Download as doc, pdf, or txt
Download as doc, pdf, or txt
You are on page 1of 43

EBANJELIOA JOANEN ARABERA

SARRERA (1,1-51)

Jainkoaren Hitza gizon egin

1,1 Hasieran bazen Hitza.


Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
2 Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza.
3 Gauza guztiak beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
4 Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
5 argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu*.

6 Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan* zuen izena. 7 Testigu
izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets
zezaten. 8 Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.

9 Hitza zen egiazko argia,


mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena*.
10 Munduan zegoen
eta, mundua* haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
11 Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
12 Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
13 Hauek* ez dira giza odolekoak,
ez eta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
14 Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen*.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari dagokion aintza.

15 Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: <<Honetaz ari


nintzen ni, <Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa
baitzen> esan nuenean>>.
16 Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain*
hartu ere.
17 Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
18 Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen eta Jainko den
Seme bakarrak eman digu haren berri.

Joan Bataiatzailearen testigantza


(Mt 3,1-12; Mk 1,2-8; Lk 3,1-6.15-17)

19 Judu-agintariek* apaiz- eta lebitar-talde bat bidali zioten Joani


Jerusalemdik nor zen galdetzera. 20 Hark argi eta garbi aitortu zuen:
--Ni ez naiz Mesias.
21--Orduan, zer? Elias zara? --galdetu zioten.
Joanek erantzun:
--Ez.
--Etortzekoa den profeta* zara?
Hark erantzun:
--Ez.
22 Berriro galdetu zioten:
--Nor zaitugu, bada? Bidali gaituztenei erantzunen bat eraman behar diegu.
Zer diozu zeure buruaz?
23 Joanek, Isaias profetaren hitzak aipatuz, esan zuen:

--Ni, <<Prestatu bidea Jaunari>>


basamortuan oihuka ari denaren
ahotsa naiz.

24 Talde hartako batzuk fariseuak ziren. 25 Hauek galdetu zioten:


--Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ez eta etortzekoa den profeta ere, nola
ari zara bataiatzen?
26 Joanek erantzun zien:
--Nik urez bataiatzen dut; zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez
duzuen bat, 27 nire ondoren datorrena, eta ni ez naiz inor hari oinetako lokarriak
askatzeko ere.
28 Hau dena Betanian* gertatu zen, Jordan ibaiaren bestaldean, han ari
baitzen Joan bataiatzen.

Joanek Jesus, Jainkoaren Bildotsa, aurkeztu

29 Biharamunean, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen:


<<Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena. 30
Honetaz ari nintzen, <Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino
lehenagokoa baitzen> esan nuenean. 31 Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni
urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da>>.
32 Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: <<Espiritua ikusi dut,
uso-tankeran, zerutik jaisten eta honen gainean gelditzen. 33 Neuk ere ez nuen
ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: <Espiritua jaisten
eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz
bataiatzen duena>. 34 Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren
Semea>>.

Lehen ikasleak

35 Hurrengo egunean, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin.


36 Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen: <<Hona hemen Jainkoaren
Bildotsa>>.
37 Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten. 38 Jesusek, atzera
begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien:
--Zeren bila zabiltzate?
Haiek erantzun:
--Rabbi, non bizi zara? (Rabbik <<Maisu>> esan nahi du).
39 Jesusek esan zien:
--Etorri eta ikusi.
Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan.
Arratsaldeko laurak aldea zen.
40 Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon
Pedroren anaia. 41 Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo eta esan zion:
<<Mesias aurkitu diagu>> (Mesiasek <<Kristo>> --hau da, Gantzutua-- esan
nahi du).
42 Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan
zion: <<Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko
zara>> (Kefasek <<Pedro>> --hau da, Harkaitz-- esan nahi du).
43 Biharamunean, Jesusek Galilearantz joatea erabaki zuen. Felipe aurkitu
eta esan zion: <<Jarraitu niri>>.
44 Felipe Betsaidakoa zen, Andres eta Pedroren herrikoa. 45 Felipek
Natanael aurkitu zuen, eta esan zion:
--Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zuten
hura aurkitu diagu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.
46 Natanaelek esan zion:
--Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik?
Felipek erantzun zion:
--Etorri eta ikusi.
47 Ikusi zuen Jesusek Natanael zetorkiola, eta esan zuen:
--Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea.
48 Natanaelek galdetu zion:
--Nondik ezagutzen nauzu?
Jesusek erantzun:
--Felipek deitu aurretik ikusi zintudan pikupean.
49 Natanaelek esan zion:
--Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.
50 Jesusek ihardetsi zion:
--Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako sinesten al duzu? Handiagorik
ere ikusiko duzu!
51 Eta gaineratu zuen:
--Bene-benetan diotsuet: Zerua irekia ikusiko duzue, eta Jainkoaren
aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean.

JESUSEN MIRARIZKO SEINALEAK (2,1--12,50)

Ezteiak Galileako Kanan

2,1 Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen
ama. 2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara. 3 Eta ardoa
amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:
--Ez dute ardorik.
4 Jesusek erantzun zion:
--Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua*.
5 Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: <<Egin horrek esango
dizuena>>.
6 Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili
ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.
7 Jesusek esan zien zerbitzariei:
--Bete ontziak urez.
Haiek goraino bete zituzten. 8 Orduan, esan zien:
--Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.
Hala egin zuten haiek.
9 Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe;
zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu
zueneko, senarrari dei egin 10 eta esan zion: <<Jende guztiak ardorik onena
atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz,
orain arte gorde duzu ardorik onena>>.
11 Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek;
honela, bere Jainko-aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan.
12 Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai-arreba eta ikasleekin, eta
han egon ziren zenbait egunez.

Jesusek tenplu berria iragarri


(Mt 21,12-13; Mk 11,15-17; Lk 19,45-46)

13 Hurbil zen juduen Pazko Jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus. 14
Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta
diru-trukalariak ere bai, han eserita. 15 Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez,
tenplutik kanpora bota zituen denak, bai eta ardiak eta idiak ere; eta trukalarien
diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen. 16 Uso-saltzaileei esan zien:
<<Kendu hemendik hau guztia. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe>>.
17 Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren
maiteminak erreko nau.
18 Orduan, galdetu zioten judu-agintariek:
--Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?
19 Jesusek erantzun zien:
--Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.
20 Juduek ihardetsi zioten:
--Berrogeita sei urte* behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru
egunetan berreraikiko duzula?
21 Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. 22 Horregatik, hilen
artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi
egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.

Jesusek gizakien barrua ezagutzen

23 Pazko Jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan,


egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik. 24 Baina, Jesus bera ez zen fidatzen
haietaz, guztiak ezagutzen baitzituen, 25 eta ez zuen inoren aitorpen-beharrik,
ongi ezagutzen baitzuen berak gizakiaren baitan dagoena.

Jesus eta Nikodemo

3,1 Nikodemo zeritzan gizon batek, fariseuen taldekoa eta juduen


buruetakoa bera, 2 gauez Jesusengana etorri eta esan zion:
--Maisu, seguru gaude Jainkoak guri irakasteko bidali zaituena, inork ez
baititzake egin zuk egiten dituzun mirarizko seinaleak, Jainkoa berekin ez badu.
3 Jesusek erantzun zion:
--Bene-benetan diotsut: Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro*
jaiotzen ez bada.
4 Nikodemok galdetu:
--Nola jaio daiteke norbait, jadanik zaharra izanik? Sar ote daiteke amaren
sabelean eta berriro jaio?
5 Jesusek erantzun:
--Bene-benetan diotsut: Ezin izango da inor Jainkoaren erreinuan sartu,
uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada. 6 Gizakiagandik berez jaioa gizaki da,
Espiritutik jaioa espiritu. 7 Ez harritu berriro jaio behar duzuela esan dizudalako. 8
Haizeak* edonondik jotzen du; entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu
nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaioarekin.
9 Nikodemok galdegin zion:
--Nola gerta daiteke hori?
10 Jesusek erantzun:
--Eta zuk, Israelen maisu izanik, ez dakizu hori? 11 Bene-benetan diotsut:
Dakiguna esaten dugu guk, eta ikusi duguna aitortzen; baina zuek ez duzue gure
testigantza onartzen. 12 Nik lurreko gauzak esatean sinesten ez badidazue, nola
sinetsiko didazue zerukoak esatean?
13 <<Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea*.
14 Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe
izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, 15 harengan sinesten duten guztiek
betiko bizia izan dezaten.
16 <<Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme
bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko
bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua
kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik. 18 Harengan sinesten duena ez
da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu
sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan. 19 Hauxe da kondenaren arrazoia: argia
mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino,
beraren jokabidea gaiztoa delako. 20 Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio
argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin. 21
Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak
Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin>>.

Joan Bataiatzailearen azken testigantza

22 Geroago, Jesus Judea aldera joan zen bere ikasleekin, eta han egon
ziren aldi batez, bataiatzen. 23 Joan ere bataiatzen ari zen Enon-en, Salim
ondoan*, ur asko baitzen han. Eta jendea bataiatzera etortzen zitzaion. 24 Garai
hartan Joan ez zegoen oraindik preso.
25 Joanen ikasleen eta judu baten artean* eztabaida sortu zen
garbikuntza-ohikuneez. 26 Eta Joanengana etorri eta esan zioten:
--Hara, Maisu; Jordanez bestaldean zurekin zen hura, zuk testigantza egin
zeniona, orain bataiatzen ari da, eta berarengana doaz denak.
27 Joanek erantzun zien:
--Gizakiak ez du ezer Jainkoak ematen diona baizik. 28 Zeuek zaituztet
lekuko zera esan nuela: <<Ez naiz ni Mesias, haren aurretik bidalia baizik>>. 29
Emaztea senarrarena* da. Senarraren adiskidea senarraren ondoan egoten da,
hari entzuteaz pozik. Horixe dut nik ere poza, poz bete-betea. 30 Hark hazi egin
behar du eta nik txikiagotu.

Goitik datorrena

31 <<Goitik datorrena denen gain dago. Lurretik sortua lurrekoa da, eta
lurrekoaz mintzo da; zerutik datorrenak 32 ikusi eta entzun duenaren testigantza
egiten du; baina haren testigantza ez du inork onartzen. 33 Haren testigantza
onartzen duenak, Jainkoak egia dioela baieztatzen du. 34 Izan ere, Jainkoak
bidaliak hitz egitean, Jainkoak berak hitz egiten du, neurririk gabe ematen baitio
bere Espiritua. 35 Aitak Semea maite du, eta haren esku jarri du dena. 36
Semearengan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semearengan sinetsi nahi ez
duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren zigorra du bere gainean>>.

Jesus eta emakume samariarra

4,1 Jakin zuten fariseuek Joanek baino ikasle gehiago egin eta jende
gehiago bataiatzen zuela Jesusek, 2 nahiz eta bataiatu, ez zuen Jesusek berak
bataiatzen, haren ikasleek baino. 3 Jesus, hori jakitean, Judea utzi eta Galileara
joan zen berriro.
4 Bere ibilbidean Samarian zehar iragan beharra zuen. 5 Iritsi zen, bada,
Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat
emaniko lur-sailetik hurbil. 6 Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz
nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen. 7-8 Ikasleak hirira joanak
ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila.
Jesusek esan zion:
--Emadazu edaten.
9 Orduan, emakume samariarrak esan zion:
--Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen
honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek* ez dutela elkarrekin harremanik).
10 Jesusek erantzun zion:
--Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun
jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia* emango lizuke.
11 Emakumeak esan zion:
--Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako
duzu, beraz, ur bizi hori? 12 Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik
edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al
zara zu?
13 Jesusek ihardetsi zion:
--Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; 14 nik emango
diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango
diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
15 Orduan, emakumeak:
--Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara
etorri beharrik izan ez dezadan.
16 Jesusek esan zion:
--Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
17 Emakumeak erantzun:
--Ez dut senarrik.
Eta Jesusek:
--Ongi diozu ez duzula senarrik; 18 bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu
senarra; horretan egia diozu.
19 Emakumeak esan zion:
--Jauna, profeta zarela ikusten dut. 20 Gure gurasoek mendi honetan*
eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola
diozue.
21 Jesusek esan zion:
--Sinets iezadazu, emakume, badator ordua, ez mendi honetan, ez
Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. 22 Zuek, samariarrok, ez dakizue zer
adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik
baitator. 23 Baina badator ordua --hobeto esan, heldua da--, egiazko
adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena;
horrela adora dezaten nahi du Aitak. 24 Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen
dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
25 Emakumeak esan zion:
--Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dena, eta hark, etortzean, gauza
guztiak agertuko dizkiguna.
26 Jesusek esan zion:
--Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
27 Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin
hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen
edo zertaz ziharduen emakumearekin.
28 Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: 29 <<Zatozte
egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias?>>
30 Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
31 Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:
--Maisu, jan zerbait.
32 Baina berak esan zien:
--Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
33 Ikasleek galdetu zioten elkarri:
--Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
34 Jesusek esan zien:
--Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza
burutu arte. 35 Ez al duzue esaten zuek: <<Lau hilabete barru uzta-aroa dugu?
>> Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak. 36
Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen,
nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen. 37 Honetan bai betetzen dela esaera:
<<Batek erein, bestek uzta bildu>>. 38 Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali
zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen
fruitua.

