Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 20

GEOLOGIA 4

1. UNIBERTSOAREN ETA EGUZKI SISTEMAREN SORRERA

Unibertsoan materiak zer eboluzio izan duen, eboluzio hori zer energiaren eraginez eta
zer legeren arabera gertatzen den azalduko duten ereduak aurkitzea da astronomiaren
erronka nagusietako bat.
Unibertsoaren sorrera eta haren konposizioa azaltzeko, big bang edo leherketa
handia izeneko teoriak du gaur egunean onarpen handiena zientzialarien artean.

1. Orain dela 14.000 milioi urte inguru, unibertsoaren osagai guztiak tenperatura
eta dentsitate oso-oso handitan kontzentratuta zeuden. Egoera erabat
desegonkorra zenez, deskonpresio leherkorra gertatu omen zen. Hala,
unibertsoa hedatzen hasi zen, eta gaur egun ere hala jarraitzen du.
2. Tenperatura eta dentsitatea jaisten hasi, eta energia materia bihurtu zen.
Partikula subatomikoak agertu ziren; gero, partikulak elkarrekin konbinatu,
eta lehenengo hidrogeno eta helio atomoak sortu ziren. Gutxi gorabehera 500
milioi urte geroago, materiaren grabitazio erakarpenaren bidez, errotazioan
zeuden gas esferak sortu ziren, baina, indar zentrifugoaren eraginez, lautu, eta
disko forma hartu zuten.
3. Diskoaren erdian, hidrogeno eta helio masaren zati handiena metatu zen eta
tenperatura drastikoki igo zen. Baldintza horien ondorioz, fusio nuklearreko
erreakzioak gertatu ziren hidrogeno atomoen artean, eta helioa sortu zen:
horrela eratu zen protoeguzkia, eta, hortik, Eguzkia.
4. Protoeguzkiaren inguruan, disko birakari bat osatuz joan zen,
non planetesimalak (hauts kosmikoaren agregazioak) handitu egin ziren,
materia gehituz zihoalako, talkaren ondoriozko akrezio deritzon prozesuaren
bidez.Planetesimalen arteko erakarpenak asteroide gero eta handiagoak sortu
zituen. Hala, asteroideak planeta eta satelite bihurtu ziren.
5. Eguzkiarekiko distantzia izan zen planeten ezaugarri harritsua edo gaseosoa
determinatu zuena: dentsitate handiagoko materialez osatutako
planetesimalak Eguzkitik hurbilago biratzen ziren eta barneko planeta
harritsuak sortu zituzten (Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte); aldiz, material
arinagoz (ur, metano eta amoniako izoztuak) osatutako planetesimalak
Eguzkitik urrunago biratzen ziren, eta kanpoko planeta gaseosoak sortu
zituzten (Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno).

Lurra eguzki sistemaren barnean dago; eta sistema hori, Esne Bidea izeneko
galaxiaren Orion besoan. Gaur egun, gure planetaren eta haren planeta
sistemaren sorrera azaltzeko, teoria nebularra erabiltzen da, Immanuel
Kantek eta Pierre-Simon Laplacek XVIII. mende amaieran proposatu zutena.
Teoria horren arabera, eguzki sistema sortu zen hauts kosmikoz eta gasez
(hidrogenoa eta helioa, nagusiki) osatutako izarrarteko nebulosa birakari
baten grabitazio kolapsotik eta haren ondorengo hoztetik.
Lurra hirugarren planeta da Eguzkitik kontatzen hasita. Duela 4.600 milioi
urte inguru zuen fusio egoera dela eta, elementu pisutsuenak esferaren
1
erdialdean kokatu ziren, eta nukleoa osatu zuten.Nukleo gainean, dentsitate
txikiagoko materialak jarri ziren, eta horiek mantua eratu zuten;material
arinenak, berriz, gainazalean geratu ziren eta azal solido bat osatu zuten.
Hasiera-hasieran izandako jarduera bolkanikoaren eraginez, ur lurruna eta
beste gas batzuk kantitate handian askatu ziren; horrela sortu
ziren atmosfera eta hidrosfera.

