Aristotles Teoria Politikoa

You might also like

Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 2

ARISTOTELES

TEORIA POLITIKOA: GIZATASUNA ETA ERREGIMEN POLITIKOAK

Aristotelesen arabera, gizakia animalia politikoa da, batez ere bi arrazoirengatik. Lehena da
gizartean bizitzea bizirik irauteko ezinbestekoa dela, eta bigarrena, bizikidetzan soilik lor
dezakeela moralean eta intelektualean gehien egokitzen zaion perfekzioa. Horrela bakarrik,
lortuko du zoriontasuna edo bizitza ona, etikaren eta politikaren helburua. Gizatiarrenak ez
direnak soilik bizi daitezke gizarterik gabe: animaliak edo jainko-jainkosak bakarrik bizi daitezke
gizartetik kanpo. Ikus daitekeenez, hemen ez da Platonengandik urruntzen. Baina
mazedoniarraren ustez, elkarterik berezkoena eta lehenengoa familia da, gero familiaz
osaturiko elkartea den auzoa, eta azkenik, hiria (Estatua, zenbait herrixka lege batzuen
inguruan elkartzea). Beraz, familiak bere garrantzia du, eta ez da oztopo, Aristotelesen teoria
politikoan. Hau da, ongia eta zuzena zentzu berean ulertzeak familia sortzen du lehenik, eta
familiak elkartzean, gizarte politikoa sortzen du.

Estatua antolatzeko bi gobernu mota bereizten ditu zuzenak eta okerrak. Zuzenak dira guztien
ongia bilatzen dutenak eta okerrak dira gobernuan daudenen interesak baino babesten ez
dituztenak. Zuzenen artean, monarkia, aristokrazia eta errepublika aipatzen ditu. Bestetik,
gobernatzeko era zuzen bakoitza ustel daiteke: monarkia usteltzen denean, tirania bihurtzen
da; aristokrazia usteltzen denean, oligarkia, eta errepublika usteltzen denean, demagogia edo
demokrazia erradikala. Hala ere, teorikoki monarkia eta aristokrazia estatua antolatzeko
sistemarik onenak badira ere, errealistagoa izateko sistemarik onena da gehiengo erdiko klase
batek ezartzen baditu jokaera-ereduak (legeak): errepublika. Sistema hori oligarkia eta
demokraziaren artean kokatzen den tarteko erregimena da.

Aristotelesen ustez, gobernu mota bat definitzeko orduan, irizpidea ez da zenbatek


gobernatzen duten, nork gobernatzen duen baizik. Kopurua ez da garrantzitsuena, beraz. Izan
ere, demokrazia ez da guztien gobernua, pobreena baizik, pobreak gehiengoa direlako. Era
berean, oligarkia ez da bakar batzuen gobernua, aberatsena baizik. Horrexegatik, erregimen
horien zuzenketa ez datza kopuruan (zenbatek gobernatu behar duten), dituzten ondasunetan
baizik. Politikan aritzen direnak ezin dira oso aberatsak izan, ezta pobreak ere: gutxieneko
ondasunak eduki behar dituzte, denbora librea eduki eta horrela politikan jardun ahal izateko.
Hala ere, gogoratu behar da Aristotelesen ustez hiriko biztanle guztiak ez direla hiritarrak:
esklabotza naturala eta onartu beharrekoa da, eta aldi berean, ezinbestekoa da estatua
antolatzeko. Emakumeak ere ez ziren hiritartzat hartzen.

Aristotelesen arabera, hiritar guztiek parte har dezakete polisaren erakundeetan bertutea
kontuan hartuta baina, nola lor daiteke bertutea? Sokratesi jarraituta, Platonek uste du
ezagutzak bermatzen duela zuzen jokatzea. Bertutea zer den ezagutzen duenak zuzen edo
modu bertutetsu jokatzen du ezinbestean (intelektualismo etikoa). Aristotelesen iritziz,
ezagutza beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa. Izan ere, zuhurtzia bertutearen bitartez
(zuhurtzia bertute intelektuala da), erdiko puntua zein den ezagutzen dugu arrazoiak
zuzenduta; hots, muturreko jarrerak bereizten ditugu. Hala ere, ezagutza horrek ez du
ziurtatzen hori aukeratuko denik. Arrazoimenak ez du aukeratzen, nahimenak baizik. Tarteko
bide hori, aukeratu, jarraitu eta eusteko beste gaitasun batzuk behar dira: ohitura onen bidez
bihurtzen gara bertutetsu, eta horretarako esperientzia oso garrantzitsua da. Ekintza onak
behin eta berriro errepikatuz eskuratzen dira ohiturak.

Bertute etikoen artean justizia hartzen du Aristotelesek bertute nagusitzat, baina bi filosofoek
ez dute era berean ulertzen justizia, nahiz eta bientzat harmoniaren sinonimoa izan. Arlo
politikoan, Platonen pentsamenduan, hiritar bakoitzak duen gaitasunari loturik, eta horren
arabera berezko duen zereginetan aritzen bada, hiria justua izango da. Aristotelesen justizia-
kontzeptuak kontuan hartzen ditu legezkotasuna eta merezimendua. Legezkotasunak legeak
esandakoaren arabera bizitzea esan nahi du; merezimenduak, hiritar guztiei tratu berdina
ematea, merezi dutenaren arabera. (Aristotelesen ustez, begi-bistakoa da jaunak esklaboa
menderatzen duela, gizonak emakumea eta aitak seme-alabak). (Esklaboak esklabo izatea
merezi du, eta ez aske, eta emakumeak gizonaren mende egotea merezi du).

Bertutea da hiria iraunarazten duen bakarra. Izan ere, gobernurik onena irauten duena izango
da, ezen irauteko tarteko jarrera hartu behar baita muturreko politikak saihestuz. Hiriak ondo
funtzionatzeko, legezkotasunak agindu behar du, baina legeak ez du oligarkikoa ez
demokratikoa izan behar, errepublika baizik.

(Platon koadernoaren egokitzapena. Ibaizabal argitaletxea, 2010)

You might also like