Samariarrek Jesusengan sinetsi

39 Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak


emandako testigantzagatik: <<Egin dudan guztia esan dit>>.
40 Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko
eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han. 41 Jesusen mezua entzutean,
askoz gehiagok sinetsi zuten, 42 eta emakumeari esaten zioten: <<Orain ez dugu
zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu hauxe dela
egiaz munduaren Salbatzailea>>.

Jesusek funtzionarioaren semea sendatu


(Mt 8,5-13; Lk 7,1-10)

43 Bi egunen buruan, handik irten eta Galilearantz jarraitu zuen. 44


Jesusek berak aitortua zuen profeta ez dutela bere herrian aintzat hartzen. 45
Halere, Galileara iritsi zenean, galilearrek harrera ona egin zioten. Izan ere,
Jerusalemen izanak ziren beraiek ere Pazko Jaietan, eta ikusia zuten Jesusek
orduan egindako guztia.
46 Jesus Galileako Kanara joan zen berriro, ura ardo bihurtu zuen herrira.
Bazen han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik zuena. 47
Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara heldu zela jakitean, harengana jo eta
bere semea sendatzera Kafarnaumera jaisteko eskatu zion, hilzorian zegoela eta.
48 Jesusek erantzun zion:
--Mirariak eta egintza harrigarriak ikusten ez badituzue, ez duzue sinesten.
49 Baina errege-funtzionarioak berriro:
--Jauna, zatoz, arren, nire haurra hil baino lehen.
50 Jesusek esan zion:
--Zoaz etxera, semea onik duzu eta.
Gizonak sinetsi egin zuen Jesusek esandakoa eta joan egin zen.
51 Etxera bidean, morroiak atera zitzaizkion bere semea onik zuela esatera.
52 Orduan, oneratzen zer ordutan hasi zen galdegin zien. Eta haiek erantzun:
--Atzo eguerdiko ordubatean alde egin zion sukarrak.
53 Ohartu zen aita ordu hartan esan ziola Jesusek: <<Onik duzu
semea>>, eta sinetsi egin zuten Jesusengan berak eta etxeko guztiek.
54 Bigarren mirarizko seinale hau Judeatik Galileara itzultzean egin zuen
Jesusek.

Jesusek elbarria larunbatez sendatu

5,1 Handik aldi batera, juduen jai bat* ospatzen zen, eta Jesus
Jerusalemera itzuli zen. 2 Bada Jerusalemen, Ardien Atea delakoaren ondoan,
uraska bat, bost aterpe dituena. Hebreeraz Betzata* deitzen diote. 3 Aterpeetan
gaixo asko egon ohi zen, lurrean etzanda: itsu, herren eta elbarriak. ( 3 b-4 *). 5
Bazen han gizon bat, hogeita hemezortzi urtez gaixo zegoena. 6 Jesusek, han
etzanda ikusi eta gisa hartan denbora luzea zeramala jakinik, esan zion:
--Nahi duzu sendatu?
7 Gaixoak erantzun zion:
--Jauna, ez dut inor ura mugitzean uraskara botako nauenik; ni iritsi
orduko besteren batek aurrea hartzen dit.
8 Jesusek esan zion:
--Jaiki, hartu ohatila eta ibili.
9 Une berean sendaturik gertatu zen gizona, ohatila hartu eta ibiltzen hasi
zen.
Egun hura larunbata zen, atseden-eguna.
10 Judu-agintariek, orduan, esan zioten sendatuari:
--Larunbata da; ez duzu zilegi ohatila garraiatzea.
11 Hark erantzun zien:
--Sendatu nauenak berak esan dit: <<Hartu ohatila eta ibili>>.
12 Haiek galdetu zioten:
--Nor da ohatila hartu eta ibiltzeko esan dizun hori?
13 Baina sendatuak ez zekien nor zen, Jesus ezkutatu egin baitzen
inguruan zegoen jendetza artean.
14 Geroxeago, Jesusek tenpluan topo egin zuen harekin eta esan zion:
--Begira, sendaturik zaude; ez egin berriro bekaturik, okerragorik gerta ez
dakizun.
15 Joan zen gizona, eta agintariei adierazi zien Jesus zela sendatu zuena.

Semearen aginpidea. Aita eta Semea

16 Honengatik, hain zuzen, larunbatez halako gauzak egiten zituelako,


agintariak Jesus pertsegitzen hasi ziren.
17 Jesusek, orduan, hau azaldu zien: <<Nire Aita etengabe ari da lanean,
eta ni ere bai>>.
18 Esandako honengatik, agintariak are gehiago zebiltzan Jesus hil nahian,
larunbateko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere aita zuela esaten
baitzuen, horrela bere burua Jainkoaren pareko eginez.
19 Jesusek esan zien gainera: <<Bene-benetan diotsuet: Semeak ez
dezake deus ere bere kabuz egin; ez du egiten Aita egiten ikusten duena besterik:
Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere. 20 Izan ere, Aitak Semea maite
du, eta berak egiten duen guztia erakusten dio, eta gauza handiagoak erakutsiko
dizkio oraindik, harritu egingo zaituztetenak. 21 Aitak hilak piztu eta bizia ematen
dien bezala, Semeak ere bizia ematen die, berak nahi duenei.
22 <<Aitak ez du inor ere epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia
Semearen esku utzi du, 23 guztiek, bera ohoratzen duten bezala, Semea ere
ohora dezaten. Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du
ohoratzen. 24 Bene-benetan diotsuet: Nire mezua onartu eta bidali nauenarengan
sinesten duenak betiko bizia du. Ez da kondenatua izango; igaroa da dagoeneko
heriotzatik bizitzara.
25 <<Bene-benetan diotsuet: Badator ordua --hobeto esan, iritsia da--,
hilek* Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena; eta entzungo dutenak bizi
egingo dira. 26 Aitak bizia bere baitan daukan bezala, Semeari ere bizia bere
baitan edukitzea eman dio. 27 Gainera, epaitzeko aginpidea eman dio, Gizonaren
Semea delako. 28 Ez harritu esaten dizuedanaz, bai baitator ordua hildako guztiek
haren ahotsa entzungo dutena, 29 eta hilobietatik aterako direna: on egin zutenak
betiko bizirako piztuko dira; gaitz egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko.
30 <<Nik neurez ez dezaket deus ere egin: Aitak agintzen didan legez
epaitzen dut; eta nire epaia zuzena da, ez baitut helburu neure nahia egitea,
bidali nauenarena baizik.

Aitaren testigantza eta Joan Bataiatzailearena

31 <<Nik neure buruaren aldeko testigantza egingo banu, nire testigantza


ez litzateke baliozkoa izango. 32 Beste batek du nire alde testigatzen, eta jakin
badakit haren testigantza baliozkoa dena. 33 Zuek gizatalde bat bidali zenioten
Joani, eta hark egiaren alde egin zuen testigantza. 34 Ez dut hau esaten giza
testigantzaren beharrik dudalako, zuek salba zaitezten baizik. 35 Joanek argi
egiten zuen kriseilu piztuaren antzera, eta zuek alditxo batez bakarrik egon
zineten prest haren argiaz gozatzeko.
36 <<Nik, ordea, badut neure alde Joanena baino balio handiagoko
testigantza: nik betetzeko Aitak nire gain utzitako egintzak, hain zuzen; nik egiten
ditudan egintzek testigatzen dute nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen. 37
Eta bidali nauen Aitak berak ere egina du nire aldeko testigantza. Baina zuek ez
duzue inoiz haren ahotsik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, 38 eta haren hitzak
ere ez du zuen baitan lekurik, hark bidaliarengan ez sinesteak erakusten duen
bezala. 39 Liburu Santuak arretaz aztertzen dituzue, betiko bizia haietan aurkituko
duzuelakoan; horra, bada, Liburu Santuek ere nire alde egiten dute testigantza;
40 halere, ez duzue niregana hurbildu nahi betiko bizia izateko.
41 <<Ez dut gizakiengandiko ohorerik onartzen. 42 Baina ongi ezagutzen
zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite. 43 Neure Aitaren izenean etorria
naiz ni, baina zuek ez nauzue onartzen; norbait bere izenean etorriko balitz, hura
bai, onartuko zenukete. 44 Nola sinetsiko duzue zuek, elkarri ohore ematen
ahalegintzen bazarete eta Jainko bakarrarengandik datorren ohoreaz arduratzen
ez? 45 Ez uste izan Aitaren aurrean nik salatuko zaituztedanik; Moisesek berak,
zeuen esperantza duzuenak, salatuko zaituzte. 46 Izan ere, Moisesi sinetsiko
bazeniote, niri ere sinetsiko zenidakete, nitaz idatzi* baitzuen hark. 47 Baina, hark
idatzia sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik esana?>>

Jesusek jendetzari jaten eman


(Mt 14,13-21; Mk 6,30-44; Lk 9,10-17)

6,1 Handik aldi batera, Galilea edo Tiberiades aintziraz* bestaldera joan
zen Jesus. 2 Eta jendetza handia zihoakion atzetik, gaixoak sendatuz egiten zituen
mirarizko seinaleak ikusten baitzituzten. 3 Jesus mendira igo eta han eseri zen
bere ikasleekin. 4 Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia. 5 Jesusek, jende asko
zetorkiola ikusirik, esan zion Feliperi:
--Non erosiko genuke ogia hauei jaten emateko?
6 Zirikatzeko esan zion hori, ongi baitzekien berak zer egin behar zuen.
7 Felipek erantzun zion:
--Berrehun denarioren ogia* ez litzateke nahikoa bakoitzak puska bat
izateko.
8 Haren ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan zion:
9--Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain txiki dituen mutiko bat; baina
zer da hori honenbesterentzat?
10 Jesusek jendea eserarazteko agindu zien ikasleei. Belar asko zegoen
leku hartan, eta eseri egin ziren denak. Bost milaren bat gizonezko ziren. 11
Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, banatu egin zituen
eserita zeudenen artean; berdin arrainak ere, nahi adina. 12 Eta ase zirenean,
esan zien Jesusek ikasleei: <<Bil itzazue hondarrak, ezer gal ez dadin>>.
13 Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietatik jan zutenei gelditu
zitzaizkien hondarrez hamabi saski bete zituzten. 14 Jendeak, orduan, Jesusen
mirarizko seinale hura ikusirik, honela zioen: <<Hauxe da egiaz mundura
etortzekoa zen profeta>>.
15 Jesusek, ordea, errege egiteko indarrez eraman nahi zutela ikusirik,
mendira alde egin zuen berriro berak bakarrik.

Jesus ur gainean oinez


(Mt 14,22-27; Mk 6,45-52)

16 Arratsean, Jesusen ikasleak aintzirara jaitsi 17 eta, txalupara igorik,


aintziraz bestaldera abiatu ziren, Kafarnaumerantz. Iluna zen jadanik, eta artean
Jesus ez zen beraiekin. 18 Aintzira haserretzen ari zen, haize handia zebilen eta.
19 Bospasei kilometro* arraunean egin ondoren, Jesus ur gainean oinez eta
txaluparantz hurbiltzen ikusi zuten, eta beldurrak hartu zituen. 20 Jesusek, ordea,
esan zien: <<Neu naiz. Ez beldurtu!>>
21 Haiek, orduan, txalupan hartu nahi izan zuten, eta txalupa berehala iritsi
zen zihoazen tokira.

