Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 2

SOFISTAK

K.a. V. mendean, Atenasen demokrazia nagusi zen, eta hitzaren erabilera egoki eta limurtzaileak garrantzia
hartu zuen. Sofistak ez ziren Atenastarrak, kanpotarrak baizik, beraz ezin zuten hiriko batzar politikoetan hitz
egin. Hala ere, kultura jasokoak zirenez, erretorika-eskolak eta elkarrizketarako teknikak irakatsiz irabazten
zuten dirua.

Sofisten iritziz, Natura edo Physisa gizakiaren borondatetik kanpo dago, beraz ez du ikergai izan behar.
Ordez, gizakia eta giza-kontuak ikertu behar dira. Sofistek filosofia antropozentrikoki eraldatu zuten. Arazo
berriak planteatu zituzten: antropologikoak, politikoak, moralak…

Eszeptizismo epistemologikoa
Sofistek zentzumenen balioa aldarrikatu zuten; zentzumenetatik jasotzen dugun informazioa
pertsonaz-pertsona aldatzen da. Honexegatik, ezin dugu egia unibertsalik ezagutu, ez baita existitzen. Honi
eszeptizismo epistemologikoa deritzo.

Erlatibismo morala
Egiarik ez dagoen moduan, Sofistentzat ez dago moral (etika) unibertsalik. Sofisten ustez, ez dago lege edo
ohitura zuzenik edo sakraturik. Balioak eta legeak zuzenak ala ez-zuzenak, egiazkoak ala faltsuak dira
ikuspuntuaren arabera. Honi erlatibismo morala deritzo.

Legeen konbentzionaltasuna
Azkenik, Sofistek uste dute legeak ez direla sakratuak eta aldaezinak, ez dutela berezko baliorik: gizakiak
baliagarri egiten ditu, harentzako onuragarriak edo komenigarriak direlako. Beste modu batera esanda,
gizakiak erabaki egiten du legeak zuzenak diren ala ez. Honi legeen konbentzionaltasuna deritzo.

SOKRATES

Sokratesek ez zuen ezer idatzirik utzi. Horregatik, hari buruz dakigun guztia ondorengo filosofoengan izan
duen eraginagatik da. Platon eta Aristoteles dira iturri fidagarrienak. Aristotelesen arabera, bi izan ziren
Sokratesen ekarpenak: argudiaketa induktiboa eta definizio unibertsala. Indukzioarekin, kasu partikularretatik
lege orokorra eratzen da. Sokratesek elkarrizketa bidezko argudiaketa induktiboa egiten zuen definizio
unibertsala aurkitzea helburu izanda, eta era berean azken hau bilatzen zuen Sofisten aurka egiteko.
Sokratesek erlatibismoaren kontra egiten du, esanez badagoela egia, ongia, justizia… unibertsal bat.
Esaterako, antierlatibismo moralarekin, iritzi guztien gainetik jardunbide zuzen bat badagoela dio. Egia
moral hori bilatzea da bere egitekoa, gero irakatsi ahal izateko.

Sokratesek ematen dio hasiera intelektualismo etikoari, lehen moral arrazionala. Bertutea jakintzari lotzen
dio, ongia ezagutu behar den zerbait delako. Sokratesen ustez, ongia ezagutzen duenak ezin du gaizki
jokatu. Baita ere, bere iritziz, gaitza, ezjakintasunaren ondorio da.

Sokratesen metodoak bi pauso ditu: ironia eta maieutika. Sokratesek, ezjakinarena egiten du bere
mintzakidearekin, mintzakide horren kontraesanak azaleratu baino ez eginez. Mintzakidea harridura egoera
batera eramaten du, azkenean bere ezjakintasuna aitortu beharko duen arte.

Izan ere, filosofoaren lana gure barruan ditugun ezagutzak erditzen laguntzea dela uste du. Bere amak,
emagina zena, haurrekin egiten zuen moduan egiten du maieutikak ideiekin: ateratzen lagundu.
Horretarako, introspekzio lan bat egin beharra dago. Honekin, definizioarekin topo egitea zuen helburu
Sokratesek.
PLATON

Izatearen/Ideien teoria. Dualismo ontologikoa

Platonen arabera, bi mundu daude: Mundu Fisiko-Materiala eta Ideien Mundua. Mundu Fisikoa,
zentzumenen bidez hautematen duguna, etengabe aldatzen da. Mundu Materialeko gauzakiak eredu
materiagabeetatik sortu dira, hau da, ideietatik.

