, “kazikeak”.
Kazikismoa Espainian XIX. mendearen erditik XX. mendearen lehenengo herena bete arte
eman zen egitate soziopolitikoa izan zen. Kazikismoan, inguru jakin batzuetan, batez ere
nekazaritza-inguruetan, eragin eta pisu handiko pertsona batzuek kontrolatzen zuten
agintea. Antzinako harreman feudalen hondarra zen. Sistema honetan, nekazariak edo
jornalariak kazikearen menpe bizi ziren, euren bizitzen eta ondasunen benetako jauntxoa
zen.
Azken bi paragrafoetan, aldiz, Costak itxura objektiboa bazter utzi eta gogor
salatzen du azaldu berri duen sistema: agintarien taldearen zilegitasuna ukatzen du, ez
dituelako herriak modu demokratikoan aukeratu. Hirugarren paragrafoan oligarka eta
jauntxoez ari da, horiek alderdi politikoetan antolatzen badira ere, ez direla nazioaren
ordezkari dio. Atzerritar talde batekin konparatzen ditu, estatuaren funtzioak harturik,
erakunde nagusiak kontrolatzen dituena. Konparaketa hau inperialismo garaian egiten
denez eta “bateriak eta gotorlekuak” aipatzen dituenez, protektoratu batekin konparatzen
du Espainia. Azken paragrafoan, faltsututako hauteskundeak aipatzen ditu, baina
horiek baino kaltegarriagotzat jotzen ditu oligarka eta jauntxoen ustelkeria estatuaren
eginkizunak bereganatuak dituztelako. Bukaeran “masak zuzentzeko eman zitzaien
aginteaz” hitz egiten du, Canovasen sistema kritikatuz, alderdi bitasunak, kazikismoak eta
txandaketa sistemak eragiten baitu, bere ustez, nazioaren gainbehera.