Bizi-ogiaz hitzaldia

22 Biharamunean, aintziraz bestaldean zegoen jendea konturatu zen han


txalupa bat bakarra izan zela eta Jesus ez zela untziratu ikasleekin, baizik eta
hauek bakarrik joan zirela. 23 Bitartean, beste zenbait txalupa iritsi zen
Tiberiadesetik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura.
24 Jesus eta ikasleak han ez zeudela konturatzean, jendea txalupetara igo eta
Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. 25 Aintziraz bestaldean aurkitu eta esan
zioten:
--Maisu, noiz etorri zara hona?
26 Jesusek erantzun zien:
--Bene-benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko
seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. 27 Ahalegin zaitezte, ez
galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen
janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere
aginpidearen ordezkari egin duenak.
28 Orduan, galdetu zioten:
--Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?
29 Jesusek erantzun zien:
--Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea.
30 Galdetu zioten, orduan:
--Zer seinale ematen diguzu, bada, guk ikusi eta zuri sinesteko? Zer egiten
duzu? 31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen
bezala: Zeruko ogia eman zien jaten.
32 Jesusek erantzun zien:
--Bene-benetan diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia, baizik eta
nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia. 33 Zeren Jainkoaren ogia, zerutik
jaitsi eta munduari bizia ematen diona da.
34 Orduan, eskatu zioten:
--Jauna, emaguzu beti ogi horretatik.
35 Jesusek erantzun zien:
--Neu naiz bizia ematen duen ogia*; niregana hurbiltzen dena ez da, ez,
sekula gose izango, eta niregan sinesten duena ez da behin ere egarri izango. 36
Zuek, ordea, lehen ere esan dizuet, ez duzue sinesten, ikusi nauzuen arren. 37
Aitak niri ematen dizkidan guztiak niregana hurbilduko dira eta niregana hurbiltzen
denik ez dut inola ere kanpora botako, 38 ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia
egitera, bidali nauenaren nahia egitera baizik. 39 Eta hauxe da bidali nauenaren
nahia: berak eman dizkidan guztietatik, ez dezadala bat ere gal, baizik eta piztu
ditzadala azken egunean. 40 Hauxe da nire Aitak nahi duena: Semea ikus eta
harengan sinets dezanak betiko bizia izan dezala; eta neuk piztuko dut azken
egunean.
41 Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, <<Neu naiz zerutik jaitsiriko
ogia>> esan zuelako, 42 eta zioten:
--Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak
honen aitamak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?
43 Jesusek ihardetsi zien:
--Ez ari marmarka zeuen artean. 44 Ezin da inor niregana hurbildu, bidali
nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean. 45 Honela
esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta
hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da. 46 Horrek ez du esan
nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoarengandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.
47 <<Bene-benetan diotsuet: Sinesten duenak* betiko bizia du. 48 Neu
naiz bizia ematen duen ogia. 49 Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta,
halere, hil egin ziren. 50 Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia: beronetatik jaten
duena ez da hilko. 51 Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten
duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da,
mundua bizi dadin emana>>.
52 Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela
zioten:
--Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
53 Jesusek esan zien:
--Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren
odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. 54 Nire gorputza
jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken
egunean. 55 Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako
edari. 56 Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda
dago, eta ni berarekin. 57 Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik
bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. 58 Hau da zerutik
jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren;
ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.
59 Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi zuen Jesusek.

Betiko bizia duten hitzak

60 Jesusen hitzok entzutean, haren ikasleetariko askok esan zuen:


<<Onargaitza da mezu hau. Nork jaramon egin?>>
61 Jesusek, ikasleak marmarka ari zirela oharturik, esan zien: <<Honek
eragozten al dizue sinestea? 62 Bada, Gizonaren Semea lehen zegoen tokira
igotzen ikusiko bazenute, zer gertatuko ote? 63 Espiritua da bizia ematen duena;
gizakia berez ez da ezertarako. Nik eman dizkizuedan irakatsiak espiritu eta bizi
dira. 64 Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk>>.
Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko
zuen. 65 Eta esan zuen gainera: <<Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere
niregana hurbildu, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen>>.
66 Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera jo zuen, eta aurrerantzean ez
ziren harekin ibili. 67 Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei:
--Zuek ere alde egin nahi al duzue?
68 Erantzun zion Simon Pedrok:
--Jauna, norengana joango gara? Betiko bizia dute zure irakatsiek. 69 Eta
guk sinetsi dugu eta badakigu zu zarela Jainkoaren Santua.
70 Jesusek ihardetsi zien:
--Ez al zaituztet neuk aukeratu Hamabiok? Halere, zuetariko bat deabru da.
71 Simon Iskarioteren seme Judasez ari zen; hau baitzen, Hamabietako bat
izan arren, Jesus salduko zuena.

Jesusen senideek sinetsi ez

7,1 Jesus Galilean zebilen. Ez zuen Judean azaldu nahi, judu-agintariak


bera hil nahian baitzebiltzan. 2 Etxola Jaia*, juduen jaietariko bat, hurbil zelarik, 3
anai-arrebek esan zioten Jesusi:
--Irten hemendik eta zoaz Judeara, egiten dituzun egintzak han ere zure
ikasleek ikus ditzaten. 4 Bere burua ezagutarazi nahi duenak ez du ezkutuan
jarduten. Honelako gauzak egiten dituzunez gero, egin itzazu mundu guztiak
ikusteko moduan.
5 Haren senideek ere ez zuten, hain zuzen, berarengan sinesten. 6 Jesusek
esan zien:
--Nire garaia ez da oraino iritsi; zuentzat, aldiz, edozein garai da ona. 7
Munduak ez du zuek gorrotatzeko arrazoirik; niri, ordea, bai, gorroto dit, argi
azaltzen baitut haren egintzak gaiztoak direla. 8 Joan zuek jaietara; ni ez noa, nire
garaia ez baita oraindik bete.
9 Hori esan eta Galilean gelditu zen Jesus. 10 Baina haren senideak
jaietara joan ondoren, bera ere joan egin zen; ez, ordea, agerian, erdi ezkutuan
baizik.

Jaietan Jesusek Jerusalemen irakatsi

11 Judu-agintariak Jesusen bila zebiltzan jaietan, esanez: <<Non ote da


hori?>> 12 Eta jendea txutxumutxuka ari zen hartaz; batzuek zioten: <<Gizon
ona da>>. Beste batzuek, ordea: <<Ez, herria engainatzen ari da>>. 13 Halere,
inor ez zen hartaz agerian mintzatzera ausartzen, agintarien beldurrez.
14 Jaien erdialdera, tenpluan azaldu zen Jesus, eta irakasten hasi zen. 15
Agintariek, harrituta, zioten:
--Nondik da hau hain ikasia, eskolan ibili gabe*?
16 Jesusek ihardetsi zien:
--Nire irakaspena ez dut neurea, bidali nauenarena baizik. 17 Jainkoaren
nahia egiteko prest dagoenak jakingo du irakaspen hau Jainkoarengandikoa den
ala neure kabuz mintzo naizen. 18 Bere kabuz mintzo dena bere buruaren ohore
bila ibili ohi da; baina bidali duenarentzat ohore bila dabilena fidagarria da, eta ez
du faltsukeriarik. 19 Ez al zizuen Moisesek legea eman? Halere, zuetariko inork ez
du betetzen legea. Zergatik zabiltzate ni hil nahian?
20 Jendeak erantzun zion:
--Burutik zaude! Nor dabil zu hil nahian?
21 Jesusek erantzun zien:
--Harriturik zaudete larunbatez egin dudanarengatik. 22 Baina pentsa:
Moisesek erdainkuntzaren legea ezarri zizuen (egia esan, ohitura hau ez zen
Moisesekin hasi, arbasoekin baino), eta larunbatez ere erdaindu ohi duzue gizona.
23 Horrela bada, Moisesen legea ez haustearren, erdainkuntza larunbatez ere
egiten bazaio gizonari, zergatik haserretzen zarete nirekin, larunbatez gizon baten
gorputz osoa sendatu dudalako? 24 Ez epaitu itxuren arabera, zuzentasunez
baizik.

Jesusen jatorriaz eztabaida

25 Orduan, Jerusalemen bizi ziren batzuk galdezka hasi ziren: <<Ez al da


hau hil nahi dutena? 26 Ba, agerian ari da hizketan, eta ez diote ezer esaten.
Benetan onartu ote dute buruzagiek berau Mesias dela? 27 Mesias etorriko
denean, ez du inork jakingo nongoa den; hau, ordea, badakigu nongoa den>>.
28 Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ari zelarik, esan zuen oihu eginez:
<<Ni ezagutzen nauzue, eta badakizue nongoa naizen; baina ni ez naiz neurez
etorri, baizik eta fidagarria denak bidali nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen.
29 Nik, bai, ezagutzen dut, harengandik bainator, eta berak bidalia naiz>>.
30 Orduan, atxilotu egin nahi izan zuten; baina ez zion inork eskurik ezarri,
ez baitzen artean haren ordua. 31 Askok sinetsi zuten harengan, eta honela
zioten: <<Mesias etorriko denean, honek baino mirarizko seinale gehiago egingo
ote du?>>
32 Fariseuek entzun zuten jendea hartaz esaten ari zena eta,
apaizburuekin elkar harturik, guardak bidali zituzten atxilot zezaten. 33 Orduan,
Jesusek esan zuen: <<Oraindik alditxo batez egongo naiz zuekin, eta gero bidali
nauenarengana joango. 34 Orduan, nire bila ibiliko zarete, baina ez nauzue
aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin baitzarete joan>>.
35 Judu-agintariek ziotsaten elkarri: <<Nora joango da hau, guk bera ezin
aurkitu ahal izateko? Jentilen artean sakabanaturiko judu-elkarteetara joan nahi
ote du, jentilei* irakastera? 36 Zergatik esaten ote du <Nire bila ibiliko zarete,
baina ez nauzue aurkituko; zeren eta, ni egongo naizen tokira, zuek ezin
baitzarete joan>?>>

Jesus eta Espiritua

37 Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutitu eta oihu egin


zuen, esanez: <<Egarri dena betor niregana, eta edan beza 38 niregan sinesten
duenak. Liburu Santuek dioten bezala, ur biziko errekak jarioko zaizkio
barru-barrutik*>>.
39 Harengan sinetsiko zutenek hartuko zuten Espirituaz esan zuen hori;
izan ere, ez zen artean Espiriturik, Jesusen Jainko-aintza ez zelako oraindik
azaldu.

Iritzi desberdinak Jesusi buruz

40 Jesusen hitzok entzutean, batzuek zioten: <<Benetan hauxe da itxaron


dugun profeta*>>. 41 Beste batzuek esaten zuten: <<Hauxe da Mesias>>.
Baina beste zenbait kontra atera zen: <<Galileatik etor ote daiteke Mesias? 42 Ez
al diote, bada, Liburu Santuek Daviden hazitik eta haren herrixka Belendik etorriko
dela?>>
43 Iritzi kontrajarriak zeuden, bada, jendearen artean Jesusi buruz.
44 Batzuek atxilotu egin nahi zuten, baina inork ez zion eskurik ezarri. 45
Guardak apaizburu eta fariseuengana itzuli ziren. Hauek galdetu zieten:
--Zergatik ez duzue ekarri?
46 Guardek erantzun zieten:
--Ez du sekula inork honek bezala hitz egin.
47 Orduan, fariseuek:
--Zuek ere engainatu al zaituzte? 48 Sinetsi ote du harengan buruzagi edo
fariseuetakoren batek ere? 49 Baina legea ezagutzen ez duen jendaila hau
madarikatua dago.
50 Nikodemok, fariseuetako batek, behinola Jesusengana joan zenak, esan
zien:
51--Zilegi ote dugu geure legearen arabera inor gaitzestea, aldez aurretik
berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?
52 Besteek erantzun zioten:
--Zu ere galilearra ote zaitugu? Aztertu Liburu Santuak, eta ikusiko duzu
Galileatik ez dela inoiz profetarik sortu.

Emakume adulteriogilea*

53 (Ondoren, nor bere etxera joan zen.

8,1 Jesus Oliamendira joan zen. 2 Biharamunean, egunsentian, tenplura


itzuli zen, eta herri guztia etorri zitzaion. Jesus, eseririk, irakasten hasi zen.
3 Orduan, lege-maisu eta fariseuek emakume bat, adulterioan harrapatua,
ekarri zioten. Erdi-erdian ipiniz, 4 esan zioten Jesusi:
--Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. 5 Moisesek
legean honelakoak harrika hiltzeko agindu zigun; zuk zer diozu?
6 Galdera azpikeriaz egin zioten, hura salatzeko aitzakiaren baten bila
baitzebiltzan. Jesus, alabaina, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zen. 7
Haiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu zen Jesus eta honela esan
zien:
--Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurtiki diezaiola lehen harria.
8 Eta berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. 9 Haiek, ordea, hori
entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus
bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. 10 Jesusek zutitu eta esan zion:
--Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork ere gaitzetsi?
11 Hark erantzun:
--Inork ere ez, Jauna.
Orduan, Jesusek:
--Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin berriro bekaturik.)

