Download as pdf or txt
Download as pdf or txt
You are on page 1of 7

Historia2 · Testu iruzkina

13.TESTUA: CLARA CAMPOAMOR DIPUTATUAK GORTE


KONSTITUZIOGILEETAN EMANDAKO HITZALDIA (1931-09-01)

Utz iezaiozue emakumeari den bezalakoa agertzen, hura ezagutu eta epaitzeko;
errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (...) eta baldin eskubide
konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago
askatasunaren kontzeptutik, ez iezaguzue arrazoitzat aipa izaki desberdinen arteko
desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (...). Utz iezaiozue
emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda
ere, horrela bakarrik heziko baita hartan.
(...) Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, asko poztu nau
pentsatzeak mundu zibilizatuko orain arteko konstituziorik onena, libreena eta
aurreratuena izango dela. Eta pentsatu dut, halaber, Errepublika ezarri eta
hamabost egunera behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiaren menpe
egon garen aurreko hogei mendeek aitortu ez ziotena aitortuko diotela
emakumeari. Uste dut hau izango dela emakumearen [sufragio] eskubidea
onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzungo da latindar ganbera
batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren
haizeak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango
baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea (...). Eta honela
diotsuet, legegile jaunak: (...) ez ezazue onar beste latindar nazio batek, datozen
egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan
emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna.

Diario de Sesiones de las Cortes Constituyentes de la República Española; 1931ko irailaren 1eko saioa.

1
Historia2 · Testu iruzkina

CLARA CAMPOAMOR DIPUTATUAK GORTE KONSTITUZIOGILEETAN EMANDAKO HITZALDIA (1931-09-01)


Forma Edukia Iturria Egilea Hartzailea Data eta tokia
AURKEZPENA Parlamentu Politikoa eta Lehen mailako Clara Campoamor Zuzenean Diputatuen Kongresua, 1931·09·01 / Madril
diskurtsoa soziala historia iturria zeharka herri osoa II. Errepublika
– narratiboa- Korte Konstituziogileak
Helburua: Korte Konstituziogileek emakumearen boto eskubide (sufragioa) onartzea.

1. Emakumeen sufragioa eta emakumeen eskubideak defendatu zituen. Horretarako, honako argudio hau erabili zuen:
sufragioa eskubidea zen, emakumeek gizaki izateagatik berez zutena eta konstituzioak ziurtatu behar zuena.
ANALISIA

2. Aldarrikatu zuen Espainia izan behar zela lehen latin-herrialdea emakumeari botoa aitortzen.

Lehenik, azpimarratu behar da boto-eskubidea eta ezkontza-haustea (dibortzioa) lorpen handiak izan zirela emakumeentzat. Bigarren
Errepublikan lortu ziren. Alabaina, ez zuten larregi iraun: Gerra Zibilak eta 1939an ezarri zen diktadurak baliogabetu zituen. Trantsizio
ONDORIOAK garaian berreskuratu ziren.

Bigarrenik, argitu behar da Clara Campoamorren lanari esker lortu zirela une horretan (eta ez beranduago) emakumeen eskubideak.

2
Historia2 · Testu iruzkina

1. Identifikazioa

Clara Campoamor-ek Espainian eratu berri ziren Gorte Konstituziogileen aurrean eskaini zuen
hitzaldia aztertu da iruzkin honetan (1931-09-01). Testua kokatze aldera, izaeraren, edukiaren
eta formaren inguruko xehetasunak aipatu behar dira: testu historikoa da (lehen mailako
iturria), politiko-soziala (emakumearen egoera eta haren boto-eskubidea hartu zituen aintzat)
eta zirkunstantziala (diskurtso bat da, argudio-testua). Gainera, testu publikoa da (Espainiako
herritarrei zuzendutakoa, oroz gain, politikoei eta parlamentarioei). Hitzaldiaren helburu
nagusia zera izan zen: diputatuek emakumeen sufragioaren alde egin zezatela eta
emakumearen sufragioa onar zezatela. Horren haritik, Bigarren Errepublikako gizartean
emakumea nola bizi zen, eta zer leku eta zer garrantzi zeukan jarri zuen agerian.

Clara Campoamor izan zen diskurtsoaren egilea (Madril, 1888-Lausanne, 1972). Abokatua eta
politikari feminista entzutetsua izan zen, eta familia xume batean sortu zen, eta, ikasketak
utzita, hamaika lanetan jardun behar izan zuen. Horregatik lortu zuen 36 urterekin
legelari-agiria; urte horretantxe murgildu zen legelari-lanean. Adierazi behar da Clara
Campoamorrek, batik bat, emakumeen eskubideekin lotutako auzietan jardun zuela; hala,
emakumeen eskubideen babeslerik nagusienetarikoa izan zen, eta sufragio unibertsala bultzatu
zuen. Gainera, Auzitegi Gorenenean eta Militarrean aritu zen lehen emakumea izan zen.