2. LURRAREN BARNE EGITURA

Lurraren barnealdea zenbait geruzatan banatzen da. Bi eredu daude banaketa hori
egiteko: eredu geokimikoa eta eredu dinamikoa.

Eredu geokimikoa

Konposizio kimiko desberdineko hiru geruza daude: lurrazala, mantua eta nukleoa.
2
Lurrazal
Lurraren gainazalean dagoen geruza solido eta gogorra da.
Bi lurrazal daude: lurrazal kontinentala eta lurrazal ozeanikoa:
● Lurrazal kontinentala. 20 eta 70 km arteko sakonera du, gutxi gorabehera.
Tonalitate argiko arrokak dira nagusi, hala nola granitoak eta gneisak. Lurrazal
kontinentalekozenbait arrokak 4.000 milioi urte inguru izan ditzakete.
● Lurrazal ozeanikoa. Lurrazal kontinentala baino dentsoagoa, finagoa (5 km-tik 10
km-ra bitarteko lodiera du) eta berriagoa da. Lurrazal kontinentalean nekez
aurkituko dugu 200 milloi urte baino gehiagoko arrokarik. Basaltoek eratzen
dute nagusiki: jatorri bolkanikoa duten tonalitate iluneko arrokek.

Mantua
● Lurrazalaren eta nukleoaren artean dagoen geruza
da, solidoa gehien-gehienean.
● Mantuaren konposizioa nahiko uniformea da; magnesio askoko mineralak
eta burdina dituzten arrokak ditu.
Nukleoa
● Nukleoaren tenperatura oso altua da (5.500 ºC-tik gorakoa ere) eta haren
dentsitatea eta presioa oso handiak dira.
● Burdinaz eta nikelez gain, beste elementu astun batzuk izan ditzake, hala nola
urrea, platinoa eta merkurioa.

Eredu dinamikoa

Ezaugarri fisikoei eta jokamolde mekanikoei erreparatuz gero, bost geruzatan banatu
daiteke Lurraren barnealdea:
Litosfera
● Lurrazal osoa eta mantuaren goiko zatia hartzen ditu.
● Material zurrunez eta hauskorrez osatuta dago.
● Litosfera ozeanikoak dentsitate handiagoa du eta ozeanoen azpian dago;
litosfera kontinentalak dentsitate txikiagoa du eta kontinenteak eratzen ditu.

Mesosfera
● Egoera solidoan dago. 670 km-ko sakoneran, gutxi gorabehera, goi mantutik
bereizten duen etenunea dago.
● Litosferaren azpian dagoen mantuaren gainerako zatia hartzen du. Goialdea goi
mantu azpilitosferikoari dagokio, eta han dauden materialen plastikotasun
handia du ezaugarri.
● Behealdeak nukleoa ukitzen du eta D’’ maila esaten zaio. Geruza irregular bat da,
0 km eta 200 km arteko lodierakoa, zonen arabera, eta material urtuak ditu,
nukleoaren hurbiltasunagatik.

● Mesosferak, nahiz eta solidoa izan, portaera nahiko plastikoa du. Hori gertatzen
da konbekzio korronte kaotikoek zeharkatzen dutelako, D’’ mailan sortzen

3
direnak; maila horretatik, material urtuen zutabeak igotzen dira, luma
termikoak, mesosfera zeharkatu eta litosferaraino iristen direnak.

● Litosferatik, material dentsoak eta hotzak jaisten dira, subdukzio jauzi modura,
D’’ mailaraino.

Kanpo nukleoa (endosfera)


● Haren egoera fisikoa likidoa dela uste da.
● Kanpo nukleoa osatzen duen materiala konbekzio bidez eta Lurraren
errotazioaren eraginez mugitzen da. Burdinak, elektrizitate eroale izanik,
korronte elektrikoak sortzen ditu mugitzean, eta korronte horiek eremu
magnetikoa sortzen dute.
Barne nukleoa (endosfera)
● Geruza solidoa da.
● Nukleoari dagokio, kanpo nahiz barne nukleoari. Kanpo nukleoa fluidoa denez,
konbekzio korronteak ere sortzen dira. Kanpo nukleoan dagoen konbekzio fluxu
metaliko horretatik sortzen da Lurraren eremu magnetikoa.

