Professional Documents
Culture Documents
Genero Kontuak Giza Izenetan
Genero Kontuak Giza Izenetan
Genero Kontuak Giza Izenetan
Euskereak ez, ostera. Aspaldi idatzi eban Arnaud Oihenart zuberotarrrak Notitia
Utriusque Vasconi, tum Iberic, tum Aquitanic… latinez onduriko obra mardulean (1638):
Prim in iis [nominibus] illud singulare est, quod nullum masculini, feminini aut alterius
generis discrimen agnoscunt.
Gizakion arlora mugatzen bagara, jo daigun guraso berbea. Gurasoa, aita zein ama izan
daiteke, eta gurasoak, normalean aita eta ama biak. Okerrago dabilz gure gazteen
arteko batzuk, erderaz mis aitas edo mis aitites esaten dabenean, eta askoz okerrago
euskeraz nire aitak ahotik ateraten dabenean. Handia da, gero! Aitak bat baino gehiago,
eta amarik ez! Hurrekoren bati inoiz itaundu deutsat: Zenbat aita daukazak hik ba?
Guraso berbea erabilteko ekandurik ez daukienek, aita eta ama esango leukie, eta beste
batzuek aita-amak.
Lagun berbea erderazko ‘compaero, amigo’ edo ‘compaera, amiga’ bitzuk izan daiteke,
genero bietarako da gauza. Adineko jakingura batek gazte bati itanduko baleutso: Zein
dozu laguna, ba?, ihesbideko erantzuna emoteko, edozein mutil zein neskaren izena
emon, bardin izango leuke. Baina generoa zehaztu gura baleu, mutil-lagun edo
neska-lagun berba elkartuak erabiliko leukez, ingelesez boyfriend edo girlfriend egiten
diran antzera. Lagun berbea generoz neutroa da; mutil eta neska behar ditu aurretik
buztarrian, ar-eme diferentzia argitzeko.
Otseina, ogiko seina dogu egituraz, eta bardin balio dau mutikoa zein neskatoa izan,
ume txikien izenekin jazoten danez. Izan be, seina, umea eta haurra neutroak dira
generoz. Zurtza, edo umezurtza berbea be, zurtz gelditzen dan mutiko zein
neskatoarentzako izan leiteke. Sexu bientzako izenak dira, era berean, lagun eta
adiskide be; bardin balio dabe gizonezko zein andrazkoentzat.
Ardura, kargu edo lanbide-jarduera bat beteten gizakiei be izen neutroak egozten jakez
euskeraz: zuzendari, lehendakari, alkate, mediku, barberu, letratu, fiskal, abokatu,
diputatu, okin, erizain… eta atzizkidun beste edozein (idazkari, ekonomialari, sukaldari,
osagile, iturgin, gorule, itzultzaile, irakasle), euskal atzizkiak berez genero bakoak
diralako. Konposatu batzuetan, gauza bera: mandazainak genero garraian ebiltzanei
eritxen, batzuetan gizonak, baina Domingo Agirrek Kresala-n aitatzen dituan Tramana
eta Brix mandazainak, edo arrain-saltzen ziharduen astodunak, emakumeak ohi ziran.
Horreetarikoetan generoa bereizteko jaun edo andere/andra alboan ipinita baino beste
biderik ez dago. Tradizino zaharrean, eta Iparraldean gaur egun be, kargudun-izenaren
aurrean ipini izan da: jaun diputatua / andere diputatua, jaun auzapeza / andere
auzapeza, jaun abokatua / andere abokatua. Baina geure tradizinoan be antzera: Maixu
Juan eta andra Madalena deritxe Mogelen berba-jardunetako pertsonaia biri. Eta
senitarte kontuan halantxe darabilguz hondino be: osaba Peru, izeko Mari, lehengusu
Xabier edo arreba Tere.
Baina hegoaldeko erabileran, jaun eta andra/andere atzean ipinteko joerea da nagusi,
eta gaur egun halan erabiltea gomendatzen da: alkate jauna/alkate andrea, zuzendari
jauna/zuzendari andrea…
Genero bereizkuntza horretatik bereiz itxi beharra dago giza hitzoina: gizalegeaz,
gizabideaz, gizarteaz, gizatasunaz eta batez be gizakiaz dihardugunean, bientzako da.
Atzizki berezia hartzen dabe errege eta lehengusu berbak femeninoa adierazoteko,
erregina eta lehengusina. Sakonean, mailegu bidez. Maileguetara joten dogu baita,
gizaki batzuen ardura edo kargu-izenetan. Halangoak dira: kriadu-kriada, maisu-maistra
eta antzeko kasuak.
Eta azkenez adjektiboen arloan genero banaketa zelan egiten dan gogorarazo daigun.
Izan be, sartaldeko gure euskeran bereizkuntza markatzeko joera zorrotzagoa dago,
erdi eta ekialdeko hizkeretan baino eta. Euskal jatorriko izenlagun batzuetan be bai,
baina batez be maileguzkoetan, gaztelaniatik harturikoetan. Maileguok, zaharrak izanda
be, banaketa formalak dirau, eta eurekazko analogiaz amaiera bikotxa daukie euskal
etorkiko beste batzuk be. Adibide batzuk emotearren: gixajoaren lagun gixajea daukagu,
eta bide beretik koitadu–koitada, kokolo-kokola, lelo-lela, potolo-potola, mozolo-mozola,
txotxolo-txotxola eta errenkada luze bat.
Gradu-atzizki zahar bat be, -to / -(r,l)do femeninora hedatu da sartaldeko hizkeretan,
-ta/-da garatuaz. Halan daukaguz bajuto-bajuta, bizardo-bizarda, koipezto-koipezta,
ugerdo-ugerda… Danak be kualidade gozagarri bakoak. Bide beretik, urde edo zoro
hitzen ondoan, zoranga eta urdanga garatu dira. Eta atzizkia mailegu garbia danean,
-eru/-era erromantze-kalko garbia daukagu. Zesteru badaukagu gizonezkoentzako,
errekadera andrazkoentzako.
Labur esanda, arau nagusia generoa ez markatzea bada be, intzirrikatuak be izan dira
genero-aurkakotasuna morfologia bidez markatzeko, eta salbuetsion barri be emotea
izan da gure asmoa.
Iturriko