3. TESTUINGURUA
Aurrekariak:
Testua Errestaurazio garaian kokatzen da, hain zuzen ere Maria Kristinaren
erregeordetzan (1885-1902). Mende bukaeran sistemaren krisia agerian zen eta hori
nabarmen azaleratu zen 1898ko hondamendiarekin. 1898ko otsailean Estatu Batuak
Kubako eta Filipinetako independentzia gerretan sartu ondoren, Espainiak errendizioa
izenpetu zuen Parisko Bake Hitzarmenaren bidez. Itun horren arabera, Espainiak Estatu
Batuen esku utzi zituen, besteak beste, Kuba, Puerto Rico eta Filipinak. Galera horiek
ondorio ugari izan zuten Espainiarentzat: ekonomiaren alorrean, kolonietako
merkataritza galdu zen, eta horrek ogasunaren krisia eta prezioen gorakada eragin
zituen.
Unea bera:
Politika eta kultura alorretan, halako gogo kritiko bat agertu zen, berrikuntza
politiko, ekonomiko eta ideologico sakonak eskatzen zituena. Horren isla izan ziren
Joaquín Costak osatutako Erregenerazionismo deituriko mugimendu ideologikoa, eta
98ko belaunaldiko idazle eta artista plastikoen taldea. Erregenerazionismoako
mugimenduan bildu zirenek gogoeta egin zuten Espainiari buruz, galdera bati erantzun
nahian: antzina inperio handia osatu zuen herrialdea, nola egon zitekeen halako egoera
tamalgarrian?
Beste arrazoien artean, J. Costak Espainiako garaiko demokrazia akastunean
ikusten zuen Espainiaren gainbeheraren jatorria. Baina Costak testu honetan salatutako
sistema aurretik sortu zen, Errestaurazioaren hasieran. Cánovas del Castillo izan zen
sistema politikoa horren erantzule nagusia: bere helburua, egonkortasuna eta ordena
lortzea Espainian. Ez zuen nahi militarrak berriz ere altxatzea, ez eta gobernu-aldaketa
bortitz gehiago gertatzea, edota muturreko alderdi politikoek sistema kolokan jartzea ere.
Sistema horrek oinarri sendo batzuk zituen: monarkia, gizarte talde batzuen babesa,
hala nola Elizarena, nobleena edo burgesena, 1876ko Konstituzio berria, eta bi talde
politikoen txandaketa baketsua.
Izan ere, bi ziren Errestaurazio garaiko alderdi politiko nagusiak, alderdi dinastiko
edo ofizialak. Batetik, Alderdi Liberal Kontserbadorea (Cánovasena), antzinako
moderatuak; Gaztela eta Andaluziako latifundisten, Katalunia eta Euskal Herriko
industrialarien eta katoliko ez-integristen interesak errepresentatzen zituena. Bestetik,
alderdi Liberal Fusionista (Mateo Sagastarena): 1880.ean sortu zen eta bertan lehenengo
aurrerakoiak bildu ziren; bere oinarri soziala: lanbide liberalak, merkatariak,
funtzionarioak… ziren. Cánovasek asmatutako sistemaren arabera boterean
txandakatuko ziren biak. Ezkerra (errepublikarrak, sozialistak...) eta eskuin erradikala
(karlistak...) instituzioetatik at mantendu ziren horrela. Hona Costak salatutako sistemaren
lehen ondorioa: liberalismoaren ohiko bi taldeen alderdiek besterik ezin zituzten
hauteskundeak irabazi.
Txandakatze sistema hauteskunde iruzurrean zegoen oinarrituta, eta iruzur hori
azaldu eta salatzen du Costak. Iruzurra honela egiten zen: oligarkek erregearekin hitz
egin eta gero honek gobernuburua aukeratzen zuen. Ondoren, parlamentuko
hauteskundeetarako deia egiten zuen, eta botoen gehiengoa aurretik aukeratutako
alderdiak lortzen zituen: hauteskunde-barruti bakoitzean aukeratu beharreko hautagai
“ofizialen” zerrendak prestatu ondoren, zerrenda hauen berri ematen zitzaien tokian tokiko
jauntxoei. Jauntxo horiei esker lortzen zen, botoak erosiz, mehatxatuz, edo amarru eginez,
aurreikusitako emaitza hauteskundeetan.
Ondorengoak:
1898ko kolonien galeratik abiatuta Errestaurazioko sistema krisian sartu zen.
1902an Alfonso XIII.arekin krisiari langile mugimendua eta nazionalismoak gehitu
zitzaizkion, baita Marokoko gerrak eragindako ondorioak. 1923an Primo de Riverak estatu
kolpea eman zuen eta diktadura ezarri zuen 1930era arte. Diktadurak porrot egitean
“diktablanda” izeneko aro bat ezagutu zuen Espainiak 1931ko apirilaren 14an II.
Errepublika aldarrikatu zen arte.

4. TESTUAREN GARRANTZIA
Testu hau bi aldetatik da garrantzitsua: batetik, Berrezarkuntza garaiko
hauteskunde sistemaren azalpen zehatza da. Bestetik, argi erakusten du sistema
honek bere garaian bertan izan zituen kritikak, hau da, garaikideek honi buruz zer iritzi
zuten. Testu honek garrantzia izan zuen 1898ko hondamendiaren ostean sortu zen
Erregenerazionismoaren ideiak zabaltzerako orduan.
Baina, nahiz eta J. Costak Espainiar gizartea lo-zorrotik iratzarri nahi aldaketaren
beharraz jabetu zitezen, bere lan honek ez zuen emaitza praktikorik izan eta, beraz,
hausnarketa hutsean geratu zen, sistemak 1923ra arte jarraitu baitzuen. Hala ere, kritika
baliagarria izan zen garaiko oposizioa indartu baitzuen, nahiz eta, aldi berean, militarren
diktadura nahiak handitu ere.

You might also like