3. KONTINENTEEN JITOA

Wegener zientzialariak esan zuen masa kontinentalak —gaur egun bananduta


daudenak— elkartuta egon zirela behin, eta kontinenteak higitu egin zirela
astiro-astiro, gaur egungo kokapenera heldu arte.
Kontinenteen jitoaren hipotesia

4
Wegenerrek honela deskribatu zuen kontinenteen jitoaren hipotesia:
● Paleozoikoaren amaiera aldera, ur gaineko lur guztiak superkontinente bakar
batean elkartuta zeuden: Pangea izeneko superkontinentean.
● Kontinenteak higitu egin ziren itsas hondoaren gainean irristatuz, eta
mugimendu horren ondorioz, Pangea zenbait masa kontinentaletan zatitu zen,
gaur egungo banaketa geografikora heldu arte.
● Kontinenteak higitu egin ziren Lurraren errotazioak eragindako indar
zentrifugoaren ondorioz eta Eguzkiaren eta Ilargiaren grabitazio erakarpenaren
ondorioz, eta haien ertzetan jalkitako materialen kontra talka egin zuten.
Talkaren eraginez, tolestu egin ziren, eta mendikateak sortu. Higitzean, zenbait
zati utzi zituzten atzean, eta uharte multzoak sortu ziren.

Kontinenteen jitoaren frogak

Bere hipotesiaren alde, kontinenteen jitoa justifikatzen zuten froga geografikoak,


geologikoak, paleontologikoak eta paleoklimatikoak bildu zituen Wegenerrek.
Geografikoa
Munduaren mapari behatzean, ikus daiteke kontinenteak puzzle baten piezen modura
ahokatzen direla. Esate baterako, Hego Amerikako kostaldea ia perfektuki ahokatzen
da Afrikako kostaldean.
Geologikoa
Mendikateak Atlantikoaren bi aldeetan lerrokatuta daude; esate baterako, Appalacheak
eta Britainia Handiko eta Eskandinaviako mendikateak. Mendikate horiek osatzen
dituzten arrokek antzeko konposizioa eta adina daukate.
Paleontologikoa
Gaur egun ozeano handiz bananduta dauden zenbait tokitan, ur eremu handiak
gurutzatu ezin dituzten espezie kontinental batzuen fosilak daude.
Adibidez, Mesosaurus narrastiarenak eta Glossopteris zuhaixkarenak.

Paleoklimatologia
Adin bera duten glaziar jatorriko sedimentuak aurkitu dituzte Afrikan, Hego Amerikan,
Indian eta Australian. Sedimentu horiek Hego polotik gertu sor daitezke soilik; horrek
esan nahi du kontinente horiek latitude horietan egon zirela noizbait.

5
Adin bereko granitoak
Adin bereko mendikateak
Sedimentu glaziarrak (300 m.u.)
Mesosaurus narrastiaren fosilak
Glossopteris gimnospermo primitiboaren fosilak

4. OZEANO BAT SORTZEA eta PLAKEN TEKTONIKOA

Sonarra erabiltzean konturatu ziren ikertzaileak itsas hondoa erliebe elementu ugariko
eremua zela eta ez zuela zerikusirik Wegenerrek espero zuen eremu lauarekin.

6
Wegener zientzialariak esan zuen masa kontinentalak —gaur egun bananduta
daudenak— elkartuta egon zirela behin, eta kontinenteak higitu egin zirela
astiro-astiro, gaur egungo kokapenera heldu arte.