Jesus munduko argia

12 Jesus jendeari mintzatu zitzaion berriro:


--Neu naiz munduarentzat argia*; niri jarraitzen didana ez da ilunpetan
ibiliko, baizik eta bizia ematen duen argia izango du.
13 Orduan, fariseuek esan zioten:
--Zuk zeure buruaren alde egiten duzu testigantza; beraz, zure testigantzak
ez du balio.
14 Jesusek erantzun zien:
--Nik testigantza neure buruaren alde egiten badut ere, nire testigantzak
balio du, ongi baitakit nik nondik etorria naizen eta nora noan; baina zuek ez
dakizue, ez nondik natorren, ez nora noan. 15 Zuek giza erara duzue epaitzen; nik
ez dut inor epaitzen*. 16 Eta epaituko banu ere, nire epaia baliozkoa litzateke, ez
baitut nik bakarrik epaitzen, bidali nauen Aitak eta biok baizik. 17 Eta zuen legean
dago idatzia, bi lagunen testigantza baliozkoa dela. 18 Honela bada, nik neure
buruaren alde egiten dut testigantza, baina bidali nauen Aitak ere nire alde egiten
du testigantza. 19 Orduan, haiek galdetu zioten:
--Non da zure Aita?
Jesusek erantzun zien:
--Ez dakizue ezer, ez nitaz, ez nire Aitaz; ni ezagutuko baninduzue, nire
Aita ere ezagutuko zenukete.
20 Adierazpen hauek tenpluan irakasten ari zela egin zituen Jesusek
dirutegi ondoan*. Halere, ez zion inork eskurik bota, ez baitzen artean iritsia
haren ordua.

Sinesten ez dutenen bekatua

21 Berriro esan zien Jesusek:


--Ni banoa, eta zuek nire bila ibiliko zarete, baina zeuen bekatuan hilko
zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan.
22 Orduan, entzuleek:
--Bere burua hil behar ote du? Horregatik esaten ote du <<Ni noan tokira
zuek ezin zarete joan>>?
23 Jesusek jarraitu zuen:
--Zuek behekoak zarete, ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, ni
ez naiz mundu honetakoa. 24 Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuan hilko
zaretela; zeren ni naizena naizela* sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko
baitzarete.
25 Orduan, esan zioten:
--Nor zara zu?
Jesusek erantzun:
--Hasieratik ari natzaizue esaten*. 26 Badut zuetaz zer esanik eta zer
gaitzetsirik asko. Baina bidali nauena fidagarria da; eta nik hari entzun diodana,
horixe bera esaten diot munduari.
27 Baina ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela. 28 Esan zien, bada,
Jesusek:
--Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan konturatuko zarete naizena
naizela ni, eta ez dudala neurez ezer egiten, baizik eta Aitari ikasia bakarrik esaten
dudala. 29 Neurekin dut bidali nauena; ez nau, ez, bakarrik utzi, hark atsegin
duena egiten baitut beti.
30 Gauzok esan zituenean, askok sinetsi zuten harengan.

<<Egiak aske egingo zaituzte>>

31 Orduan, esan zien Jesusek sinetsi zioten juduei:


--Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete; 32
horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte.
33 Erantzun zioten:
--Gu Abrahamen hazikoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nola
diozu aske izango garela?
34 Jesusek erantzun zien:
--Bene-benetan diotsuet: Bekatu egiten duen oro bekatuaren esklabo da.
35 Eta esklaboa ez da betiko etxean geratzen; semea, ordea, bai. 36 Beraz,
Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete. 37 Badakit, bai,
Abrahamen hazikoak zaretena; baina ni hil nahian zabiltzate, nire mezua zuengan
itsasten ez delako. 38 Neure Aitaren ondoan ikusi dudanaz mintzo naiz ni; zuek,
ordea, zeuen aitarengandik ikasi duzuena egiten duzue.

Jesus eta Abraham

39 Erantzun zioten Jesusi:


--Abraham dugu aita.
Jesusek esan zien:
--Abrahamen seme baldin bazinete, Abrahamek egin zuena egingo
zenukete. 40 Zuek ni hil nahian zabiltzate, Jainkoarengandik ikasi nuen egia esan
dizuedalako; Abrahamek ez zuen horrelakorik egin. 41 Zuek zeuen aitak egin
zuena egiten duzue.
Erantzun zioten:
--Gu ez gara sasikume*; aita bakarra dugu, Jainkoa.
42 Jesusek, orduan:
--Zuen aita Jainkoa balitz, maiteko nindukezue, ni Jainkoarengandik irten
eta etorri bainaiz; ez naiz neure kabuz etorria, hark bidalia baizik. 43 Zergatik ez
duzue ulertzen nire mintzaira? Nire mezua onartu nahi ez duzuelako. 44 Zuek
deabrua duzue aita, harenak zarete, eta zeuen aitaren gogoa nahi duzue egin.
Hura hiltzaile izan da hasieratik eta, egian oinarritua ez dagoenez, ez du sekula
egiarik esaten. Gezurra dioenean, bere-berea duenetik ari da, gezurti baita, eta
gezurraren aita. 45 Niri, berriz, egia diodalako, ez didazue sinesten. 46 Ea
zuetariko zeinek aurpegiratzen didan bekaturik! Baina egia badiot, zergatik ez
didazue sinesten? 47 Jainkoarena denak onartzen du Jainkoak irakatsia; zuek ez
duzue onartzen, Jainkoarenak ez zaretelako.
48 Orduan, judu haiek erantzun zioten:
--Ez al dugu arrazoi samariarra* zarela eta deabruaren menpe zaudela
esatean?
49 Jesusek erantzun zien:
--Ni ez nago deabruaren menpe; nik neure Aita ohoratzen dut, eta zuek ni
desohoratzen; 50 baina ni ez naiz neure ohoreaz arduratzen; beste bat arduratzen
da horretaz, eta hark du epaitzeko ahalmena. 51 Bene-benetan diotsuet: Nire
mezua onartzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko.
52 Entzuleek esan zioten:
--Oraintxe bai dakigula deabruaren menpe zaudela. Abraham hil egin zen
eta profetak ere bai; eta zuk diozu: <<Nire hitza onartzen duenak ez du inoiz
heriotzarik jasango>>. 53 Gure aita Abraham baino handiagoa al zara, bada, zu?
Hura hil egin zen eta profetak ere bai; nor zarelakoan zaude?
54 Jesusek erantzun zuen:
--Neure burua neuk ohoratzen badut, nire ohore horrek ez du ezer ere
balio; baina ni Aitak ohoratzen nau, zeuen Jainkoa omen duzuenak. 55 Zuek,
ordea, ez duzue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dut eta, ez dudala ezagutzen
esango banu, gezurti nintzateke zuek bezalaxe; baina ezagutzen dut, bai eta
onartzen ere haren mezua. 56 Zuen aita Abraham pozik zen nire eguna ikusiko
zuen itxaropenez; ikusi zuen, eta poztu egin zen.
57 Orduan, esan zioten entzuleek:
--Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi duzula?
58 Jesusek erantzun zien:
--Bene-benetan diotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naiz ni.
59 Orduan, harriak hartu zituzten hari jaurtikitzeko; baina Jesus ezkutatu
egin zen eta tenplutik irten.

Jesusek itsu jaiotakoa sendatu

9,1 Bidez zihoala, jaiotzatik itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. 2 Eta
ikasleek galdegin zioten:
--Maisu, zeinek egin zuen bekatu hau itsu jaiotzeko, beronek ala beronen
gurasoek?
3 Jesusek erantzun zien:
--Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez zuten bekatu egin, baizik eta
Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen itsu. 4 Egun-argi den
bitartean, bidali nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan
ezin izango du inork lanik egin. 5 Munduan naizen bitartean, munduaren argia
naiz.
6 Hau esanik, lurrera listua bota, listuaz lohia egin eta lohiaz itsuari begiak
igurtzi zizkion. 7 Gero, esan zion:
--Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura* (Siloek <<Bidalia>> esan nahi du).
Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen. 8 Auzokoek eta lehen
eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten:
--Ez al da hau eserita eskean egoten zena?
9 Batzuek zioten:
--Bai, huraxe da.
Beste batzuek, berriz:
--Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.
Berak, ordea, zioen:
--Bai, neu nauzue.
10 Haiek galdetu zioten:
--Nola ikusten duzu, bada, orain?
11 Hark erantzun zien:
--Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak igurtzi dizkit eta agindu:
<<Zoaz Siloera, eta garbitu han>>; joan, garbitu eta ikusten hasi naiz.
12 Orduan, galdegin zioten:
--Non da orain gizon hori?
Hark erantzun:
--Ez dakit.

Fariseuak sendakuntza ikertzen

13-14 Larunbata zen Jesusek lohia egin* eta begiak ireki zizkion eguna.
Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura, 15 eta fariseuek
berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien:
--Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen, eta ikusi egiten dut.
16 Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:
--Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez baitu atseden-eguna
errespetatzen.
Beste batzuek, berriz, zioten:
--Nola egin lezake bekatari batek horrelako mirarizko seinalerik?
Eta ez zetozen bat beren iritzietan.
17 Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:
--Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?
Hark erantzun:
--Profeta dela.
18 Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta
gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu 19 eta galdegin zieten:
--Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena? Nola ikusten du, bada,
orain?
20 Gurasoek erantzun zieten:
--Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu jaio zela; 21 baina orain nola
ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez dakigu. Galdegin berari, badu
adina-eta bere buruaren berri emateko.
22 Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun zuten horrela, ordurako
agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena beren elkartetik
botatzea. 23 Horregatik esan zuten gurasoek: <<Badu adina, galdegin berari>>.
24 Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz dei egin eta esan zioten:
--Aitortu egia Jainkoaren aurrean*. Guk badakigu gizon hori bekatari dela.
25 Berak erantzun zien:
--Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu
nintzela, eta orain ikusi egiten dudala.
26 Haiek berriro:
--Zer egin dizu? Nola ireki dizkizu begiak?
27 Eta hark erantzun:
--Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin. Zergatik nahi duzue berriro
entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue ala?
28 Haiek irainez bete eta esan zioten:
--Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. 29 Guk seguru
dakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola, baina hori nongoa den ere ez dakigu.
30 Hark ihardetsi zien:
--Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta horrek niri begiak
ireki. 31 Jakina da Jainkoak ez diola bekatariari entzuten, baizik eta berari
begirune izan eta beraren nahia betetzen duenari entzuten diola Jainkoak. 32
Egundaino ez dugu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki dizkionik. 33 Gizon
horrek, Jainkoarengandik ez baletor, ezin izango luke ezer ere egin.
34 Haiek erantzun zioten:
--Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?
Eta elkartetik kanpora bota zuten.

Bihotzeko itsukeria

35 Jakin zuen Jesusek sendatutako itsua elkartetik kanpora bota zutela eta,
harekin topo egitean, galdetu zion:
--Sinesten duzu Gizonaren Semearengan?
36 Hark erantzun:
--Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan.
37 Jesusek esan zion:
--Ikusi duzu. Zurekin ari dena bera da.
38 Orduan, Jesusen aurrean ahozpeztu eta esan zion:
--Sinesten dut, Jauna.
39 Ondoren, esan zuen Jesusek:
--Mundu hau auzitan jartzera etorri naiz ni. Ondorioz, ikusten ez dutenek
ikusi egingo dute, eta ikusten omen dutenak itsu bihurtuko.
40 Jesusekin zeuden fariseuetako batzuek, hori entzunik, esan zioten:
--Gu ere itsu ote gara?
41 Jesusek erantzun zien:
--Itsu bazinete, ez zenukete bekaturik izango; baina ikusten duzuela
diozuenez, zeuen bekatuzko egoeran irauten duzue.

Artzaina eta ardiak

10,1 <<Bene-benetan diotsuet: Artegian atetik barik, beste nonbaitetik


sartzen dena lapurra da eta harraparia. 2 Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da.
3 Hari irekitzen dio atezainak, eta haren ahotsa entzuten dute ardiek; ardi
bakoitzari bere izenez deitu eta artegitik ateratzen ditu. 4 Bere ardi guztiak atera
dituenean, aurretik joaten zaie, eta ardiek atzetik jarraitzen diote, ezaguna baitute
haren ahotsa. 5 Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote,
arrotzaren ahotsa ezaguna ez dutelako>>.
6 Adibide hau eman zien Jesusek, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi
zien.