Edozein modutan ere, lan politikoarengatik lortu zuen aintzatespen publikoa. Horiek horrela,
1931ko Gorte Konstituziogileetan Alderdi Erradikal Errepublikanoaren izenean eskuratu zuen
aulkia. Kontuan hartu behar da urte haietan emakumea izan zitekeela diputatu, baina ez
zeukala botorik emateko eskubiderik. Ildo horretatik, Gorteetan egindako lanari esker –esku
artean daukagun diskurtsoari esker– lortu zuen Gorteek emakumeen boto-eskubidea onartzea
(1931). Hala ere, alderdikideak aurka egon ziren, eta bakar-bakarrik jardun behar izan zuen
ekinaldi horretan. Ez zuen lortu eserlekuari eustea 1933ko hauteskundeetan; alderdia utzi
behar izan zuen. Nolanahi ere, beste zenbait kargu politiko bete zituen. 1936an
estatu-kolpearen ondoren, atzerrira egin behar izan zuen ihes, eta Lausanne-n hil zen 1972.
urtean. Gobernu frankistak ez zion baimenik eman Espainiara itzultzeko.

Ezin da ahaztu Clara Campoamorrek hitzaldia (1931-09-01) eman baino hilabete batzuk
lehenago Errepublika aldarrikatu zela Espainian eta monarkia erori zela (1931-04-14): Bigarren
Errepublika ezarri zen. Hala ere, errepublikanoen garaipena ez zen bat-batean etorri. Horren
haritik, hiru une eta egoera ekarri behar dira gogora:

1. Errepublikaren aurreko urteetatik zetozen monarkiaren krisia eta haren prestigioaren galera.
Aurreko egoerara itzultzen saiatu zen erregea, Primo de Riveraren diktadura eroritakoan. Hala
ere, ezin izan zuen ezer egin: garaiko gizartea, batez ere hirietan bizi zena, ez zen lehengoa, eta
ez zuen onartu jauntxokeriarik.

2. Errestaurazioari amaiera emanda, Errepublika ezarri nahi zutenek lan asko egin zuten
aurreko urteetan. Batetik, Errepublika aldarrikatzeko asmoarekin, Donostiako Ituna adostu
zuten alderdi errepublikanoek, sozialistek, eta Galizia eta Kataluniako nazionalista ezkertiarrek
(1930eko abuztua). Bestetik, Gobernua osatzeko, batzorde iraultzailea eratu zuten, eta Jaca-ko
altxaldi militarra prestatu zuten, nahiz eta porrot egin.

3. Udal-hauteskundeetarako deia egin zuen monarkiaren azken Gobernuak. 1931n egin ziren
udal-hauteskundeak, eta errepublikanoen eta sozialisten arteko koalizioa atera zen garaile hiri

3
Historia2 · Testu iruzkina

handienetan. Monarkiaren erreferendumtzat hartu zen emaitza hori, eta, horrenbestez, uko
egin zion erregetzari Alfontso XIII.ak (erbestera alde egin zuen). Hartara, behin-behineko
Gobernua eratu zen ezkertiarrekin eta errepublikanoekin: gobernu-era berria. Hartara,
Gobernua finkatzeko, konstituzio bat idazteko prozesua jarri zuen abian. Errepublika era
baketsuan eta jai-giroan ezarri zen, eta asko poztu zituen herritarrak.

2. Analisia

Clara Campoamorrek Espainiako Gorte Konstituziogile berriko diputatuen aurrean


eskainitako hitzaldiaren analisian, bi ideia nabarmendu behar dira:

1. Emakumeen sufragioa eta emakumeen eskubideak defendatu zituen. Horretarako, honako


argudio hau erabili zuen: sufragioa eskubidea zen, emakumeek gizaki izateagatik berez zutena
eta konstituzioak ziurtatu behar zuena. Haren hitzetan, 1931ko Konstituzioa zen onena,
libreena eta aurreratuena. Bidenabar, behin-behineko Gobernuaren erabakiak goraipatu
zituen: “Behin-behineko Gobernuaren Dekretuak monarkiako hogei mendeetan aitortu ez
zaiona aitortuko dio emakumeari, Errepublika ezarri eta hamabost egunetan”.