Itsas hondoaren erliebea kontuan izanda, ezinezkoa da kontinenteak haren gainean


irristatuz higitzea. XX. mendearen hirurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, irtenbide
moduan, itsas hondoaren hedapenaren hipotesia proposatu zuten: mesosferako
arrokak dortsaletako riftetan barrena igotzen dira, konbekzio korronteen bidez, eta
dortsalen bi alboetara hedatzen dira. Litosfera ozeaniko berriak lehenagokoa
mugiarazten du milioika urtez irauten duen prozesu batean; horren ondorioz, itsas
hondoak sortu eta hedatu egiten dira.

XX. mendearen bigarren zatian, onartuta zegoen Lurraren gainazala desplazatu egiten
dela. Ideia horren ondorioz —itsas hondoaren hedapenaren hipotesiaren
babesarekin—, zientzialariek berraztertu egin zituzten lurrikaren eta sumendien
kokapenari buruzko datuen interpretazioak.

Lurrikaren eta sumendien banaketa ausazkoa ez zela ikusi zutenean, honako ideia hau
proposatu zuten: planetaren gainazala litosfera izeneko geruza zurruna da eta plaka
litosferikotan zatituta dago. Plaka horien muturrak, hain zuzen ere, bat datoz lurrikara
eta sumendi ugari izaten dituzten ezegonkortasun lerroekin.

Hondo ozeanikoaren ezaugarriak

1. Hondo ozeanikoa mendikate batek zeharkatzen du luzetara: dortsal ozeanikoa.


Dortsalaren erdian, arrakala sakon bat dago: rift deitzen zaio.
2. Hondo ozeanikoko basaltoak oso gazteak dira eta haien adina simetrikoki
handitzen da dortsaletik urruntzean.
3. Dortsalaren azalean, ia ez dago sedimenturik eta, egonez gero, haien lodiera
handitu egiten da dortsalaren bi aldeetan distantzia areagotu ahala.
4. Dortsaletatik urrun eta kontinenteekiko edo uharte arku kateekiko paralelo, fosa
ozeaniko sakonak daude.

7
Plaka litosferiko motak:

Plaka ozeanikoak: lurrazal ozeanikoz eratuta daude.


Plaka kontinentalak: lurrazal kontinentalez eratuta daude.
Plaka mistoak: lurrazal kontinentalez eta ozeanikoz eratuta daude.

Plaka tektonikoen higidurak


Lurraren nukleoaren tenperatura handiak bero fluxu konbektibo bat sortzen du
litosferaren eta mesosferaren eskualde sakonen artean, eta fluxu horrengatik gertatzen
dira plaka tektonikoek goi mantu azpilitosferikoaren gainean dituzten higidura
bertikalak eta horizontalak.

HIGIDURA BERTIKALAK: ISOSTASIA


Isostasia honela definitzen da: litosfera goratzea edo hondoratzea goi mantu
azpilitosferikoan, azken honen plastikotasunari esker, gaineko materialen pisuaren
arabera, oreka isostatikora iritsi arte.
Litosferaren goratze isostatikoa
-
Litosfera mehetzen denean gertatzen da, kanpoko agente geologikoek haren azala
higatzearen ondorioz.
Litosferaren beheratze isostatikoa: subsidentzia
-
Litosfera loditzen denean gertatzen da, arro sedimentarioetan sedimentuak
metatzearen ondorioz.

HIGIDURA HORIZONTALAK
Gaur egun, plaken alboko irristatzeak azaltzen dira, hiru prozesuren eragin
konbinatuaren bidez: hondo ozeanikoaren hedapena, plaken grabitazio irristadura
eta subdukzioa mantuan.

Plaken arteko mugak:

Plaken ertzak edo mugak plaka litosferikoen arteko ukipen guneak dira. Zenbait mota
bereiz ditzakegu, plaken artean zer mugimendu mota dagoen, eta litosfera ozeanikoa
sortu, bere horretan geratu edo suntsitu egiten den kontuan hartuta.
Plaken arteko mugetan edo ertzetan planetako jarduera sismiko eta bolkaniko
gehiena biltzen da.
Plaken arteko mugak hiru eratakoak izan daitezke:
● Muga dibergenteak edo konstruktiboak
● Muga labainkorrak edo transformakorrak
● Muga konbergenteak o suntsitzaileak

8
MUGA DIBERGENTEAK EDO KONSTRUKTIBOAK

Dortsal ozeanikoak muga dibergente edo eraikitzaileetan sortzen diren mendilerro


ozeanikoak dira. Litosferaren haustura-eremuetan sortzen dira, mantuaren materiala
hausturetatik igotzen da, pilatzen joaten da eta mendilerroa eratzen du. Inguru
hauetan litosfera berria sortzen da eta hondo ozeanikoa hedatu egiten da.