Jesus artzain ona

7 Orduan, honela azaldu zien Jesusek: <<Bene-benetan diotsuet: Neu naiz


ardientzako atea*. 8 Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta
harrapariak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin. 9 Neu naiz atea; ate
honetan zehar sartzen dena, onik izango da, eta ez du inolako eragozpenik izango
larreak aurkitzeko. 10 Lapurra ez doa artaldera ebatsi, hil eta hondatzera baizik.
Ni, berriz, bizia --eta bizia ugari gainera-- izan dezaten etorri naiz.
11 <<Neu naiz artzain ona*; artzain onak bere burua ematen du ardien
alde. 12 Morroiak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez
baita artzaina eta ardiak ere ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu
eta sakabanatu egiten ditu. 13 Izan ere, morroiari lansaria zaio axola, eta ez
ardiak.
14 <<Neu naiz artzain ona. Ezagutzen ditut* neure ardiak, eta ni ere
ezagutzen naute neureek, 15 Aitak ni ezagutzen eta nik ere bera ezagutzen dudan
bezalaxe. Nik neure burua ematen dut ardien alde. 16 Baditut artegian ez dauden
beste ardi batzuk ere; haiek ere erakarri egin behar ditut; nire ahotsa entzungo
dute eta artalde bakarra izango dira, artzain bakarraren gidaritzapean.
17 <<Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela
eskuratzen berriro. 18 Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut.
Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure
Aitarengandik hartu dudan agindua>>.
19 Jesusek esandakoaren aurrean, iritzi kontrajarriak zeuden jendearen
artean. 20 Askok honela zioten: <<Deabruaren menpe eta burutik egina dago.
Zergatik egiten diozue jaramon?>> 21 Beste batzuek, berriz: <<Hitzok ez dira
deabrudun zoroarenak. Ireki ote ditzake deabru batek itsuen begiak?>>

Sasiartzainek Jesus baztertu

22 Negua zen. Jerusalemen tenpluaren sagarapen-jaiak* ospatzen ziren,


23 eta Jesus tenpluko Salomonen aterpean* zebilen. 24 Orduan, agintariek
inguratu eta esan zioten:
--Noiz arte eduki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaguzu argi
eta garbi.
25 Jesusek erantzun zien:
--Esan dizuet, eta ez didazue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten
ditudan egintzek ematen dute nire alde testigantza; 26 zuek, ordea, ez duzue
sinesten, nire ardietakoak ez zaretelako. 27 Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute,
eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate, 28 eta nik betiko bizia
ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere eskutik kenduko. 29
Eman dizkidan nire Aita, denak baino handiagoa da*, eta ezin ditu inork kendu
nire Aitaren eskutik. 30 Aita eta biok bat gara.
31 Agintariek berriro harriak hartu zituzten hari jaurtikitzeko. 32 Jesusek
esan zien:
--Neure Aitaren aginduz egintza eder asko egin dut zuen aurrean; haietako
zeinengatik egin nahi didazue harrika?
33 Erantzun zioten:
--Ez zaitugu egintza ederrengatik harrikatu nahi, Jainkoaren kontra birao
egiteagatik baizik, gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako.
34 Jesusek erantzun zien:
--Ez al dago zuen Liburu Santuetan idatzia: Nik esan dut: Jainko zarete*?
35 Beraz, Jainkoak jainko deitzen die bere mezua zuzendu zienei, eta Liburu
Santuek esana ukaezina da. 36 Nola diozue, bada, nik, Aitak sagaratu eta
mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, <<Jainkoaren seme naiz>>
esateagatik? 37 Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri. 38 Baina, egiten
baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin
betiko jakingo duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin.
39 Berriro atxilotu egin nahi izan zuten, baina hark ihes egin zien
eskuetatik.
40 Berriro Jordanez bestaldera joan zen Jesus, garai batean Joan
bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, 41 eta jende asko
joaten zitzaion. Honela zioten: <<Joanek, egia esan, ez zuen mirarizko seinalerik
bat ere egin, baina honetaz esan zuen guztia egia zen>>.
42 Eta han askok sinetsi zuten Jesusengan.

Lazaroren heriotza

11,1 Gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa* zen, Maria eta
honen ahizpa Martaren herrixkakoa. 2 (Maria hau --gaixo zegoen Lazaroren
arreba-- Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). 3
Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: <<Jauna! Zure adiskidea gaixo dago>>. 4
Jesusek, hori jakitean, esan zuen: <<Eritasun hau ez da heriotzara eramateko,
Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal
dadin>>.
5 Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren, 6 hau gaixo
zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan. 7 Ondoren,
esan zien ikasleei:
--Goazen berriro Judeara.
8 Ikasleek esan zioten:
--Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro?
9 Jesusek erantzun zien:
--Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten,
eguzkiak argitzen baitio bidea; 10 baina gauez dabilenak, estropezu egiten du, ez
baitu argirik.
11 Eta erantsi zuen:
--Lazaro gure adiskidea loak hartu du*; baina banoa iratzartzera.
12 Esan zioten, orduan, ikasleek:
--Jauna, loak hartu badu, sendatuko da.
13 Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz
ari zela uste zuten.
14 Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek:
--Lazaro hil egin da, 15 eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako
izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera.
16 Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien:
<<Goazen gu ere berarekin hiltzera>>.

Jesus, piztuera eta bizia

17 Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian. 18


Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo; 19 eta judu asko etorri
zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera. 20 Marta, Jesus
zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. 21
Martak esan zion Jesusi:
--Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. 22 Baina, halere,
badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak.
23 Jesusek erantzun zion:
--Piztuko da zure neba.
24 Eta Martak:
--Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan.
25 Jesusek esan zion, orduan:
--Neu naiz piztuera eta bizia*; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da.
26 Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?
27 Martak erantzun zion:
--Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura
etortzekoa zena.

Jesusek hilobi ondoan negar

28 Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion
isilka: <<Maisua hemen dun eta hots egiten din>>.
29 Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. 30 Jesus artean herrixkan
sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan. 31 Orduan, hari doluminak
ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu
egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan. 32 Mariak, Jesusengana iritsi eta
ikustean, oinetara ahozpeztu eta esan zion: <<Jauna, hemen izan bazina, gure
neba ez zen hilko>>.
33 Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik,
barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik, 34 esan zuen:
--Non ipini duzue?
Erantzun zioten:
--Jauna, zatoz eta ikusi.
35 Jesusek negarrari eman zion. 36 Han zeuden juduek esan zuten:
--Bai maite zuela!
37 Baina batzuek esan zuten:
--Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi?

Lazaroren piztuera

38 Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen,
harri batez estalia. 39 Jesusek esan zuen:
--Kendu harria.
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:
--Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.
40 Jesusek erantzun zion:
--Ez dizut, bada, esan sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?
41 Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan
zuen: <<Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako. 42 Nik badakit beti entzuten
didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets
dezaten>>.
43 Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: <<Lazaro, zatoz kanpora!>>
44 Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta
aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: <<Aska ezazue eta utzi
joaten>>.

Agintariek Jesus hiltzea erabaki


(Mt 26,1-5; Mk 14,1-2; Lk 22,1-2)

45 Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok


sinetsi zuten harengan. 46 Haietariko batzuek, ordea, fariseuengana joan eta
Jesusek egin zuena kontatu zieten. 47 Orduan, apaizburu eta fariseuek Biltzar
Nagusia bildu zuten eta esan:
--Zer egin? Gizon hau mirarizko seinale asko egiten ari da! 48 Horrela
jarraitzen uzten badiogu, guztiek sinetsiko dute berorrengan. Orduan,
erromatarrek etorri eta birrindu egingo dituzte bai tenplua, bai herria.
49 Biltzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusia zen Kaifasek, esan
zien:
--Zuek ez dakizue tutik ere. 50 Ez al zarete konturatzen hobe dela gizon
bat herriarengatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?
51 Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan, baizik eta, urte hartan apaiz
nagusia zenez, Jainkoaren izenean hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela
adieraztean; 52 eta ez herriaren alde bakarrik, bai eta sakabanaturik zeuden
Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere.
53 Beraz, ordutik aurrera, Jesus nola hilko pentsatzen hasi ziren; 54
hargatik, Jesus ez zen ibiltzen agerian juduen artean; basamortu ondoko bazter
batera alde egin zuen, Efraim* izeneko herrira, eta han egon zen bere ikasleekin.
55 Hurbil zen Pazkoa, juduen jai nagusia, eta herrietako jende asko
Jerusalemera joan zen Pazkoa baino lehen, garbikuntza-ohikuneetan parte
hartzeko. 56 Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo
egitean, galdetzen zioten elkarri: <<Zer iruditzen zaizue? Ez ote da etorriko
jaietara?>>
57 Apaizburu eta fariseuek agindua zuten, inork Jesus non zen jakiten
bazuen, sala zezala, atxilotu ahal izateko.

Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi


(Mt 26,6-13; Mk 14,3-9)

12,1 Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zen, han bizi
baitzen Lazaro, hilen artetik piztu zuena. 2 Afari bat eskaini zioten han; Marta ari
zen afaria zerbitzatzen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zeudenetariko bat zen. 3
Orduan, Mariak, nardo* garbizko kilo erdi bat ukendu, balio handikoa, harturik,
oinak igurtzi zizkion Jesusi, eta gero bere ile-adatsez xukatu. Etxea lurrin-usainez
bete zen. 4 Judas Iskariotek, salduko zuen ikasleak, esan zuen: 5 <<Zergatik ez
da saldu ukendu hori hirurehun denariotan*, eta behartsuei eman?>>
6 Hori esan zuen, ez behartsuak axola zitzaizkiolako, lapurra zelako baizik,
eta, diru-poltsa berak zuenez, hara botatzen zutenetik ostu egiten zuelako. 7
Jesusek esan zion: <<Utzi bakean honi; nire hilobiratze-egunerako egin du hori. 8
Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, baina ni ez nauzue betiko
zeuekin>>.

Agintariek Lazaro hil nahi

9 Juduetariko askok jakin zuten Jesus Betanian zegoela, eta bertara joan
ziren, ez Jesusengatik bakarrik, bai eta hilen artetik piztu zuen Lazaro ikusteagatik
ere. 10 Apaizburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten, 11 berau zela eta,
herritar askok alde egiten baitzien eta Jesusengan sinesten.

Jesus Jerusalemen sartu Mesias bezala


(Mt 21,1-11; Mk 11,1-11; Lk 19,28-40)

12 Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorria zen jendetza handia,


Jesus zetorrela jakitean, 13 palmadarrak harturik, bidera atera zitzaion, eta oihuka
hasi: <<Hosanna*! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua
Israelen erregea!>>
14 Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zen, Liburu Santuak
dioen bezala:
15 Ez beldur izan, Sion hiri eder!
Hara, badatorkizu zeure erregea,
astakume baten gainean eseria.

16 Haren ikasleak ez ziren orduan profezia honetaz jabetu, baina gero,


Jesusen Jainko-aintza azaldu zenean, konturatu ziren Liburu Santuak zioen huraxe
egin ziotela Jesusi.
17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hilen artetik piztu zuenean bertan zen
jendeak gertatutakoaren berri ematen zuen. 18 Horregatik irten zitzaion hainbeste
jende Jesusi bidera, egin zuen mirarizko seinalearen berri izan zuelako, hain
zuzen. 19 Orduan, fariseuek zioten beren artean: <<Argi dago ez dugula ezer ere
aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik>>.

Greziar batzuek Jesus ikusi nahi

20 Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar


batzuk*. 21 Hauek Galileako Betsaidako Feliperi hurbildu eta eskabide hau egin
zioten: <<Jauna, Jesus ikusi nahi genuke>>.
22 Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi
jakinarazi zioten. 23 Jesusek erantzun zien: <<Iritsi da Gizonaren Semearen
aintza azalduko den ordua. 24 Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta
hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko
ematen du. 25 Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan
bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. 26 Nire zerbitzari izan
nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere.
Nire zerbitzari dena, Aitak ohoratu egingo du.

Jesus bere heriotzaren aurrean

27 <<Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik
ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz! 28 Aita,
azaldu zeure aintza!>>
Ahots bat entzun zen orduan zerutik: <<Azaldu dut, eta berriro ere
azalduko>>.
29 Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten;
beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
30 Jesusek adierazi zuen: <<Ahots horrek ez du niretzat hitz egin,
zuentzat baizik. 31 Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere
boterea mundu honetako buruzagiak. 32 Eta nik, lurretik jasoko nautenean,
neuregana erakarriko ditut denak>>.
33 Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.
34 Jendeak esan zion:
--Mesiasek betiko iraungo duela irakasten digute Liburu Santuek. Nola
diozu, bada, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dutela? Nor da Gizonaren
Seme hori?
35 Jesusek erantzun zien:
--Oraindik pixka batean argia zeuen artean duzue; ibili argia duzuen
bitartean, ilunpeek harrapa ez zaitzaten, ilunpetan dabilenak ez baitaki nora doan.
36 Argia duzuen bitartean, sinetsi argiari, argiaren partaide izan zaitezten.
Gauza hauek esan ondoren, Jesus haiengandik alde egin eta ezkutatu egin
zen.

Konklusioa: juduek sinetsi ez

37 Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin zuen arren,


gehienek ez zuten harengan sinetsi; 38 horrela, Isaias profetak esana bete zen:

Jauna, nork sinetsi du gure mezua?


Eta nori agertu dio Jaunak
bere ahalmena?

39 Isaiasek berak esan zuen zergatik ezin zuten sinetsi:

40 Itsutu egin ditu haien begiak,


gogortu haien buru-bihotzak.
Ez bezate beren begiez ikus,
ez eta buruaz ulertu ere,
horrela niregana bihur ez daitezen
eta salba ez ditzadan.

