Download as doc, pdf, or txt
Download as doc, pdf, or txt
You are on page 1of 2

Onddoak onddo

Biltzaile sena dugu hemen. Berdin dio mendian ala hondartzan izan, gaztainak, intxaurrak,
lapak, lanpernak, perretxikoak ala onddoak izan; ahaleginetan ibiltzen gara gure saskia betetzeko,
eta batzuetan erabat blai utzi arterainoko izerdialdiak eginez. Dena tripa-truke. Edo ez. Izan ere, bai
al dago plazer handiagorik halako harrapari batentzat gero bere saskiaren balioa Ordiziako ferian
zenbatekoa izango litzatekeen ikustea baino? Diru goseak itsutu ditu asko.
Euskal Herriko mendialdeko herri batean udazkena hasi berria zen. Astearte buruzuria izaki,
bi lagun, aurre-jubilatuak, sasoikoak, hortxe zeuden egunero bezala gosari-legea egiten.
Haurtzarotik ezagutzen zuten elkar. Bizitzak eskaintzen dizkigun etapa guztietan elkarrekin egin
zuten irri, ibili ziren jostari, plazan dantzari, parremurritzak egin hainbat neskari, aitatasunari ongi-
etorri, eta saminari jarki. Eta tarte horietan guztietan irailetik aurrera onddoak nahiz perretxikoak
biltzea zuten gogokoa, gero aldarte oneko lagunartean elkarrekin dastatzeko. Esan bezala, egun
horretan garai egokia zen, eta gainera, aurreko egunetan egindako euriak zoriontsu egingo
zituelakoan, beraiek ezagutzen zituzten txokoetara joatea erabaki zuten.
Hala, gure bi lagunak kotxe batean abiatu ziren. Errepidea utzi eta gero pista batetik sartu
ziren. Bide-bazter batean aparkatu, eta azkenik oinez ezkutuko zidor bati ekin zioten. Ordu erdiko
ibilaldia egindakoan iritsi ziren lehenengo jomugara. Aho bete hortz geratu ziren. Biltzaile guztiek
amesten duten onddo-kolpea gertaturik, kontu handiz ibili behar zen estimatutako beltzak
zapalduko ez baziren. Hori pagotxa! Inon onddo-biltzaileentzat paradisu bat baldin badago, horren
antzekoa izan beharko du. Veni, vidi, vici bertsio mikologikoan. Pentsa zer sentituko zuen desertua
gurutzatzen ari den egarritu batek botila bat ur topatuko balu! Txerri-goseak ezkur-meta amestu ez,
ikusiko balu! Halaxe zeuden gure bi lagunak.
Gauzak horrela, biltzeari ekin zioten. Ordu erdi bat pasa ondoren, kotxea ekarri zuenak
halako egoera batean esatea debekatu beharko litzatekeen hitza oihuka esan zuen: Goazemak!
Ernegaturik besteak erantzun zion: Zer diok? Eta lehenengoak orroka: Goazemak!
Gero azalpenak etorri ziren, emaztearekin geratua omen zen... etxerako asteko erosketa egin
behar zutela... eta hark ere txoferra behar zuela. Doinu bromazale batez otarra beteta zutela
gaineratu zuen, baita gosea asetzeko moduko otordua izango zutela erantsi ere. Beste laguna,
noski, etsituta zegoen. Damutu zitzaion, beste behin ere, kotxea gidatzeko baimenik ez atera izana,
bere garaian txofertu izan balitz, ez zegokeen beti gidari baten peskizan. Egoera ontzat eman eta
kotxerako bidea hartu zuten.
Herrian berriz ere. Bata emaztearekin erosketa egitera joan zen, eta bestea etxera. Zer
eginik ez zuen eta, zer egingo zuen gizajoak! Bere baitan bere buruari galdetzen zion behin eta
berriz: nolatan utzi onddo eder haiek bareen bazkarako?... Baina, hara! Etxeko atarian aldameneko
bizilagunarekin topo egin zuen. Jaieguna omen zuen. Urteko aparteko lanorduengatik tarteka egun
libreak hartzera behartuta zegoen eta besterik gabe egunkaria erostera zihoan. Kotxea bazuen,
beraz, gure lagun etsituak bestelako plana proposatu zion. Jakina, auzokideari tripa zorriak hasi
zitzaizkion onddoen kontua entzun bezain laster.
Mendira berriz ere. Harako bidean ez zen umore ona falta izan. Auzoa gonbidatu behar
omen zuten bilduko zutenarekin. Iritsi ziren autoa utzi beharreko aparkalekura, eta... hara
ustekabea! Hantxe zegoen emaztearekin erosketa egin behar zuen adiskidearen Suzuki urdina.
Batere dudarik ez zegoen, hurrengo eguna asteazkena izango zen, eta Ordiziako ferian ez zen
eroslerik falta izango. Erosketa beste batzuek egingo zuten, antza. Gainerakoan, zertarako behar
zituen hainbeste onddo?
Barkatuko didazue, irakurle saiatuok, hemen eten bat egin izana. Ez dut esango nola jarraitu
zuen hemendik aurrerako kontakizunak. Asma ezazue, barneratu kontua, zuek zer egingo ote
zenuketen? Kristorenak eta bi lagun gezurtiari esan?, deus esan gabe beste bide bat hartu?, herrira
itzuli?, segi bere arrastoa topo egin arte ikusteko zer esaten zuen?, berak bildutakoaren erdia
ematera behartu?, gurpilak zulatu?, bere arimaren salbazioaren alde errezatu?... Bai, ordea, esango
dut nola amaitu zen istorioa: adiskide izateari utzi zioten.
Zein hauskorra den adiskidetasuna! Harrezkero, onddo-beltz kiloa 60 euroan ikusita ere,
gertakari honekin gogoratzen naiz, eta pentsatzen dut ez dagoela dirurik adiskide on baten galera
ordainduko duenik.

Jakin nahi nuke zuretzat zer den


benetan adiskidantza,
hainbat urtetan saskian bilduz
onddoa eta urritxa,
adiskidea zinelakoan,
itxurako kaskabeltza,
konturatu naiz orain zarela
zuria eta_asta-putza.

You might also like