Dortsalek ezaugarri hauek dituzte:

1. Dortsalaren erdiko zatia hondoratuta dago eta hausturaz betetako ildaska bat
eratzen du, rift (edo rift-valley) izenekoa.
2. Riftetik magma igotzen den mantutik, aktibitate bolkaniko geldo baina
konstante bat sortuz.
3. Dortsaletatik igotzen den magmak litosfera ozeaniko berria eratzen du,
dortsalaren bi alboetan dagoen magmara bultzatzen duena, urtean zenbait
zentimetrotan.
4. Prozesu honen ondorioz, itsaspeko mendilerro luzeak eratzen dira, hondo
ozeanikoetan zehar 64000 kilometro baino gehiagoko luzera eta 3 kilometroko
batez besteko altitudea dutenak.
5. Sedimentuen potentzia oso txikia da eta dortsaletik urrundu ahala handitu
egiten da.

Hondo ozeanikoetan dortsalak eratzeko hainbat fase daude, hasierako fasean, litosfera
kontinentalaren haustura hasiberria den tokietan (Afrikako adarra – Afar harana),
prozesua aurreratuago dagoen beste batzuetan (Itsaso Gorria) edo prozesuak milioika
urte daramatzanetan (Dortsal Atlantikoa).

9
Dortsal mesoatlantikotik
urgaineratutako eskualdea, Islandian.
Erdian, luzetara zeharkatzen duen rift
harana ikus daiteke.

Irudietan afrikako kontinentean gertatzen ari diren prozesuak azaltzen dira. Afrika
iparraldetik hegoaldera doan 4.830 kilometroko Rift kontinental izeneko haustura
geologiko handia osatzen ari da: rift haran handia.

Itsaso Gorrian fenomeno bera gertatzen ari da, baina fase aurreratuago batean dago,
bere zabalera handitzen ari da litosfera ozeanikoaren sorreraren ondorioz. Hemen,
aurreko prozesuan bezala, rift harana sortu zen, nondik magma atera zen eta dortsala
sortu zen, dortsaletik abiatuta litosfera ozeanikoa sortuz joan zen. Ondorioz, Afrikatik
eta Arabiar penintsulatik banatzen ari dira.

OROGENESIA ETA MUGA KONBERGENTEAK


Orogenesia, mendilerro kontinentaleko eskualde zabalen deformazio konpresiboaren
ondorioz mendikateak edo orogenoak eratzen dituen fenomenoa da.

10
MUGA KONBERGENTEA: KONTINENTEEN ERTZEKO MENDIKATEEN SORTZEA
(MENDILERRO PERIKONTINENTALAK)

Leku hauetan, itsas hondoa suntsitu egiten da hedatzen ari zen ozeano batean. Milioika
urtetan zehar sedimentuak metatzen direnean gertatzen da, sedimentuen pisu handiaren
ondorioz, azal ozeanikoa hondoratzen eta apurtzen amaitzen denean. Modu honetan, fosa
ozeanikoak osatzen hasten dira.

Une honetatik aurrera, litosfera ozeanikoaren dentsitate handia dela eta, litosfera
kontinentalaren azpitik igotzen hasten da. Litosfera ozeanikoa kontinentalaren azpian
lerratzeak subdukzio eremu bat sortzen du, baina litosfera ozeanikoak garraiatzen dituen
sedimentu gehienak ez dira kontinentalaren azpian sartzen, oso dentsitate txikikoak
baitira eta honek jasotzen baititu, pilatu eta apurtu egiten dira. Horrela, akrezio-prisma bat
eratzen da.