Ideiak eredu aldaezinak, betierekoak eta perfektuak dira, ideiak dira benetako errealitatea.
Platonek hierarkia bat osatzen du ideien artean. Garrantzitsuena ongia da: ongia da errealitate guztiaren
printzipioa, ongia da guztiaren izatea. Ondoren, zientzia eta matematika egongo lirateke, eta azkenik,
gauzaki arrunt bakoitzak duen forma sortzen duten ideiak.
Ideiek badituzte hainbat ezaugarri. Batetik, arrazoimena erabiliz ezagutzen dira, eta ez zentzumenen bidez.
Bestetik, unibertsalak dira, beraz definizio unibertsalak aurkitzeko erreferentzia gisa balio dute. Azkenik,
ideiak dira zentzumenen munduko gauzakien izateko zergatia, ideietatik hartzen baitute gauzakiek euren
izana.

Dualismo antropologikoa: gorputza eta arima. Arimaren teoria.

Platonen ustez, gizakiak bi osagai ditu: gorputza eta arima. Arima jainkozkoa eta hilezina da; gorputza,
berriz, ez duina, hilkorra eta arimaren kartzela edo hilobia da.
Arimaren hiru zati daude, Platonek gurdi hegadunaren alegoria erabiliz azaltzen dituenak. Batetik, zati
arrazionala dago, pentsamena, nahimena, eta oroimenaren funtzioak betetzen dituena: buruan datza, eta
alegorian gurdi gidaria da.
Bestetik, zati oldarkorra dago, ausardia edo koldarkeria bezalako sentimenduetako gogoa bideratzea
zeregin duena: bihotzean datza, eta alegorian zaldi zuria da.
Azkenik, zati irritsua dago, irrikak (biziraupen sena, mina) bideratzearen zeregina duena: sabelean datza,
eta alegorian zaldi beltza da. Zati arrazionala da hilezina den bakarra (ideien mundukoa da izatez), beste
biak gorputzari lotuta daudenez, gorputzarekin hilko direlako.
Arimaren zati bakoitzak bertute bat du, hau da, lortu behar duena. Zati arrazionalaren bertutea zuhurtzia
eta jakinduria dira, zati oldarkorrarena sendotasuna, eta zati irritsuarena neurritasuna. Arimaren zati
bakoitzak bere bertutea lortzen duenean, oreka bat emango da, eta oreka hori justizia da.

Ezagutzaren teoria: zientzia eta iritzia

Platonen arabera bi ezagutza maila daude:

- Iritzia, aldaketa konstantean dagoenari buruzko ezagutza da. Itxurak atzematen ditugu,
zentzumenen bidez, mundu-fisiko materialean. Itxura horiek, haitzuloaren alegorian ikusten diren
itzalak dira. Iritzia ez da benetako jakintza, eta ez da batere fidagarria.

- Zientzia, aldatzen ez denari buruzko ezagutza da. Iritziaren mailan ez bezala, ideiak edo esentziak
arrazoiaren bidez atzematen dira. Benetako ezagutza haitzuloaren alegorian, eguzkia dagoen
kanpoko munduan, ideien munduan, lortzen da. Zientzia ezagutza ziurra da.

Platonek Sokratesen intelektualismo etikoa jarraitzen du: Nahita gaizki jokatzea ezinezkoa da, jakitunak ezin
duelako gaizki jokatu, eta txarto jokatzen duenak ez-jakintsua delako da.

Platonentzat ezagutza gogoratzen datza, ez dira eduki berriak bereganatzen. Arimari ahaztu zitzaion ikasi
zuen guztia, gorputzari lotuta geratzean. Baina, mundu fisikoan ikusten dituen kopiei esker gogoratzen du
ideia erreala.

Azkenik, maitasuna ezagutzaren eragilea da.

You might also like