2. Aldarrikatu zuen Espainia izan zela lehen latin-herrialdea emakumeari botoa aitortzen.
Bihotzetaraino iritsi nahi izan zuen baieztapen horrekin. Legebiltzarkideei hauxe eskatu zien:
“Ez ezazue onartu beste latin-nazio batek datozen egunetan guk baino lehenago ezartzea
konstituzioaren barruan emakumearen askatasuna, zuen kideen askatasuna”.

3. Testuingurua

Testuinguru historikoari begira jarrita, oso aintzat hartu behar da garai horretan II. Errepublika
zegoela indarrean Espainian; alegia, Donostiako Itunaren, 1930, bidez sortutako
iraultza-batzordeak eratu zuen behin-behineko Gobernua. Niceto Alcalá-Zamora izan zen
presidentea. Esan behar da Errepublikaren alde egin zuten alderdi politiko guztiek izan zutela
ordezkaria gobernu horretan: Alcalá-Zamora eta Maura, eskuin errepublikanoak; Lerroux eta
Martinez Barrio, Alderdi Erradikalekoak; Azaña eta Marcelino Domingo, Ezkerreko Alderdi
Errepublikanokoak; Fernando de los Ríos, Indalecio Prieto eta Largo Caballero, Alderdi
Sozialistakoak (PSOE); Santiago Casares Quiroga, errepublikano galiziarra (ORGA); eta Nicolau
d´Olwer, errepublikano katalana. Erdiko klaseen, behe-burgesiaren eta ideia sozialistadun
langileen ordezkariak ziren alderdi horiek guztiak. Ez zegoen, aitzitik, ez komunistarik, ez
anarkistarik.

Behin-behineko Gobernuak bi erabaki hartu zituen: batetik, hainbat erreforma bultzatu zituen
Espainiak aspalditik zituen egitura-arazoak konpontzeko; bestetik, Gorte Konstituziogileak
aukeratzeko hauteskundeak deitu zituen. Gogoratu behar da Clara Campoamorrek Gorte
Konstituziogile horietan egin zuela iruzkin honetan aztertzen ari garen hitzaldia. Halaber,
Gobernuak Dekretua eman zuen aurreko hauteskunde-legea aldatzeko eta jauntxokeria
ezeztatzeko. Aipatu behar da koalizio eta alderdi handiak mesedetu zituela lege berri horrek.
Hala, hauteskundeak deitu zituen 1931ko ekainaren 28rako, Gorte Ganbera bakarra
aukeratzeko. Espainiako lehen hauteskunde askeak eta garbiak izan ziren, eta % 70,14ko
parte-hartzea egon zen; hau da, Espainian inoiz izandako parte-hartzerik handiena.

Guztira, 468 diputatu aukeratu ziren, eta, horien artean, hiru emakume zeuden: Clara
Campoamor ( Alderdi Erradikalekoa) Victoria Kent ( Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialista)
eta Margarita Nielken ( PSOE), azken hau ordea, abenduan iritsi zen Kongresura. Gogoratu
behar da gizonezkoen sufragio unibertsala zegoela; emakumeek ezin zuten botorik eman, baina

4
Historia2 · Testu iruzkina

eskubidea zuten diputatu izateko aukera zitzaten. Errepublikanoen eta sozialisten arteko
batasunak gehiengo handia lortu zuen probintziarik gehienetan (botoen % 90 inguru).
Ezkerrerantz egin zuen Gorte Ganberak, bada, eta bi alderdi baino ez ziren nabarmendu:
Alderdi Sozialista (116 diputatu) eta Alderdi Errepublikano Erradikala (90 diputatu).
Errepublikaren aurkako eskuineko alderdi kontserbadoreak gaizki antolatu ziren, zatituta
aurkeztu ziren, eta, ondorioz, gutxiengo txikia lortu zuten. Komeni da aipatzea Gorte
Ganberaren ordezkaritza ez zetorrela bat populazioaren benetako pentsamoldearekin¬.
Bestalde, ezin da aipatu gabe utzi nazionalistek eta tradizionalistek irabazi zutela euskal
probintzietan eta Nafarroan.