Litosferen arteko marruskaduraren ondorioz, ozeanikoa partzialki desegiten da eta magma


sortzen da. Magmaren dentsitatea txikiagoa denez, gorantz joateko joera du. Magma
barnealdean geratzen bada, geruza kontinentala loditzen lagunduko du eta harri
11
plutonikoak sortuko dira. Magma azalera iristen bada, aktibitate bolkanikoa sortuko du
eta arku bolkaniko kontinentalak sortuko dira.

Plaka bat bestearen azpian irristatzea ez da homogeneoa, arrokak urteetan zehar tentsioak
pilatzen doaz, eta azkenean amore eman eta apurtu egiten dira. Bat-batean askatutako
energiak uhin sismikoak eragiten ditu, lurrikarak sortuz.

Prozesu hauen ondorioz, magma azaleratzen da eta kontinentearen ertzean gerriko


orogeniko bat sortzen du, mendilerro periKontinental edo periozeanikoak sortuz.

MUGA KONBERGENTEA: KONTINENTEEN BARNEALDEKO MENDIKATE HANDIEN


OSATZEA (MENDILERRO INTRAKONTINENTALA) ALPETAR MOTAKO OROGENOA

Orogeno mota hau litosfera ozeanikoa plaka misto batetik erabat subduzitu duen tokietan
gertatzen da, eta bi litosfera kontinentalek talka egiten dute.

Fenomeno hau gertatu zen Himalaya mendilerroa osatzeko.

Himalaya mendilerroa Australiako Indo plakak euroasiarrarekin duen talkaren ondorioz


sortu zen. Duela milioika urte indiar kontinentea itsasoz inguratua zegoen, Indoaustraliar
12
plakak euroasiar plakaren azpian zuen subdukzioaren ondorioz, ozeaniar litosfera erabat
desagertu zen eta bi kontinenteek talka egin zuten. Litosfera ozeanikoak garraiatzen zituen
sedimentu guztiak pilatu eta hautsi egin ziren, eta akrezio-prisma bat sortu zuten plaka
euroasiatikoaren mugan. Litosfera kontinentalak oso trinkoak ez direnez, ez dira igotzen
eta bata bestean txertatzen dira (obdukzioa). Kontinente bat beste baten gainean
zamalkatzen da eta Himalaia mendilerroa sortu zen.

Gaur egun, itsasertz kontinentalen arteko konbergentziak jarraitu egiten du, Indiar
kontinentea zena Eurasian sartzen jarraitzen delarik.

MUGA KONBERGENTEA: UHARTE-ARKUEN OROGENOA

Bi plaka ozeanikok talka egiten dutenean, horietako batek azpiratu egiten du eta
ozeano-fosak eta uharte-arkuak sortzen dira.

Litosfera trinkoena dentsitate txikieneko litosferaren azpitik lerratzen da. Sortutako


marruskadurak subduzitutako plakaren fusioa errazten du, eta horrek sumendi-jatorriko
irlak sortuko ditu subduzitzen ez duen plakaren ertzean. Subdukzioan energia asko
pilatzen da, eta azkenean bat-batean askatuko da, lurrikarak sortuz.

MUGA ERALDATZAILEAK EDO PASIBOAK

13
Muga eraldatzaileak litosfera sortzen edo suntsitzen ez den lekuak dira, hau da, muga
neutroak dira eta horregatik deitzen zaie ertz pasiboak.

Zona horietan, plakak alde batetik bestera lerratzen dira. Desplazamendua ehunka
kilometrokoa izan daiteke, baita milaka kilometrokoa ere.

Jarduera sismiko handiko eremuak dira, plaken marruskaduraren ondorioz, materialak


deformatu eta tentsioa metatzen dira, eta lurrikara gertatzean, pilatutako tentsioa
askatzen da, eta plakak bat-batean mugitzen dira, bata bestearekiko lerratuz, oreka-posizio
berri batera iritsi arte (errebote elastikoa).