41 Isaiasek Jesusi buruz esan zuen hau, ikusia baitzuen beraren


Jainko-aintza.
42 Halaz guztiz, askok, bai eta buruzagietakoek ere, sinetsi zuten
harengan; baina, fariseuen beldurrez, ez zuten agerian aitortzen, judu-elkartetik
bota ez zitzaten; 43 izan ere, giza ohorea maiteago zuten Jainkoarengandik
datorrena baino.
44 Jesusek oihu eginez esan zuen: <<Niregan sinesten duenak ez du
niregan bakarrik sinesten, bai eta ni bidali nauenarengan ere. 45 Eta ni ikusten
nauenak, ni bidali nauena ere ikusten du. 46 Ni argia bezala etorri naiz mundura,
niregan sinesten duenik inor ilunpeen menpe geldi ez dadin. 47 Nire irakatsiak
entzun bai, baina betetzen ez dituena, ez dut nik gaitzetsiko, ez bainaiz mundua
gaitzestera etorri, mundua salbatzera baizik. 48 Ni ukatu eta nire irakatsiak
onartzen ez dituenak badu nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak
gaitzetsiko du azken egunean; 49 nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta
bidali nauen Aitak agindu dit zer esan eta irakatsi. 50 Eta badakit bai, Aitaren
aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, bada, nik esaten dudan guztia Aitak
agindu bezala esaten dut>>.

JESUSEN NEKALDIA ETA PIZTUERA (13,1--20,31)

Jesus bere ikasleen oinak garbitzen


13,1 Pazko Jaia gainean zen. Jesusek bazekien mundu hau utzi eta
Aitarengana joateko ordua iritsi zitzaiona. Munduan ziren beretarrak beti maite
izan zituelarik, azkenean bete-betean maitatu zituen.
2-3 Deabruak Simonen seme Judas Iskarioteri sartua zion buruan Jesus
saltzeko asmoa. Jesusek bazekien dena bere esku jarri ziola Aitak, eta
Jainkoarengandik etorria zela eta Jainkoarengana zihoala. Afaltzen ari zela, 4
mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen. 5
Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian
zuen eskuzapiaz lehortzen.
6 Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:
--Jauna, zuk niri oinak garbitu?
7 Jesusek erantzun zion:
--Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen, baina geroago ulertuko
duzu.
8 Pedrok, berriro:
--Zuk ez didazu sekula niri oinik garbituko.
Jesusek erantzun:
--Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango.
9 Simon Pedrok esan zion:
--Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.
10 Jesusek erantzun:
--Bainatu denak ez du garbitu beharrik*, erabat garbi baitago, eta zuek
garbi zaudete, baina ez denok.
11 Izan ere, bazekien zeinek salduko zuen; horregatik esan zuen: <<Ez
zaudete denok garbi>>.
12 Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta
esan zien: <<Ulertzen duzue egin dizuedana? 13 Zuek Maisu eta Jauna deitzen
didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz. 14 Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen
honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri. 15 Ikasbide
eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen.
16 <<Bene-benetan diotsuet: Ez da morroia nagusia baino handiago, ez
eta bidalia ere bidaltzailea baino handiago. 17 Ulertzen duzue hau, ez da? Bada,
zorionekoak izango zarete, betetzen baduzue.
18 <<Ez naiz zuek guztiotaz ari; badakit, bai, nortzuk aukeratu ditudan,
baina bete beharra du Liburu Santuak dioen honek: Neure mahaikide nuena
kontra altxatu zait. 19 Aurrez, gertatu baino lehen, esaten dizuet, gerta
dadinean, ni naizena naizela* sinets dezazuen. 20 Bene-benetan diotsuet: Nik
bidalia onartzen duenak, neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak, bidali
ninduena onartzen du>>.

Jesusek Judasen saldukeria iragarri


(Mt 26,20-25; Mk 14,17-21; Lk 22,21-23)

21 Hori esanik, larritu egin zitzaion Jesusi barrua, eta argi adierazi zien:
<<Bene-benetan diotsuet: Zuetako batek salduko nau>>.
22 Ikasleak elkarri begira hasi ziren, zeinetaz ari ote zen asmatu ezinik. 23
Ikasleetako bat, Jesusek gehien maite zuen hura, beraren ondoan zegoen
mahaian*. 24 Simon Pedrok hari keinu egin zion, zeinetaz mintzo zen galdegiteko
adieraziz. 25 Eta hark, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdegin zion:
--Jauna, zein da?
26 Jesusek erantzun zion:
--Ogi-puska bustia emango diodana, huraxe da.
Eta ogi-puska bat bustiz, Simon Iskarioteren seme Judasi eman zion.
27 Ogi-puska hartu bezain laster, Satanas sartu zen haren barrura.
Orduan, Jesusek esan zion: <<Egin behar duzuna, egizu lehenbailehen>>.
28 Mahaikideetako inork ez zuen ulertu zergatik esan zion hori. 29 Judasek
diru-poltsaren ardura zuenez, jairako behar zena erosteko edota pobreei zerbait
emateko esan ziola uste izan zuen zenbaitek. 30 Judasek ogi-puska hartu eta
berehala alde egin zuen. Gaua zen.

Jesusen agindu berria

31 Judas irten zenean, esan zien Jesusek: <<Oraintxe azaltzen da


Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. 32 Jainkoaren aintza
haren bidez azaltzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta
berehala gainera.
33 <<Semetxook, ez zait denbora asko gelditzen zuekin egoteko. Nire bila
ibiliko zarete, baina juduei esan niena bera diotsuet zuei ere: ni noan tokira zuek
ezin zarete joan. 34 Agindu berria ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik
maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar. 35 Honetan ezagutuko dute
guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean>>.

Jesusek Pedroren ukoak iragarri


(Mt 26,33-35; Mk 14,29-31; Lk 22,31-34)

36 Simon Pedrok galdetu zion Jesusi:


--Jauna, nora zoaz?
Jesusek erantzun zion:
--Ni noan tokira zuk ezin orain niri jarraitu; geroago bai, jarraituko didazu.
37 Pedrok berriro:
--Jauna, zergatik ezin dizut jarraitu orain? Neure burua emango dut
zuregatik.
38 Jesusek erantzun zion:
--Niregatik zeure burua emango duzula? Bene-benetan esaten dizut:
Oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nauzu.

Jesus eta Aita

14,1 <<Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere. 2
Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain,
zuentzat tokia prestatzera noa*. 3 Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri
eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten. 4
Zuek badakizue ni noan tokirako bidea>>.
5 Tomasek esan zion:
--Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?
6 Jesusek erantzun:
--Neu naiz bidea, egia eta bizia*. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez
izan ezik. 7 Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are
gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.
8 Orduan, Felipek esan zion:
--Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.
9 Jesusek erantzun:
--Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten
nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: <<Erakuts iezaguzu Aita?>> 10 Ez al
duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi
dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere
salbamen-egintza burutzen ari dena. 11 Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda
nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik. 12
Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak, nik egiten ditudan egintzak
eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa. 13 Nire izenean
eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semearen bidez azal dadin.
14 Nire izenean eskatuko duzuen guztia emango dizuet nik.

Jesusek Espiritua agindu

15 <<Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. 16 Nik Aitari


eskatuko diot eta beste Laguntzaile* bat emango dizue, beti zuekin izango dena,
17 egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez
ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo
betiko.
18 <<Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana. 19 Laster
munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta
zuek ere biziko baitzarete. 20 Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda
nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin. 21 Nire aginduak onartu eta betetzen
dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du,
eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari>>.
22 Honela esan zion Judasek (ez Iskariotek, besteak baizik):
--Jauna, zer dela-eta agertuko zatzaizkigu guri eta ez munduari?
23 Jesusek erantzun zion:
--Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta
Aita eta biok berarengana etorriko gara, eta berarengan biziko. 24 Maite ez
nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut
neurea, bidali nauen Aitarena baizik.
25 <<Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. 26 Baina Aitak
Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko
dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.

Agurra: Bakearen dohaina

27 <<Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen


dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. 28
Entzun duzue esan dizuedana: <Banoa, baina itzuliko naiz zuengana>. Benetan
maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino
handiago baita. 29 Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean
sinets dezazuen. 30 Ez dut ia zuekin luze hitz egiteko aukerarik, gainean baita
mundu honetako buruzagia. Horrek ez du nire gain ahalmenik; 31 baina munduak
jakin behar du nik Aita maite dudala eta hark agindua zintzo betetzen dudala.
Jaiki, goazen hemendik!

Jesus egiazko mahatsondoa

15,1 <<Neu naiz egiazko mahatsondoa*, eta nire Aita da nekazaria. 2


Fruiturik ematen ez duen aihena ebaki egiten du Aitak, eta fruitua ematen duena
garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. 3 Zuek garbi zaudete dagoeneko,
adierazi dizuedan mezuaren bidez. 4 Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala.
Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ez
eta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.
5 <<Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Norbait niri itsatsia badago,
ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin. 6
Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena
bezalaxe; gero, bildu, sutara bota eta erre egiten dute. 7 Niri itsatsirik bazaudete,
eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badute, eskatu nahi duzuena eta izango
duzue. 8 Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu
asko ematean. 9 Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek;
iraun tinko nire maitasunean. 10 Nire aginduak betetzen badituzue, nire
maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean
irauten dudan bezala. 11 Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan
dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.

Maitasunaren agindua

12 <<Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan


zaituztedan bezala. 13 Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua
haien alde ematen duenak baino. 14 Zuek nire adiskide izango zarete nik agintzen
dizuedana egiten baduzue. 15 Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak
ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak
jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. 16 Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk
zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria
eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia eman
egingo dizue. 17 Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar.

Mundu sinesgabea Jesusen ikasleen aurka

18 <<Munduak* gorroto badizue, jakizue zuei baino lehen neuri izan


didala gorroto. 19 Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork
berea maite duen bezala; baina nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez,
munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako. 20 Gogoratu esan nizuena:
morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere
pertsegituko zaituztete; nire mezua nola hartu, hala hartuko dute zuena ere. 21
Niregatik erabiliko zaituztete horrela, bidali nauena ezagutzen ez dutelako.
22 <<Ni etorri ez banintz eta hitz egin ez banie, ez ziren errudun izango;
orain, ordea, ez dute aitzakiarik beren bekatuarentzat. 23 Niri gorroto didanak,
gorroto dio nire Aitari ere. 24 Beraien artean beste inork ez bezalako egintzak egin
ez banitu, ez ziren errudun izango; baina orain ikusi dituzte, eta halere niri eta
Aitari, bioi digute gorroto. 25 Horrela, haien Liburu Santuetan idatzia dagoen hau
bete zen: Arrazoirik gabe gorroto izan didate.

Espirituaren eta ikasleen testigantza

26 <<Nik Laguntzailea, Aitarengan jatorria duen egiaren Espiritua, bidaliko


dizuet Aitaren ondotik. Etortzean, hark egingo du testigantza nire alde. 27 Eta
zuek ere egingo duzue testigantza, hasieratik nirekin egon baitzarete.

16,1 <<Hau guztia, zuen sinesmenak huts egin ez dezan* esan dizuet. 2
Zeren eta judu-elkartetik bota egingo baitzaituztete; are gehiago, badator ordua,
zuek hilko zaituztenak Jainkoari kultu ematen diola uste izango duena. 3 Eta
horrela jokatuko dute ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituztelako. 4 Aurrez esaten
dizuet, hori gertatzean esana nizuela gogora dezazuen.

Espirituaren jarduna

<<Ez nizuen hori hasieratik esan, ni zuekin nengoelako. 5 Orain, ordea,


bidali nauenarengana noa, eta zuetariko inork ez dit nora noan galdetzen. 6 Baina
esan dizuedanagatik, barrua tristuraz bete zaizue; 7 halere, egia diotsuet: Hobe
da zuentzat ni joatea; izan ere, joaten ez banaiz, ez zaizue etorriko Laguntzailea;
joaten banaiz, ordea, bidali egingo dizuet. 8 Hura etortzean, bekatu, zuzentasun
eta epaiari buruz oker dagoela erakutsiko dio munduari: 9 bekatuari buruz,
niregan sinesten ez duelako; 10 zuzentasunari buruz, Aitarengana noalako, zuen
artetik desagertuz; 11 epaiari buruz, mundu honetako buruzagia jadanik gaitzetsia
dagoelako.
12 <<Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete
gauza ondo ulertzeko. 13 Baina egiaren Espiritua etortzean, berak egia beteraino
gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko
diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue. 14 Berak nire Jainko-aintza
azalduko du, adieraziko dizuedana niregandik hartuko baitu. 15 Aitak duen oro
nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko
dizuena.