Gorte Konstituziogileek Espainiaren historiako lehen konstituzio errepublikanoa idatzi


zuten, eta onartu zuten. Oso konstituzio aurrerakoia eta demokratikoa izan zen. Honako
hastapen (printzipio) hauek jaso zituen:

a. Nazioa burujabea zen

Halaxe definitu zen Espainia: “Mota guztietako langileak dituen Errepublika da, probintziekin
eta autonomiekin”.

b. Botere-banaketa ezarri zen (hiru botere):

b.1. Botere legegilea

Gorteen eskumena zen (Diputatuen Kongresua). Ganbera bakarrarekin osatu ziren Gorteak.

b.2. Botere exekutiboa

Errepublikako presidentearen (6 urte) eta Ministroen Kontseiluaren eskumena zen.

b.3. Zuzenbide-boterea

Auzitegi askeak (burujabeak) egituratu ziren.

c. Banandu egin ziren Eliza eta Estatua

Estatu laikoa onartu zen, eta, ildo horretatik, zenbait neurri hartu ziren: Elizari emandako
diru-laguntza kendu zen; Estatuaren esku utzi zen hezkuntza; Elizaren ondasunak nazionalizatu
ziren; erlijio-ordena batzuk desegin ziren; ezkontza zibila eta ezkontza-haustea (dibortzioa)
onartu ziren, eta hilerriak sekularizatu ziren.

d. Estatua bateratzailea zen

Nazio bakarra ezarri nahi izan zen. Hala ere, aukera zabalik utzi zen, eskualde batzuetan
autonomia ezar zedin.

e. Norbanakoaren eskubideak aldarrikatu ziren

Giza eskubideen aldarrikapen zabala jaso zen: berdintasun juridikoa, hezkuntza eta lanerako
eskubide-berdintasuna, erlijio-askatasuna eta adierazteko, biltzeko eta elkartzeko eskubidea…

f. Gizarte-aurrerapen garrantzitsuak jaso zituen

Gizarte-eskubideen aldarrikapen askori egin zien lekua: ezkontza-hausteari, emakumearen


botoari, ekoizpenaren jabetza pribatuaren mugari –nahitaezko desjabetzea–.

5
Historia2 · Testu iruzkina

Alabaina, ez zen egon erabateko adostasunik diputatuen artean, eta oso eztabaida
gogorrak piztu ziren. Halatan, eztabaidarik gogorrenak, sutsuenak eta bizienak honako gai
hauen inguruan sortu ziren:

1. Erlijioa

Eztabaida ugari piztu zen Elizaren eta Estatuaren arteko harremana nolakoa izan behar zen
erabakitzeko orduan. Lege berrian, besteak beste, bereizita agertu ziren aginte zibila eta
Elizaren agintea, bermatu egin zen gurtza-askatasuna, desegin egin ziren erlijio-ordenak eta
indargabetu egin zen kleroaren aurrekontua. Ondorioz, behin-behineko Gobernua lehenengo
krisian murgildu zen: eskuineko diputatuek, protestatzeko, Gorteak utzi zituzten, eta dimititu
egin zuten Alcalá-Zamora presidenteak eta Maurak. Orduan, Manuel Azañak, intelektual eta
idazle bikainak, hartu zuen presidentzia Alcalá-Zamora itzuli zen arte.

2. Estatuaren lurraldearen antolamendua

Gobernuak estatu zentral indartsua eratu zuen, estatu federalaren eta estatu unitarioaren
tarteko konpromisoa ezarri nahi izan zuelako. Eskualdeetako arazoak konpontzeko, berriz,
autonomia-estatutuak eratzea onartu zuen; halatan, Estatuaren eta autonomia-eskualdeen
artean geratu ziren banatuta eskumenak. Dena den, Estatua zen nagusi.

3. Emakumearen botoa

Emakumeak botoa emateko eskubidea edukitzea oso herrialde gutxitan zegoen onartuta XX.
mendearen hasieran Europan. Herrialde anglosaxoietan, esaterako, XIX. mendeko azken
herenean eratu zen mugimendu sufragista emakumeentzako botoa eskatzeko. Londresen,
Emmeline Pankhurst izeneko emakumea izan zen ekintzaile buruargienetako bat, eta Women´s
Social and Political Union (WSPU) sortu zuen 1903an, beste ekintzaile batzuekin elkarlanean.
Emakumeak boto-eskubidea lortzearen aldeko borroka bideratu nahi izan zuten. Haren (haien)
borroka sutsuari esker, 1918. urtean lortu zuten boto-eskubidea, bai emakume ezkonduek, bai
unibertsitateko ikasleek, bai 30 urtetik gorako emakumeek. 1928. urtean hedatu zen emakume
guztiengana –adinez nagusiagoengana–. Bestalde, Finlandia izan zen 1906an lehen herrialde
europarra aukera eskaintzen emakumeei hautesle eta hautagai izan zitezen. Gero etorri ziren
Norvegia (1913), Danimarka (1915) eta Alemania (1918). Estatu Batuetan, sufragistek
emakume britainiarren borroka hartu zuten eredu, eta ekintza ikusgarriak antolatu zituzten.
1920. urtean lortu zuten boto-eskubidea, Kanadako emakume ingeles hiztunekin batera. Beste
hainbat eta hainbat herrialdek beranduago hartu zuten boto-eskubidearen bidea, alegia, XX.
mendea aurrera zihoala. Alabaina, Clara Campoamorrek salatu zuen moduan, herrialde horien
artean ez zen egon latin-herrialderik. Herrialdeen zerrenda.