5. PLAKEN MUGIMENDUAREN ARRAZOIAK


Plaka litosferikoak mugitzen dira baina zein da plakak mugitzearen arrazoia? Alde batetik,
konbekzio-korronteez hitz egin behar da, eta, bestetik, grabitatearen ekintzaz.

KONBEKZIO-KORRONTEAK
Lurrak, lurrazalerantz irradiatzen duen barne bero bat du, eta mantuan gertatzen diren
konbekzio prozesuen arduraduna da.
Barneko bero honen jatorria, Lurraren eraketa eragin zuen planetesimalen talkak eta
mantuan elementu erradioaktiboak (uranioa, potasioa eta torioa batez ere)
desintegratzeak sortutako beroari egozten zaio.

Gertatzen dena ulertzeko, kontuan izan behar dugu fluido bat berotzen denean, zabaldu
egiten dela, dentsitatea galtzen duela eta gora egiten duela. Tenperatura txikiagoko
lekuetara iristen denean, hoztu eta jaitsi egiten da. Horrela, konbekzio-korronte izeneko
mugimendu ziklikoak ezartzen dira.

Mantua, solidoa den arren, material plastiko edo harikorra bezala jokatzen du, hau da,
hautsi gabe deformatu eta luzatzen da, aurkitzen dituen tenperatura altuengatik, batez
ere beheko mantua.
Mantuaren sakonean, nukleoarekin kontaktuan, beroa oso handia da, horregatik, arroka
masa handiak partzialki urtzen dira, eta, arinagoak direnez, mantutik poliki igotzen dira,
material beroen goranzko korronteak, luma edo gandor termikoak sortuz. Horietako
14
batzuk litosferara iristen dira, zeharkatu egiten dute eta kontinenteak zatitzen laguntzen
dute.
Fosa ozeanikoetan, litosfera ozeaniko hotzaren zati handiak mantuan hondoratzen dira,
eta, beraz, beheranzko korronte batzuk sortzen dira, mantuaren oinarriraino iristen direnak.
Mantuaren goranzko eta beheranzko korronteek plaken mugimendua azal lezakete,
plakak mugituko lituzkeen "arrabol" moduko bat bailitzan jokatzen baitute.

GRABITATEA
Kontuan izan behar da, bestalde, geologo askok uste dutela konbekzio korronteen indarra
ez dela nahikoa tamaina handiko plaka litosferikoak bultzatzeko, Ipar Amerikako plaka
kasu, eta gainera, goranzko korronteak noizbehinkakoak dira. Horregatik, uste da
grabitatea dela indar nagusia; izan ere, subdukzio guneetan, litosfera ozeanikoa mantuan
hondoratzen denean, berarekin batera eramaten du plakaren gainerakoa. Beraz,
dortsaletatik ateratzen den magmak ez dirudi ia eraginik duenik mugimenduan, eta
banatzen diren bi plakak utzitako hutsunea da eragiten duena.

6. WILSONEN ZIKLOAREN ETAPAK


John Tuzo Wilson (1908-1993) geofisikari kanadarrak Wilsonen zikloa izeneko teorian
Lurraren dinamika laburbildu zuen. Teoria horretan, prozesu zikliko baten bidez
azaltzen ditu plaka litosferikoetan izaten diren gertakari tektonikoak.
1. Litosfera kontinentala zatitu egiten da distentsio gune batean. Luma termiko batek
litosfera mehetu eta azkenean hautsi egin duelako gerta daiteke. Horren
ondorioz, rift kontinental bat agertzen da.
2. Agertu diren bloke kontinentalak banandu egiten dira, eta dortsal ozeaniko bat
agertzen da haien artean. Mesosferatik material urtuak ateratzen dira eta, horrela,
litosfera ozeanikoa sortzen da. Itsas hondoa hedatu, eta ertzetako kontinenteak bata
bestetik urrundu egiten dira.
3. Bloke kontinentaletako batek dortsaletik urruntzeari uzten badio, konpresioa sortzen
da. Plaka mistoa hautsi egiten da gune ahulenetik, hots, kontinentearen eta
ozeanoaren arteko mugatik. Litosfera ozeanikoa, dentsoagoa denez, litosfera
kontinentalaren pean hondoratzen da, faila berriaren alderantz.