Tristura poz bilakatuko

16 <<Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago


berriro ikusiko nauzue>>.
17 Orduan, ikasleetako batzuk honela ari ziren beren artean: <<Zer ote da
esaten digun hau: <Gutxi barru ez nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat
geroago berriro ikusiko nauzue> eta <Aitarengana noa>? 18 Zer esan nahi ote du
<gutxi barru> horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den>>.
19 Konturatu zen Jesus galdetu egin nahi ziotela, eta esan zien:
<<Eztabaidan ari zarete zeuen artean nire hitz hauen esanahiaz: <Gutxi barru ez
nauzue gehiago ikusiko, baina pixka bat geroago berriro ikusiko nauzue>. 20
Bene-benetan diotsuet: Negar egingo duzue eta aiene; mundua, ordea, poztu
egingo da. Zuek triste egongo zarete, baina zuen tristura poz bilakatuko da. 21
Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu zaiolako; haurra jaio
ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizaki bat ekarri duelako.
22 Zuek ere triste zaudete orain, baina berriro agertuko natzaizue, eta poztu
egingo zarete, eta poz hori inork ez dizue kenduko.
23 <<Egun hartan ez duzue ezer galdetu beharrik izango. Bene-benetan
diotsuet: Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue. 24
Oraindainokoan ez duzue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko duzue,
zuen poza bete-betea izan dadin.

Jesusek mundua garaitu

25 <<Orain arte irudi bidez hitz egin dizuet; baina badator ordua irudi
bidez hitz egingo ez dizuedana, baizik eta Aitaren berri argi eta garbi emango
dizuedana. 26 Orduan, nire izenean eskatuko duzue, eta ez dut nik zuen alde
Aitari erregutu beharrik izango, 27 zeren Aitak berak maite baitzaituzte, ni maite
izan nauzuelako eta Jainkoarengandik etorri naizela sinetsi duzuelako. 28
Aitarengandik irten eta mundura etorri nintzen; orain mundua utzi eta berriro
Aitarengana noa>>.
29 Ikasleek esan zioten:
--Orain bai mintzo zarela argi, eta ez irudi bidez. 30 Ziur dakigu orain dena
dakizula eta ez duzula inork galdetu beharrik; honengatik sinesten dugu
Jainkoarengandik etorri zarela.
31 Jesusek erantzun zien:
--Orain sinesten duzuela? 32 Hara, badator ordua --hobeto esan, heldua
da--, nor bere aldetik sakabanatu eta bakarrik utziko nauzuena. Baina ni ez nago
bakarrik, nirekin baitago Aita. 33 Hau guztia, nirekin elkarturik bakea izan
dezazuen esan dizuet. Munduan larrialdirik izango duzue; baina izan adore! Nik
garaitua dut mundua.

Jesusek sinestedunen alde otoitz egin

17,1 Honela mintzatu ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan
zuen: <<Aita, heldu da ordua. Azal ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure
aintza azal dezan. 2 Gizon-emakume guztien gain aginpidea eman diozunez gero,
berak betiko bizia eman diezaiela zuk berari emandakoei. 3 Honetan azaltzen da
betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias
ezagutzean*.
4 <<Nik zure aintza azaldu dut munduan, zuk eman zenidan egitekoa
betez. 5 Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, eman mundua mundu izan
baino lehen zure ondoan nuen aintza. 6 Eman diet zure berri mundutik bereizi eta
eman zenizkidan gizon-emakumeei. Zureak ziren, zuk neuri eman zenizkidan, eta
hauek onartu dute zure mezua. 7 Badakite orain zuk eman didazun guztia
zuregandik datorrela. 8 Niri eman dizkidazun irakatsiak eman dizkiet nik, eta
hauek onartu egin dituzte. Eta benetan dakite zuregandik etorri naizela, bai eta
sinetsi ere zuk bidali nauzula.
9 <<Hauen alde erregutzen dut; ez dut munduaren alde erregutzen, zuk
eman dizkidazunon alde baizik, zureak direlako; 10 daukadan guztia zurea da eta
zurea nirea; eta hauengan azaldu da nire aintza.
11 <<Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, ordea, bai,
munduan jarraituko dute. Ni zuregana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure
ahalmenaz zuk eman dizkidazunok, bat izan daitezen gu geu bat garen bezala. 12
Hauekin izan naizen bitartean, neuk zaindu ditut eman dizkidazunok. Hauen
ardura izan dut eta hauetako bat ere ez da galdu, galdu behar zuena* baizik;
horrela, Liburu Santuek diotena bete da. 13 Orain, ordea, zuregana noa. Hau
guztia, oraindik munduan nagoela esaten dut, nire poza berengan izan dezaten,
eta bete-betea izan ere.
14 <<Zure mezua adierazi diet nik; baina munduak gorroto die,
mundukoak ez direlako, neu ere mundukoa ez naizen bezala. 15 Ez dizut eskatzen
mundutik ateratzeko, Gaiztoarengandik* babesteko baizik. 16 Ez dira mundukoak,
neu ere mundukoa ez naizen bezala. 17 Har itzazu zeuretzat* egiaren bidez: zure
mezua egia da. 18 Mundura bidali ditut, zuk bidali ninduzun bezala. 19 Eta
hauengatik ematen dizut erabat neure burua, hauek ere egiaren bidez zeuretzat
har ditzazun.
20 <<Ez dut erregutzen hauen alde bakarrik, bai eta berauen predikuaren
bidez niregan sinetsiko dutenen alde ere. 21 Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita,
zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela
gurekin. Horrela, munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula. 22 Zuk eman zenidan
aintza bera eman diet nik, bat izan daitezen, gu biok bat garen bezala: 23 ni
hauekin bat eta zu nirekin bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak
ezagutu ahal izango du zuk bidali nauzula eta ni neu maitatu nauzun bezala
maitatu dituzula berauek ere. 24 Aita, zuk eman dizkidazunak ni nagoen lekuan
nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nauzulako
eman didazun aintza, ikus dezaten.
25 <<Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; nik, ordea, ezagutu
zaitut, eta hauek jakin dute zuk bidali nauzula. 26 Zu nor zaren jakinarazi diet, eta
aurrerantzean ere jakinaraziko, zuk didazun maitasuna hauengan izan dadin, eta
ni neu ere hauengan izan nadin>>.

Nekaldia. Jesus atxilotua


(Mt 26,47-56; Mk 14,43-50; Lk 22,47-53)

18,1 Hitzaldi horiek bukaturik, Jesus eta ikasleak Zedron erreka* igaro eta
bestaldean zegoen baratze batera sartu ziren. 2 Judasek ere, Jesus salduko
zuenak, ezagutzen zuen leku hura, askotan bildua baitzen Jesus han bere
ikasleekin. 3 Judas, beraz, tenpluko gudu-taldea* eta apaizburu eta fariseuen
guardak harturik, hara joan zen. Armaturik eta zuzi eta argiontziz horniturik
zihoazen. 4 Jesusek, ongi baitzekien gertatuko zitzaion guztia, bidera irten eta
esan zien:
--Noren bila zatozte?
5 Erantzun zioten:
--Jesus Nazaretarraren bila.
Hark, orduan:
--Neu naiz.
Han zen guardekin Judas saltzailea ere. 6 Jesusek <<Neu naiz>> esan
zienean, atzeraka hasi eta lurrera erori ziren. 7 Berriro galdegin zien Jesusek:
--Noren bila zatozte?
Haiek erantzun:
--Jesus Nazaretarraren bila.
8 Eta Jesusek:
--Esan dizuet neu naizela; nire bila bazatozte, utzi hauei joaten.
9 Horrela bete zen Jesusek berak esana: <<Eman dizkidazunetatik ez dut
bat ere galdu>>.
10 Orduan, Simon Pedrok, aldean zuen ezpata atera, apaiz nagusiaren
morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Morroiak Malko zuen izena. 11
Jesusek esan zion Pedrori: <<Itzuli ezpata zorrora. Ez ote dut, bada, edan behar
Aitak leporatu didan edari samina*?>>

Jesus Anasen aurrean


(Mt 26,57; Mk 14,53; Lk 22,54)

12 Orduan, gudu-taldeak bere buruzagiarekin eta judu-agintarien guardek


Jesus preso hartu zuten eta, loturik, 13 Anasen etxera eraman zuten lehenengo.
Anas, urte hartako apaiz nagusi Kaifasen aitaginarreba* zen. 14 (Kaifas zen
judu-agintariei aholku hau eman ziena: <<Hobe da gizon bat herriarengatik
hiltzea>>).

Pedrok Jesus ukatu


(Mt 26,58.69-70; Mk 14,54.66-68; Lk 22,55-57)

15 Simon Pedro eta beste ikasle bat* Jesusen ondoren joan ziren. Ikasle
hau apaiz nagusiaren ezaguna zen, eta Jesusekin batera sartu zen apaiz
nagusiaren jauregiko patiora; 16 Pedro, ordea, kanpoan gelditu zen, ate ondoan.
Atera zen, orduan, apaiz nagusiaren ezaguna zen ikaslea eta, atezainari hitz egin
ondoren, Pedro sarrarazi zuen. 17 Atezain zegoen neskameak esan zion Pedrori:
--Ez al haiz hi ere gizon horren ikasleetakoa?
Pedrok erantzun:
--Ez, ez naun.
18 Morroiak eta guardak sua egin eta berotzen ari ziren, hotz baitzegoen.
Pedro ere haiekin zegoen berotzen.

Apaiz nagusiak Jesus galdekatu


(Mt 26,59-66; Mk 14,55-64; Lk 22,66-71)

19 Apaiz nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz galdegin zion Jesusi. 20
Jesusek erantzun zion:
--Ageri-agerian hitz egin izan diot nik mundu guztiari; sinagogetan eta
tenpluan irakatsi izan dut beti, judu guztiak biltzen diren lekuan, eta ezer ere ez
dut ezkutuan esan. 21 Zer dela-eta galdeketa hau niri? Galdetu nire entzuleei eta
emango dizute esan dudanaren berri.
22 Hori esan zueneko, han zegoen guarda batek masailako bat eman zion
Jesusi, eta esan:
--Horrela erantzuten al zaio apaiz nagusiari?
23 Jesusek erantzun zion:
--Gaizki hitz egin badut, esan zertan; baina ongi hitz egin badut, zergatik
jotzen nauzu?
24 Anasek, orduan, Kaifas apaiz nagusiari bidali zion Jesus, lotuta.

Pedrok Jesus ukatu berriro


(Mt 26,71-75; Mk 14,69-72; Lk 22,58-62)

25 Bitartean, Simon Pedro sutondoan zegoen berotzen, eta galdetu zioten:


--Ez al haiz hi ere horren ikasleetakoa?
Hark ukatu egin zuen, esanez:
--Ez, ez nauk.
26 Apaiz nagusiaren morroietariko batek, Pedrok belarria moztu zionaren
ahaideak, esan zion:
--Nola ezetz! Neuk ikusi hindudan baratzean horrekin.
27 Baina Pedrok ukatu egin zuen berriro, eta berehala oilarrak jo zuen.

Jesus Pilatoren aurrean


(Mt 27,1-2.11-14; Mk 15,1-5; Lk 23,1-5)

28 Kaifasenetik gobernariaren jauregira* eraman zuten Jesus. Goizaldea


zen. Judu-agintariak ez ziren sartu jauregira, ez kutsatzeko, ezin izango baitzuten
bestela Pazko-afarian parte hartu. 29 Pilatok kanpora irten eta galdetu zien:
--Zertaz salatzen duzue gizon hau?
30 Haiek erantzun zioten:
--Gaizkilea ez balitz, ez genizukeen ekarriko.
31 Pilatok esan zien:
--Eraman zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera.
Judu-agintariek erantzun:
--Guri ez zaigu zilegi inor heriotzara kondenatzea*.
32 Horrela beteko zen Jesusek esana, zein heriotzaz hilko zen adierazi
zuenean.
33 Pilato barrura sartu zen berriro eta, Jesusi deituz, galdegin zion:
--Zu al zara juduen erregea?
34 Eta Jesusek:
--Zeure kabuz galdetzen didazu hori ala besteek esan dizute hori nitaz?
35 Pilatok erantzun zion:
--Judua ote naiz, bada, ni? Zeure herrikoek eta apaizburuek ekarri zaituzte
niregana. Zer egin duzu?
36 Jesusek erantzun:
--Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa
balitz, nire jendeak borroka egingo zuen ni judu-agintarien menpe ez erortzeko;
nire erregetza, ordea, ez da hemengoa.
37 Orduan, Pilatok esan zion:
--Beraz, errege zara zu?
Jesusek erantzun zion:
--Errege naiz, zeuk diozun bezalaxe. Horretarakoxe jaio eta etorri naiz
mundura: egiaren testigantza egitera. Egiarena denak entzuten du nire ahotsa.
38 Pilatok galdetu zion:
--Egia, zer da egia?