Aipatu behar da Konstituzio Errepublikanoaren 34. artikuluaren inguruan gorpuztu zuela


hitzaldia Clara Campoamorrek, hots, emakumeen boto-eskubidea lehenengo aldiz arautzen
zuen artikuluaren inguruan. Garrantzi handiko hitzaldia izan zen, batez ere emakumeen
eskubideen aldarrikapenean izandako itzalarengatik: emakumeen boto-eskubidearen
aurreproiektua onartzea lortu zuen Clara Campoamorrek. Alabaina, botoa eman aurretik, ondo
defendatu behar izan zuen diputatuak konbentzitzeko. Defentsa horretan, haren ahotsa
entzun zen gehien, Gorteetako gainontzeko emakumeek – Victoria Kent, Margarita Nelken–
bestelako jarrera agertu zuten eta. Bi emakume diputatuok ezkertiarrak ziren, eta
boto-eskubidearen alde zeuden, baina urte batzuk atzeratu behar zela aldeztu zuten. Haien
iritzian, ez zen boto-eskubidea ezartzeko unerik egokiena, emakumea Elizaren esanetara
zegoelako eta ez zuelako prestakuntza politikorik. Izan ere, beldurrez zeuden, behin

6
Historia2 · Testu iruzkina

boto-eskubidea aitortuta, emakumeak ez ote ziren eskuinekoen alde jarriko eta Errepublikaren
aurka. Clara Campoamorrek, haatik, ez zuen horrelako argudiorik onartu: haren esanetan,
boto-eskubidea emakumearen berezko eskubidea zen, eta inork ezin zion ukatu; are gutxiago
botoaren norabideak.

Asko eztabaidatu eta gero, azkenean onartu zen emakumearen boto-eskubidea, eta 1931ko
Konstituzioan txertatu zen: aldeko 161 boto lortu zituen –sozialistak (Indalecio Prietok gela utzi
zuen) eta errepublikanoak (Nekazarien Alderdia, Errepublikano Kontserbadoreak)–; aurkako
botoak, berriz, 121 izan ziren (Errepublikano Erradikalak –Campoamorren alderdikide
erradikalak–, Ekintza Errepublikanoa –Azaña–). Komeni da aipatzea diputatu askok,
protestatzeko, utzi egin zutela Ganbera botoa eman aurretik.

4. Garrantzia

Bukatzeko, C. Campoamorren hitzaldiaren garrantzia nabarmendu behar da. Lehenik,


azpimarratu behar da boto-eskubidea eta ezkontza-haustea (dibortzioa)
lorpen handiak izan zirela emakumeentzat. Bigarren Errepublikan lortu ziren. Alabaina, ez zuten
larregi iraun: Gerra Zibilak eta 1939an ezarri zen diktadurak baliogabetu zituen. Emakumeen
eskubideak lortzeko, beste 40 urte itxaron behar izan zen: borroka luzea eta zaila izan zen, bai
Espainian, bai beste zenbait lurraldetan. Alegia, XIX. mendean hasi zen baina XX. mendera arte
iraun zuen. Eskubide politikoak aitortu zitzaien emakumeei, eta, bada, gaur egun
administrazioan, erakundeetan… jardun dezakete; hots, ordura arte gizonezkoenak izan ziren
esparruetan.
Bigarrenik, argitu behar da Clara Campoamorren lanari esker lortu zirela une horretan (eta ez
beranduago) emakumeen eskubideak. Asko samurtu zuten bidea, bai haren hitzaldiak, bai
haren esku-hartzeak politikan. Izan ere, litekeena zen aldekoek ere boto-eskubidearen aurkako
botoa eman izana, “egokitasun politiko ezaren” argudioagatik. Bukatzeko, nola ez aipatu Clara
Campoamorrek hasitako borrokari jarraipena eman zioten hainbat eta hainbat emakumeren
izena (eta lana): Matilde Huici, Benita Asas Manterola, Carmen Burgos, Maria de Maeztu...
Dibortzioa ez zen berriro legeztatu 1981 arte.

You might also like