15
Horrela, subdukzioa hasten da eta, horren bidez, itsas hondoko materiala mesosferara
itzultzen da berriz.
4. Subdukzioak jarraitu egiten du eta fosa ozeanikoa, eta uharte arkuak eta kostaldeko
mendikateak agertzen dira, subdukzioa gunearen gainean geratu den geruzan
jalkitako sedimentuak tolestean.
5. Batzuetan, kontinenteetako baten beste aldean dagoen dortsal batek subdukzio
gunerantz bultzatzen du lehenengo dortsala eta lehen banantzen ari ziren blokeak
elkartzea eragiten du.
6. Bi masa kontinentalek talka egitean, mugimendua amaitzen da. Horrela, subdukzioa
amaitzen da eta talka orogeno bat sortzen da. Bitartean, beste toki batean, distentsioa
sortzen da berriro litosferan,beste rift bat agertzen da eta berriro hasten da zikloa.

7. Lurrazalaren deformazioak
Plaken mugetan, lurrazaleko arrokak deformatu egiten dira eragiten zaizkien esfortzu
tektonikoengatik.

Arrokan eragindako deformazioa bi elementuren araberakoa da: esfortzu mota eta


esfortzu horren aurrean arrokak duen portaera.

16
DEFORMAZIO PLASTIKOA: TOLESTURAK
Arroka bat tolestuta dagoela diogu tolestura aurretik lautzat hartzen zen erreferentzia
gainazal bat kurbatuta ageri denean.

Arroka sedimentarioetan, erraz ikusten da tolestura, erreferentzia plano onak diren


geruza edo estratu horizontalak dituztelako.
Tolestura baten elementuak

Tolestura motak
Tolesturak ez dira han-hemenka bakartuta ageri. Oro har, txandakatuz doazen forma
konkaboen (sinformea) eta konbexuen (antiformea) segida periodiko gisa ageri dira.

17
Tolesturak sailkatzeko irizpide bat baino gehiago erabil daiteke eta horietako bat
oinarritzen da nukleoan dauden materialen antzinatasunean. Horren arabera,
tolesturak antiklinalak edo sinklinalak izan daitezke.

TOLESTURA SINKLINALA

Sinformea izan ohi den tolestura honen nukleoan, material berrienak daude.

TOLESTURA ANTIKLINALA

Antiformea izan ohi den tolestura honen nukleoan, material zaharrenak daude.

Beste irizpide batek tolesturak sailkatzen ditu ardatz planoaren makurduraren


arabera. Hala, tolesturak izan daitezke zuzenak, makurrak eta etzanak.

18
DEFORMAZIO ZURRUNA: DIAKLASAK ETA FAILAK
Esfortzuek arrokaren erresistentzia muga gainditzen dutenean, arroka hautsi egiten da
eta bi motatako hausturak gerta daitezke: diaklasak eta failak.
Diaklasak
Haustura gertatzean, blokeak ez dira higitzen haustura planoaren alde bietarantz.

Distentsio esfortzuek arroka granitikoetan eragindako diaklasak


FAILAK
Arroka hausten denean, blokeak higitzen dira haustura planoaren alde bietarantz.
Failak deformazio hauskor arruntenak dira geologian eta haietan gertatzen diren
bat-bateko mugimenduak lurrikara gehienen eragileak dira.

Faila baten elementuak

Faila motak
Faila normala
-
Distentsio esfortzuek sortzen dute. Ezpain hondoratua faila planoaren gainean kokatzen da.

19
Alderantzizko faila
-
Konpresio esfortzuek sortzen dute. Ezpain goratua faila planoaren gainean kokatzen da.

Urratze faila edo faila eraldatzailea


-
Zizaila esfortzuek sortzen dute. Blokeak horizontalki higitzen dira, desnibelik gabe plano
bertikalean.

20

You might also like