Jesus heriotzara kondenatua


(Mt 27,15-31; Mk 15,6-20; Lk 23,13-25)

Hori esanik, Pilatok berriro irten eta judu-agintariei esan zien:


--Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen. 39 Baina
baduzue ohitura bat nik Pazko Jaietan preso bat askatzekoa. Nahi al duzue juduen
erregea askatzea?
40 Haiek oihuka hasi ziren:
--Hori ez! Askatu Barrabas!
Barrabas hau bidelapurra* zen.

19,1 Pilatok, orduan, Jesus zigorkatzeko agindu zuen. 2 Soldaduek,


arantzazko koroa eginik, buruan ezarri zioten eta purpurazko mantua bota zioten
gainera. 3 Eta bata bestearen ondoren hurbilduz, esaten zioten: <<Agur, juduen
errege!>> Eta masailakoka zerabilten.
4 Atera zen berriro ere Pilato eta esan zien:
--Hara, kanpora dakarkizuet, jakin dezazuen gizon hau kondenatzeko
arrazoirik ez dudala aurkitzen.
5 Orduan, Jesus kanpora irten zen arantzazko koroa eta purpurazko
mantua zeramatzala. Pilatok esan zien:
--Hemen duzue gizona!
6 Ikusi zutenean, apaizburuak eta guardak oihuka hasi ziren:
--Gurutzera, gurutzera hori!
Pilatok esan zien:
--Eraman zeuek eta gurutziltzatu; nik ez dut gizon hau kondenatzeko
arrazoirik aurkitzen.
7 Judu-agintariek ihardetsi zioten:
--Guk badugu lege bat, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezi du,
Jainkoaren semetzat jo baitu bere burua.
8 Hori entzutean, are gehiago beldurtu zen Pilato. 9 Berriro jauregira sartu
eta galdetu zion Jesusi:
--Nongoa zara zu*?
Jesusek, ordea, ez zion erantzun ere egin. 10 Orduan, Pilatok esan zion:
--Ez didazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea dudana zu askatzeko
ala gurutziltzatzeko?
11 Jesusek erantzun zion:
--Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu;
horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.
12 Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak
oihuka hasi zitzaizkion:
--Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua
errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.
13 Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta
auzitegian* eseri zen, <<Harlosatua>> --hebreeraz Gabata-- zeritzan tokian. 14
Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdialdea*. Pilatok esan zien
juduei:
--Hemen duzue zeuen erregea.
15 Orduan, haiek oihuka:
--Kendu hori, kendu! Gurutzera!
Pilatok, berriro:
--Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?
Apaizburuek erantzun zuten:
--Ez dugu enperadorea beste erregerik.
16 Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.

Jesus gurutziltzatua
(Mt 27,32-44; Mk 15,21-32; Lk 23,26-38)

Hartu zuten, beraz, Jesus, 17 eta, gurutzea lepoan zuela, hiritik <<Buru-
hezur>> --hebreeraz Golgota-- zeritzan tokirantz irten zen. 18 Han josi zuten
gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.
19 Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen
idatzia: <<Jesus Nazaretarra, juduen erregea>>. 20 Judu askok irakurri zuen
kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera,
hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia. 21 Juduen apaizburuek esaten zioten
Pilatori:
--Ez idatzi <<juduen erregea>>, <<juduen erregea dela dioena>> baizik.
22 Pilatok erantzun zuen:
--Idatzitakoa idatzia bego.
23 Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati
egin zituzten, bakoitzarentzat bana, eta gero tunika hartu zuten, baina josturarik
gabea zenez, goitik behera ehundua, 24 akordio hau hartu zuten: <<Ez dezagun
urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion>>. Honela, Liburu Santuak
dioena bete zen:

Nire jantziak banatzen dituzte,


nire tunika zotz egiten.

Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.

Jesus eta beronen ama

25 Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa*, Maria


Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. 26 Jesusek, bere ama eta honen
ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari: <<Emakume, horra hor zure
semea>>. 27 Gero, ikasleari esan zion: <<Horra hor zure ama>>. Eta ordudanik
ikasleak bere etxean hartu zuen.

Jesusen heriotza
(Mt 27,45-56; Mk 15,33-41; Lk 23,44-49)
28 Ondoren, Jesusek, guztia betea zegoela jakinik, Liburu Santuak esana
erabat bete zedin, esan zuen: <<Egarri naiz>>.
29 Bazen han pitxer bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti
eta, kanabera bati muturrean erantsirik, ahora hurbildu zioten. 30 Ozpina edan
zuenean, Jesusek esan zuen: <<Betea da dena>>. Eta, burua makurtuz, azken
arnasa eman zuen.

Jesusen saihetsa lantzaz zulatua

31 Pazko Jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez


zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun
handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi* eta handik
kentzeko eskatu zioten Pilatori.
32 Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak
Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei. 33 Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik
zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi; 34 soldadu batek saihetsa
zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren. 35 Ikusi zuenak
berak testigatzen du eta haren testigantza egiazkoa da. Berak badaki egia dioena,
zuek ere sinets dezazuen. 36 Hau Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen:
Ez zaio hezurrik hautsiko. 37 Eta beste pasarte batean ere hau dio: Zulatu
zutenari begiratuko diote.

Jesus hilobian ezarria


(Mt 27,57-61; Mk 15,42-47; Lk 23,50-56)

38 Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eramateko baimena eskatu zion


Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zen, baina isilpean, judu-agintarien beldurrez.
Pilatok baimena eman zion, eta Josek joan eta eraman egin zuen haren gorpua.
39 Etorri zen Nikodemo ere --behin batean gauez Jesus ikustera joan zen hura--
hogeita hamarren bat kiloko mirra- eta aloe-nahastura* zekarrela. 40 Jesusen
gorpua bien artean hartu eta oihal-zerrendaz lotu zuten, tartean usainkiak ezarriz,
juduek hobiratzeko zuten ohiturari jarraituz.
41 Jesus gurutziltzatu zuten lekutik hurbil baratze bat zegoen eta,
baratzean, ordura arte inor ipini gabeko hilobi berri bat. 42 Hilobia hurbil
zegoenez, hantxe ezarri zuten Jesusen gorpua, juduen atseden-eguna hastear
baitzegoen.

Jesus piztu. Hilobia hutsik


(Mt 28,1-10; Mk 16,1-8; Lk 24,1-12)

20,1 Asteko lehen egunean* Magdalako Maria hilobira joan zen goizean
goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. 2 Orduan, Simon
Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta
esan zien: <<Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten>>.
3 Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz jo zuten. 4
Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta
lehenago iritsi zen hilobira. 5 Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak
lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. 6 Iritsi zen haren atzetik Simon
Pedro, eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, 7 bai eta
Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin
batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. 8 Orduan, sartu zen beste
ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. 9 Izan ere,
ordura arte ez baitzuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hilen
artetik piztu behar zuela, alegia.
10 Pedro eta beste ikaslea etxeratu egin ziren.

Jesus, Magdalako Mariari agertu


(Mk 16,9-11)

11 Maria hilobi ondoan gelditu zen, kanpoan negarrez. Halako batean,


oraindik ere negarrez, hilobirantz makurtu zen, 12 eta bi aingeru ikusi zituen zuriz
jantziak, Jesusen gorpua egon zen tokian eserita, bata burualdean eta bestea
oinetan. 13 Aingeruek esan zioten:
--Emakume, zergatik ari zara negarrez?
Hark erantzun zien:
--Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten.
14 Berehala, atzera begiratu eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen
konturatu Jesus zela. 15 Jesusek esan zion:
--Emakume, zergatik ari zara negarrez? Noren bila zabiltza?
Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion:
--Jauna, zuk eraman baldin baduzu, esadazu non ipini duzun, eta neuk
jasoko dut.
16 Jesusek esan zion:
--Maria!
Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz:
--Rabbuni! (hau da, Maisu).
17 Jesusek esan zion:
--Utz nazazu*, oraindik ez bainaiz igo Aitarengana. Ea, zoaz nire
senideengana eta esaiezu neure eta zuen Aitarengana noala, neure eta zuen
Jainkoarengana.
18 Magdalako Mariak joan eta ikasleei berri hau eman zien: <<Jauna ikusi
dut>>. Eta hark esana kontatu zien.

Jesus ikasleei agertu

19 Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean


bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus
eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: <<Bakea zuei>>. 20 Gero, eskuak eta
saihetsa* erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
21 Jesusek berriro esan zien: <<Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala,
nik zuek bidaltzen zaituztet>>. 22 Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
<<Hartzazue Espiritu Santua. 23 Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu
egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo
die>>.
Jesus eta Tomas

24 Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri


zenean. 25 Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
--Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
--Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra
iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola
ere sinetsiko.
26 Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere
bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu
zituen esanez: <<Bakea zuei>>. 27 Gero, esan zion Tomasi:
--Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire
saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
28 Tomasek erantzun zion:
--Ene Jauna eta ene Jainkoa!
29 Jesusek esan zion:
--Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.

Ebanjelioaren helburua

30 Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean,
liburu honetan idatzirik ez daudenak. 31 Hemen kontatuak Jesus Mesias eta
Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan
dezazuen hari esker.

ERANSKINA* (21,1-25)

Jesus zazpi ikasleri agertu

21,1 Geroxeago, berriro agertu zitzaien Jesus bere ikasleei Tiberiades


aintzira-ertzean. Honela gertatu zen agerpena: 2 Elkarrekin zeuden Simon Pedro,
Tomas --Bikia zeritzana--, Natanael --Galileako Kanakoa--, Zebedeoren semeak
eta beste bi ikasle. 3 Hortan, Simon Pedrok esan zien:
--Arrantzura noa.
Besteek erantzun zioten:
--Zurekin goaz gu ere.
Irten eta untziratu egin ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu.
4 Eguna argitu zuenean, aintzira-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak
ez ziren konturatu Jesus zela. 5 Jesusek esan zien:
--Mutilok, baduzue jatekorik?
Haiek erantzun:
--Ez.
6 Jesusek esan zien:
--Bota sarea txaluparen eskuinera eta aurkituko duzue.
Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea
ateratzeko gauza. 7 Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori:
<<Jauna da>>. Simon Pedrok, Jauna zela entzun bezain laster, soinekoa jantzi
(erantzia baitzuen) eta salto egin zuen uretara. 8 Gainerako ikasleak txalupaz joan
ziren, sarea arrainekin tiraka zekartela, lehorretik hurbil baitziren, ehunen bat
metrora.
9 Lehorreratzean, su-txingarrak ikusi zituzten, gainean arrain bat zela, eta
ogia. 10 Jesusek esan zien: <<Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetariko
batzuk>>.
11 Igo zen untzira Simon Pedro eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta
berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea
apurtu.
12 Jesusek esan zien: <<Etorri gosaltzera>>.
Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, ongi baitzekiten
Jauna zena. 13 Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, bai
eta arraina ere.
14 Hirugarren aldia zen hau, Jesus, hilen artetik piztu ondoren, bere
ikasleei agertzen zitzaiena.

Jesus eta Pedro

15 Gosaldu zutenean, Jesusek esan zion Simon Pedrori:


--Simon, Joanen semea, maiteago al nauzu hauek baino?
Hark esan zion:
--Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Orduan, Jesusek:
--Larra itzazu nire bildotsak.
16 Bigarrenez galdetu zion Jesusek:
--Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedrok, berriro:
--Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Jesusek orduan:
--Zaindu nire ardiak.
17 Hirugarrenez galdetu zion Jesusek:
--Simon, Joanen semea, maite al nauzu?
Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta
erantzun zion:
--Jauna, zuk dena dakizu, badakizu maite zaitudana.
Orduan, esan zion Jesusek:
--Larra itzazu nire ardiak. 18 Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean,
zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan erabakitzen; zahartzean, ordea, zuk
besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun
lekura eramango zaitu.
19 Horrela, Jainkoari aintza zer-nolako heriotzaz* emango zion adierazi
zuen Jesusek. Ondoren, esan zion:
--Jarraitu niri.

Ikasle maitea

20 Pedrok itzuli eta Jesusek maite zuen ikaslea ondoren zetorrela ikusi
zuen, afarikoan, Jesusen bular gainean jarririk, <<Jauna, nor da salduko
zaituena?>> galdetu ziona. 21 Hura ikusi zuenean, bada, Pedrok galdetu zion
Jesusi:
--Jauna, eta hau zer?
22 Jesusek erantzun zion:
--Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Zuk jarraitu niri.
23 Hitz hauek zirela eta, ikasle hura hilko ez zelako zurrumurrua zabaldu
zen senideen artean. Jesusek, ordea, ez zion esan ez zela hilko, beste hau baizik:
<<Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer?>>

Konklusioa

24 Ikasle huraxe da gauza hauetaz guztiez testigantza egin duena eta


idatzi dituena, eta guk ongi dakigu egiazkoa dela haren testigantza.
25 Beste gauza asko ere egin zituen Jesusek. Guztiak banan-banan bilduko
balira, nik uste mundu osoan ere ez liratekeela sartuko idatz litezkeen liburuak.
\z

You might also like